Saioa Lopez, genetikako ikerlaria: «Eremu geografikoak azaleko minbiziaren sorrera eragin dezake»

Lander Muñagorri Garmendia / 2013-10-15 / 731 hitz

Europan azal argia orain dela 50.000 urte inguru azaldu zela ebatzi du EHUko ikerlari talde batek. Afrikan baino irradiazio ultramore txikiagoa izateak azalaren kolorea bera zuritzea ahalbidetu zuen.

Hiru urte joan dira EHUko genetika sailean Europa hegoaldean azal argia zergatik dagoen ikertzen hasi zirenetik. Saioa Lopez (Bilbo, 1986) izan da arloko ikerlari nagusia, eta argitaratu berri duten azterlana Molecular Biology and Evolution aldizkari ezagunean argitaratu dute. Azaldu duenez, azal ilunagoa izatea, eta ilearen kolore bat edo beste bat izatea, hein handi batean, MC1R geneak zehazten du. Gene hori Eurasiako biztanleengan askotarikoagoa da, afrikarrengan baino. «Azalaren kolorea zein den zehazteko garaian zein oinarri genetiko dauden ikusi gura izan dugu».

Azal argiaren inguruan ikerketa bat hasiagatik, arraroa al da Europa hegoaldean halakoa edukitzea?

Ez da arraroa, ez. Ikerketarekin ikusi nahi izan dugu ea zein mekanismo genetiko daukagun azal zuria edukitzeko. Horretarako, geneak ikertu ditugu, azalaren pigmentatzearekin zerikusia duelako. Baina zein genek eragiten du? MC1Rk. Gene horrek mintzean dagoen hartzaile bat kodifikatzen du, melanozitosa [melanina sortzen duten zelulak dira, eta azalaren, ilearen edo begien kolorea zehazten dute]. MC1R geneak, beraz, pigmentu bat edo bestea sistematizatzea dakar. Eta horrek zehazten du ilearen edo azalaren kolorea.

Zergatik daukagu hemen azal zuria? Izan ere, Afrika eta Europa gertu daude, baina bietan azalak oso ezberdinak dira.

Lehen gizakiak Afrikan azaldu ziren, eta azal iluna zeukaten. Euren giroan irrada ultramorea oso indartsua zen, eta, horri aurre egiteko, babesa behar zuten eguzki erretasunak edo minbiziak ekiditeko. Beraz, azal iluna zeukaten. Baina duela 50.000 urte inguru, gizaki horiek beste kontinenteetara emigratu zuten, eta, han beste giro bat zegoenez, irradiazioa txikiagoa zen. Egoera horretan, azal argiagoa behar zuten, irradiazio ultramorea beharrezkoa delako D bitamina sintetizatzeko. Bitamina horrek eskeletoaren hazkundean eragiten du, edo kaltzioa hezurretara bideratzen. Beraz, irradiazio txikiagoko egoeran azal argiagoa behar zuten, izpi ultramorea azalean sartzeko eta bitamina hori sortzeko. Horrek abantaila bat sortu zuen, eta mutazioa eragin.

Lekuaren araberako egokitzapen bat da, beraz.

Bai, hala da. Afrika iparraldean, esaterako, erdialdean baino argiagoak dira. Horrez gain, Espainia barruan ere —probintzia askotako jendea aztertu dugu ikerketan— ikusi dugu mutazio horren aldaera asko daudela. Iparraldearen eta hegoaldearen artean aldaketa handia dago. Iparraldean irradiazio ultramorea txikiagoa da, eta mutazio horren indar handiagoa daukate.

Orduan, Europa barruan ere aldaera askotarikoak daude.

Europako herritarren azalaren despigmentazioan, gene askok parte hartu dute, ez soilik MC1Rk. Haren barruan mutazio gehiago daude, eta, horren arabera, azal argiagoa sor daiteke. Ikusi dugunez, mutazio guztietatik, berezko hautaketan bakarra ateratzen da irabazten. Mutazio gehiagok ere sortzen dute despigmentazioa, baina beltzarantzeko gaitasuna galtzen da. Hor sartzen dira, esaterako, ingelesak edo herbeheretarrak. Hemengo hondartzetan ikusten da asko erretzen direla, eta babesgarria emanda ere ez direla beltzaran jartzen; hori euren mutazioagatik da. Gure genearen mutazioa ezberdina da. Azaleko pigmentazioa galtzen dugun arren, beltzarantzeko aukera ematen digu, eta horregatik hautatu dugu.

Arriskuak ere baditu azal zuria izateak, ala?

Bai. Mutazio gisa ona den arren, kaltea ere eragiten du. Zahartzaroan melanoma [azaleko minbizia] izateko aukera hazten du. Arraroa dirudi berezko hautaketak azaleko minbizi kaltegarriena eragiten duen mutazio bat aukeratzea, baina ugaltzeko gaitasuna galtzen denean azaltzen da melanoma etapa, hau da, helduak garenean. Beraz, eboluzioaren ikuspegitik begiratuz gero, ez dauka garrantzirik ugalkortasuna galdu ondoren gaixotasuna azaltzea. Beraz, esan daiteke melanoma D bitaminaren albo kalte bat dela. Alde on ugari ditu, ordea: hezurdura hobea daukagu, eta mineralizazio egokiagoa. Baina minbizia ere izan dezakegu.

Eremu geografikoaren arabera, minbizia kasu gehiago agertzen al da?

Bai, melanoma azaltzeko faktore ugari daude, baina MC1R genea melanomaren gaitzikortasunarekin lotuta dago zuzenean. Beraz, mutazio horren presentzia handiena daukatenak, hau da, V60Lren frekuentzia handiagoa dutenak eguzkiarekiko minberagoak dira. Hau da, Europa iparraldeko biztanleak. Beraz, eremu geografikoak azaleko minbiziaren sorreran eragin dezake. Horri aurre egiteko, kausak iker daitezke, melanoma garatzeko prebentzio neurriak txertatzeko.

Horrekin zer esan nahi duzu, kasu askotan ez garela jakitun zein arrisku daukagun?

Hala da. Herrialde guztietan melanomaren eragina leku guztietan ari da hazten, baina gehienbat portaera okerrengatik. Melanomak bi jatorri ditu. Batetik, joera genetikoa, horretarako joera daukagulako, baina, bestetik, ingurugiroarekiko eraginagatik ateratzen da. Hau da, eguzkia babesik gabe hartzearen eta erreduren ondorioz.

Gehiago bidaiatzeko aukera daukagunetik, Europa iparraldeko biztanleek gehiago sufritzen dute azalarekin?

Bai. Gero eta iparralderago joan, orduan eta azal argiagoa daukate, eta, irradiazio handiko lekuetara joaten direnean, minbizia sortzeko aukera handia da. Kasu horretan jartzen den adibide nagusia Australiakoa da. Azaleko minbizi gehien sortzen lekua da. Gehienak ingelesak dira, eta, hango klima ezberdina denez, han azaltzen dira minbizia kasu gehien. Edozein modutan, espezieak prezio horixe ordaindu behar du bizirik iraungo badu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.