Zirrara gehiago

Imanol Mercero / 2013-10-06 / 174 hitz

  • Izenburua: Plisti-plasta!
  • Idazlea eta ilustratzailea: Emile Jadoul
  • Itzultzailea: Saretik
  • Argitaletxea: Ibaizabal

Txikienentzako pentsatutako Zirrarak bilduman lau ale berri kaleratu dituzte, bosgarrenetik zortzigarrenera egiten dutenak. Bildumako guztiak Emile Jadoulen sinadurarekin datoz eta denak logika eta molde beraren aldaerak dira. Liburuek tapa gogorra daukate, tamaina txikia (16X19 cm), orri lodi-sendoak, ezustekoa ezkutatzen duten hegalak eta zazpina orri.

Errepikapenean oinarritzen den egitura daukate, sei aldiz antzeko galdera egin eta zazpigarrenak kontaketari logika eta lotura ematen dion azken galdera-ezustekoa dakar. Protagonistak animaliak dira. Era berean ukitzera gonbidatzen duten azalera bereziko zatiak daude: leunak, iletsuak, itsaskorrak,…

Testua letra larriz idatzita dago, euskara garbi eta ulerkorrean. Eta aurreko aleetan bezala animalien izenak bitxikeriaren atal berezi bat osatzen dute: Bargota foka, Erbera zebra… Aurreko liburuetako izenak mantendu dira eta gaitz erdi: Txutxi untxia, Pitxi astoa,…

Nabarmendu dugun Plisti-plasta Txanogorritxoren aldaera baten bertsio librea da eta, hain zuzen, aldaera horren albuma Kalandrakak argitaratu zuen 2000. urtean Osaba otso izenburuarekin. Funtsean poliki arropaz arropa janzten den otsoaren ipuina da.

Ibaizabalekoek hiru urtetik aurrerakoentzat gomendatzen dute. Nire ustez, urtebetetik aurrera gustura hartzen dituzte haurrek.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.