Garaikoa, sasoiko barazkiak eta frutak sakelean

Jabi Asurmendi Sainz / 2013-11-13 / 134 hitz

Garaikoa aplikazioa Android eta iOS sistemetarako eskuragarri dago. Doakoa aplikazioa da, eta euskaraz dago, besteak beste. Aplikazioan erabiltzaileak nahi duen herrialdea aukera dezake, eta, orduan, hilabetez hilabete herrialde horretan ekoizten diren sasoiko barazki eta fruta zerrenda agertzen da. Urte osoan kontsumi daitezkeen elikagaiak ere agertzen dira, eta produktu bilaketak ere egin ahal dira. Era berean, posible da aplikazioan dauden produktu guztien zerrenda ikustea.

Zerrendatik elikagai batean klik eginez gero, argazkia, elikagai horri buruzko informazio orokorra, nutrizio informazioa eta bitxikeriak azaltzen dira. Halaber, elikagai hori zein herrialdetan ekoizten den ikus daiteke, eta urte osokoa, garaiaren hasierakoa, amaierakoa edo garai bete-betean dagoen azaltzen da.

Horrez gainera, produktuaren fitxan, fruta edo barazki hori prestatzeko errezeta askotarikoak etortzen dira.

Aplikazio hau, Kutxabankek bultzatutako Ekoguna proiektuaren barne garatu da, sasoiko elikagaiak kontsumitzea sustatzeko xedearekin, eta dagoeneko hirugarren bertsioa du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.