Readmill irakurgailu soziala, Android sistemetan ere bai

Aitor Aretxaga / 2013-10-09 / 276 hitz

Gizakia animalia soziala dela esaten da, eta horrela frogatzen dute erabiltzaileek behin eta berriro. Telefonoetarako Readmill liburu digitalen irakurgailuaren berezitasuna horretan datza, eta hortik ere bere arrakasta. Ohiko klixeak alboratu, eta irakurketa esperientzia soziala bihurtzen da horrela, azpimarratuak partekatu, lekuan lekuko iruzkinak egin, edota gomendioak egiteko aukerekin.

Sinplea da: posta elektronikoa edo Facebook kontuaren bidez erregistratu, eta jarraian, irakurtzen den liburu bakoitza norbere profilean erakusten has daiteke. Nabarmendu nahi diren testu zatiak ere azpimarratu, eta Twitter edo Facebook-era bidaltzea dago; deigarria egiten den pasarte hori lagun artean goraipatzeko.

Liburuak eskuratzeko bi era

Liburuak eskuratzeko lehen bidea aplikazioak daukan irakurketa klasikoen datu base erraldoian bilatzea bada ere, norberak lokalean dituen liburu digitalak kargatzerik ere badago, Readmill-en webera bidalita: https://readmill.com/library. PDF eta ePub formatuak onartzen dituela jakinda, beste behin ere hodeia baliatuko da bakoitzaren liburutegia osatzeko, eta ondoren, aplikazioa dagoen iPad edota telefonoetan aldi berean agertzeko.

DRM daramaten liburuak edo gabekoak —alderik gabe— igo daitezke; kopiaren kontrako neurrien edo DRM berri ez dutenek: http://zibergela.bitarlan.net/2013/06/20/kopiaren-kontrako-neurriak/.

Gaian adituek ez direnek jakin dezatela P2P teknologiak erabiliz liburu trukerako bilguneak daudela amaraunean. http://epubgratis.me/ gunea horietako bat da, eta bertan, bakoitzarenak partekatu daitezke, edo berriak jaso. Era berean, liburuen banaketa etxeak dagoeneko hasi dira sartzen estekak haien atarietan, erositako liburuak Readmill aplikazioan zuzenean sinkronizatzeko.

Telefonotik gehiago irakurtzen da tabletatik baino

Irailera arte Apple gailuetarako bakarrik zegoen eskuragarri Readmill. Arduradunak komunitatearen etorrera ona aintzat hartu, eta beste plataformetara hedatzeko merkatu analisian ohartu ziren jendeak telefonoak erabiltzen dituela irakurtzeko, eta ez tabletak. Ondorioz, irailaren 18an kaleratu zuten bertsioa Android euskarria duen telefonoetarako dago bakarrik eskuragarri. Bibliofilo berrien aplikazio estimatuena dena App Store-n aurkitu daiteke iPhone nahiz iPad-entzat, baina Google Play dendan, sakelakoentzat soilik aurki daiteke.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.