Uxue Alberdi, idazlea: «Kanpoko presioetatik askatzean lortu dut idaztea»

Juan Luis Zabala / 2013-10-29 / 1.399 hitz

Helduen literaturan hirugarren liburua du ‘Euli-giro’ Uxue Alberdik, sentsazioekin, emozioekin eta gorputzarekin estu lotutako bederatzi narraziok osatua.

Idatzi beharra duen bertsolaria da Uxue Alberdi (Elgoibar, Gipuzkoa, 1984); edo bertsolari ere izan nahi duen —eta horretarako ere ahala duen— idazlea. Kanpoko presioetatik askatuta, inork berarengandik ezer espero ez zuela pentsatzeak emandako askatasunetik, bere baitako alderdirik ilunenari irtenbide literario bat eman dio Euli-giro liburuko (Susa) bederatzi ipuinetan.

Izenburuak iradokitzen duen bezala, Euli-giro-ko ipuin guztietako giroan ezinegona eta tentsioa da nagusi, kezka bat dago beti, iluntasun bat… Zerk eraman zaitu horrelako ipuinak idaztera?

Ez naiz horren bila joan. Ez behintzat hasieran. Nik uste dut neure baitan badaukadala alderdi ilun bat, aurretik idatzia nuen literaturan agertu ez nuena. Nire izaeraren parte bat inoiz literaturara eraman gabe neukala sumatzen nuen. Ipuin hauetan nik une jakin batzuetan sentitutakoetatik abiatu naiz. Ez naiz etengabe euli-giro batean bizi, baina beti izan naiz oso sentibera, gauzek asko eragiten didate, badut batzuetan ukitu obsesibo bat… euliekin nahasteko joera bat. Liburuaren aurkezpenean esan nuen pertsona batzuek euliak akabatu egiten dituztela, beste batzuk haiek uxatzen saiatzen direla eta badirela eulien aurrean errenditu eta haiekin bizitzen ikasten dutenak. Uste dut ni bigarren taldekoa naizela, etengabe euliak uxatu nahian borrokan aritu bai, baina ezer behin betikorik egiten ez dutenen taldekoa.

Eta zeure baitako ezinegon hori islatu duzu ipuinetan.

Liburuko pertsonaia asko daude kinka horretan. Ez dira konformatzen inguruko errealitatearekin, baina ez dute biltzen ausardiarik kolpe bat eman eta esateko: «Akabo euliak eta gerta dadila gertatu behar duena!». Bestetik, ipuinetako batzuk asko hurbiltzen dira errealismo magikora edo surrealismora, eta literatura mota hori oso gustukoa dut.

Lehen ipuinean —Dena ez dago gure esku—, badira Julio Cortazarren Casa tomada ipuinetik ia-ia zuzenean hartutako elementu batzuk.

Ipuin hori Julio Cortazarren Casa tomada-ren bertsio bat da, edo izan daiteke, baina baita Samanta Schweblinen En la estepa-rena ere. Nik neure istorioa kontatzen dut, baina bi ipuin horiek ere barruan daude. Casa tomada da nire ipuin kutunenetako bat. Buruan neukan ume bat izan nahi duen bikote baten istorioa, eta bi ipuin horietako elementuak uztartzea bururatu zitzaidan. Schweblinen literatura oso maitea dut. Haren ipuinetan nireetan baino askoz ere ezinegon handiagoa dago. Oso surrealistak dira, baina niri oso terrenalak egiten zaizkit, oso ezagunak agertzen dituen emozioak eta egoerak. Nire erreferenteetako bat izan da.

Cortazar, Schweblin… Zein gehiago dago liburuan?

Azkenaldian asko irakurri dut Alice Munro. Jenio bat iruditzen zait. Trebetasun handia du narrazioak osatzeko. Irene Nemirovskyren ipuinak ere landu ditugu irakurle taldean… Gustatzen zaidan literatura mota baten adierazleak dira idazle horiek. Nik uste dut liburu hau idatzi arte nire alderdi horri ez diodala utzi ateratzen. Argazki gehienetan irribarrez agertzen naiz. Esango nuke munduari erakusten diodan aurpegia badela irribarre bat, eta orain arteko nire literaturan ere ikusten zela irribarre bat. Nire aurpegi serio edo ilunagoari halako erreparo edo beldur bat diodala uste dut, baina literaturaren bidez horren printza batzuk behintzat agertu dira oraingoan.

Aurreko ipuin liburuko ipuinak, Aulki bat elurretan-ekoak, irudietatik abiatuta idatzi zenituela esan duzu; Euli-giro-koak, berriz, sentsazioetatik abiatuta. Zergatik?

Ni gerora konturatu naiz horretaz, baina Aulki bat elurretan idatzi nuenean ikaragarrizko gogoa neukan idazteko; probatzekoa, lan egitekoa. Suedian bizi nintzen, nire bizitzako oso une zoriontsu batean nengoen, etengabe gauzak deskubritzen… Dena zen berria. Ikusten nituen irudiak, ikusten nituen eszenak, eta hortik abiatuta ariketa literarioak egiten nituen. Batzuetan emozioetara ere iristen nintzen, jakina, baina ez zegoen premia bat, nire betiko idazteko gogoari aterabide bat emateko premiatik aparte. Kanpoan zegoen horrek, bizitzak berak, liluratutako 20 urteko gazte bat nintzen, eta hortik abiatuta idazten nuen.

Euli-giro-ko ipuinak lotuagoak daude, berriz, idazlearen barruarekin eta premiekin?

Kanpoko presioetatik askatzean lortu dut idaztea. Aulki jokoa idatzi eta gero, ondorengo bi urteetan, ezin izan nuen ezer idatzi. Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia ere urte berean izan zen, 2009an. Garai hartan oso kanpora begira sentitzen nuen neure burua, oso Uxue Alberdi, eta horrek blokeatu egin ninduen. Haurdunaldia eta erditzea etorri ziren ondoren. Haurdunaldian enkarguzko lan pila bati ezezkoa eman nion, uste dut aitzakia moduan erabili nuela horretarako. Nik neure buruarekin egon nahi nuen, neure baitan. Eta erditu nintzenean uste dut neure buruari esaten niola ja ez zuela inork ezer handirik espero niregandik, ama izateaz aparte; eta horrek izugarrizko askatasuna eman zidan. Orduan hasi nintzen arratsaldero bi ordu hartzen idazteko; eta gero, hiru. Euli-giro arratsaldeko ordu horietan idatzia da.

Sentsazioetatik abiatuta.

Konturatu nintzen idatzi gabe egon nintzen urte horietan sentsazio pila bat izan nituela, eta horietako asko gorputzari oso lotuak. Aurreko urteetako kanpora begira egote hartan neure baitatik, neure gorputzetik, oso deskonektatuta egon nintzela uste dut, eta haurdunaldiak eta erditzeak erakutsi zidaten gorputzak nolako papera daukan egiten dugun guztian. Nire gorputzetik eta nire sentsazioetatik abiatuta eta gaiari buruz inguruko emakume askorekin hitz eginda, haien sentsazioen berri jasota, botere harremanak gorputzaren bitartez ezartzeko moduaz pentsatzen hasi nintzen, subordinazioaz…

Eta horrek guztiak bere isla du, jakina, Euli-giro-ko ipuinetan.

Opariak ipuinean, adibidez, ama izateari buruzko gogoeta bat dago: familia batean gorputz emea batengandik zer espero den, eta haurdun dagoen gorputz horrek nola sentitzen dituen beste emakume batzuk. Oreina ipuinean hiltzen ari den emakume zahar baten gorputza dago, eta haren ondoan 15 edo 16 bat urteko neska gazte batena, pizten ari dena… Gorputza oso presente dago liburuko ipuinetan. Lander Garrok azalerako egin duen argazkiko emakumeak burua estaltzen du eta gorputza erakutsi. Baina nire helburua ez da izan gorputza modu jakin batean tratatzea, ahalik eta ipuinik onenak idaztea baizik. Nik horrela bizi dudalako atera da horrela, hori delako nik neure inguruko gorputzen arteko harremanei ematen diedan begirada.

Bertsolaritzaren ikuspegitik ere egin duzue batzuek, edo egiten ari zarete, gaiari buruzko gogoetarik.

Bertsolaritzan, plazan aritu zen lehenengo emakume belaunaldiak gorputza estali zuela esaten dugu, gizonezkoekin intelektotik bakarrik lehiatu behar izateko eta genero dikotomian dauden aldeak txikiagoak izan zitezen. Baina horrek emakumezko horien gorputzak, emozioak, desirak, sexualitatea bertsotan ez agertzea izan zuen ondorio. Horri drag queen-en belaunaldia deitzen diogu. Ondoren, beste belaunaldi bat dator, gurea izan daitekeena, panpinena deitzen duguna. Belaunaldi horrekin hasten dira gona motzak, izterrak, eskoteak, ile luzeak, makillajea, takoiak, ahots goxoak, jarrera atsegin eta panpinagoak… Feminitate markatzat hartzen direnak.

Belaunaldi horrekin emakumeen gorputzak presentzia hartu du, beraz, oholtzan.

Horrek baditu alde onak, baina genero dikotomiarekin aurrez aurre egiten dugu topo. Eta panpinei gertatzen zaie —gertatzen zaigu— bertso saiorik gehienetan gure gorputza, gure itxura eta gure neska izatea bihurtzen dela gai. Horrek leku asko kentzen digu beste ezeri buruz aritzeko.

Elkarrizketaren ardatza liburua izan arren, bertsolaritza ere agertu da. Badira literatura idatzi duten bertsolariak: Andoni Egaña, Unai Iturriaga, Jon Maia, Igor Elortza, Jon Martin …; Xabier Amurizak bertsolaritza utzi du —edo gutxienez jarduna asko murriztu—, literatura idazteko lanean murgiltzeko. Zu bietan bete-betean ari zara.

Egia da ez dela erraza jardun bakoitzean eta garai bakoitzean zure lekua topatzea. Nik, adibidez, txapelketetara ez aurkezteko erabakia hartu dut, horrek asko blokeatzen ninduelako eta oso kanpora begira jartzen ninduelako. Nahiago dut nire erritmoari kasu egin. Baina gainerakoan oso gustura nabil bietan. Oso jardun ezberdinak dira biak; burua, gorputza eta dena oso diferente sentitzen ditut batean eta bestean. Baina oraingoz bietan jarraitzeko asmoa daukat. Aste barruan gehiago naiz idazle bertsolari baino; asteburuan alderantziz. Eta urtaroei begiratuz gero, udan bertsolari eta neguan idazle.

Helduen literaturaren arloan hirugarren liburua duzu Euli-giro. Zer iritzi duzu euskal literaturaren munduan orain artean egin dizun harreraz?

Bertsolaritzan familia bat dago. Literaturan, berriz, familia asko daude, eta uste dut, normala denez, familia batzuek hobeto onartzen nautela beste batzuek baino. Iruditzen zait lehen aipatu dudan kanpora begira horretatik askatzeko modua dela besteen onarpenaren zain ez egotea. Nik literaturan ofiziokide asko lagun sentitzen ditut. Adibidez, Kafkaren aulkia errezitaldietan parte hartuko duten idazle guztiak laguntzat dauzkat, eta idazleen artean oso eroso sentitzen naiz. Nire literaturari ematen zaion onarpenaz… ez dakit zer esan. Nik ere ez dakit zein den merezi duena. Oraingoz gustura nago jasotako erantzunarekin. Nahi dudana libreki egiteko aukera dudala sentitzen dut, argitaratzeko ez dut arazorik izan eta irakurleen erantzuna sumatzen dut.

Euli-giro-ko Distopia literarioak ipuinean, pertsonaia batek esaten dio beste bati: «Gosea, bakardadea, sumina! Horra hor literaturaren hiru zutabe behinenak!». Justu kontrakoa da bertsolaritza batzuetan: asea, lagunartea eta giro ona.

Nik uste dut ipuin horretan barre egiten zaiola literatura handiari begiratzeko modu bati, «benetako idazle» izateko nolakoa izan behar den eta hori guztia…Dena den, egiatik ere badu esaldiak. Egoera ekonomikoaren arabera, aldatu egiten da idazteko modua, eta egoera ekonomiko deseroso batean dagoen idazleak idatzitako liburuak badauka bere marka. Bakardadearena ere argi dago. Eta suminari dagokionez, niri gustatzen zait suminez idazten duten idazleen obrak irakurtzea. Neurri batean egia dela uste dut, beraz, baina ez diot opa ez neure buruari eta ez inguruko inongo idazleri etengabe gosean, bakardadean eta suminean bizitzea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.