Euskal ikurdun borrokalariak

Lander Muñagorri Garmendia / 2013-11-17 / 825 hitz

Datorren astean hasiko da Getxoko XII. Komiki Azoka, eta Superlopez superheroia omenduko dute, baina azken hogeita hamar urteetan euskal superheroien adibiderik ere izan da.

Burdinazko xistera, txalaparta makila eta altzairuzko txapela. Ez dira oroigarri denda batean topatu daitezkeen elementuak, gizatiarrak ez diren botereak ematen dituzten objektuak baizik. Euskopoliseko gaizkiaren aurka borrokatzeko, Beloki tiranoaren aurka lehiatzeko eta Euskal Herriko poxpolinak salbatzeko elementuak dira. Justizia egiteko grina duten pertsonaiei superheroi izaera ematen dien baliabideak. Burdinjaun, Aithor eta Xabinaitor dira, Euskal Herrian egin den komikigintzan azaldu diren superheroi bakanetatik hiru. Euskal ikurdun borrokalariak dira.

Nekez topatu daiteke adibide gehiagorik. «Zergatik ez duen generoak arrakastarik eduki? Iparramerikarren kolonizazio kulturalaren sinbolo direlako superheroiak, eta ez direlako gureak. Baina ikuspegi okerra dela iruditzen zait», dio Joaquin Agreda Burdinjaunen gidoilariak. Izan ere, generoaren ezaugarriak hartuta, uste du lekuan lekuko ikuspegia eman dakiokeela, eta toki bakoitzeko folklorea eta mitologia txertatzeko aukera eduki. Eta horixe da hiru adibide horiek egiten dutena. Puntu berean elkartzen dituen ezaugarria. «Mitologiak txertatzeko oso modu ona da superheroien generoa, aukera handiak ematen dituelako», Mikel Bao Aithor-en egilearen arabera. Baina horiek superheroien generora eraman beharrean, mitologia bera eta euskaldunen historia nagusitu dira Euskal Herriko komikigintzan, Patxi Gallego marrazkilariaren ustez. Eta horrekin apurtu gura izan zuen, berak Xabinaitor egin zuenean. «Heroiak baino gehiago, basajaunak eta lamiak eduki ditugu».

Euskal ohiturak eta mitologia, beraz, nagusi dira bertako superheroien kasuan. Elementu horiekin jolasten dira, baina horiei ikuspegi ironiko bat emateko aukera handia ere ematen du. «Guk ikuspegi epiko batetik kontatu genuen Burdinjaunen istorioa, baina oinarrian ironia zegoen», dio Agredak. Horren adibide da, esaterako, Errioxa kapitainaren aurkako borroka. «Gauza serioak alaitasun gehiagorekin ikusten ikasi behar dugu, eta, horregatik, nik superheroien generoari eta euskal folkloreari irri egin diet, Aithor-en boterea txalapartako makil batean oinarritzen dudanean», Baoren esanetan. Baina kasuren batean ironia ikutu hori superheroien generoa bera aukeratu izana justifikatzeko erabili dela uste du Gallegok. «Komiki ironikoa dela garbi ikusten da, horrek superheroien hautua hartzeko zilegitasuna emango balizu bezala». Izan ere, superheroien generoa, bere horretan, ez da inoiz existitu Euskal Herrian. Eta horren antza handiena izan zuena Burdinjaun bera izan zen.

BURDINJAUN

Generoko aitzindaria

Marvel industriatik edan zuten 1980ko hamarkadan Agredak, Pedro Uruñuelak, Alex de la Iglesiak, eta Arturo Garcia Biaffra-k Burdinjaun egitea pentsatu zutenean. Laukoteak No Producciones taldea osatu zuen, eta superheroi hori izan zen euren ekoizpenetako bat. «Marvelen estetika hori gustatzen zitzaigun, eta hori egiten saiatu ginen», dio Agredak. 1987an, La Gaceta del Norte egunkariko igandeko gehigarrietan azaldu zen superheroia, eta zortzi sail egin zituzten, harik eta egunkaria itxi zen arte. «Ezohikoa izan zen egunkari batek bertako superheroi baten aldeko apustua egitea, ordura arte ikusi gabeko zerbait baitzen». Are gehiago komikiak fanzineetan argitaratzen ziren garaian.

Euskopoliseko hiri-estatuko gaizkile, tirano eta munstroen aurka borrokatu zen Burdinjaun argitaratu zen zenbaki horietan, burdinezko xistera armatzat zuela. Era berean, Gran Dakariren erregimenaren eta bere Legezaintzaren aurka ere lehiatu zen, baita Bilboko Kale nagusian lehertzeko zorian zegoen zentral nuklearraren aurka ere. «Garai hartako gertaerak oso presente zeuden komikian».

Egunkaria itxi ondoren, beste hedabide batzuetara jo zuten superheroiaren istorioak kontatzen jarraitzeko, baina ez zuten arrakastarik izan. Beraz, Euskopoliseko salbatzailearen gertaerak ez ziren gehiago argitaratu. Baina sare sozialak agertu, eta Burdinjaunen bigarren zabalkundea hasi zen. «Sarean jarri genituen argitaratutako zenbaki guztiak, guretzako gauza bat bezala. Baina bat-batean sekulako harrera izan zuen Burdinjaunek», Agredaren esanetan. Horrenbeste, argitalpen berriak ere egin dituztela. Rumble aldizkariaren 11. zenbakian istorio bat agertu zen, Balanzin aldizkariaren 7. eta 8. zenbakietan beste bi, eta datorren ostiralean hasiko den Getxoko XII. Komiki Azokako sarrera erostearekin batera banatuko den 9. zenbakian beste istorio bat agertuko da. «Denak egile ezberdinenak dira», azaldu du Agredak. Beraz, lozorroan egon ostean, berpizte gisako bat eduki du Burdinjaunek.

XABINAITOR

Euskarazko lehen superheroia

Gallegoren Xabinaitor superheroia, ordea, berritzailea izan zen superheroiarengatik, baina baita bere botereengatik ere. Izan ere, neska poxpolinak salbatu nahian ibiltzen da, baina, haiengandik gertu egon orduko, zakila tentetu eta superbotereak hortik ateratzen ditu.

«Pentsatzen jarrita, pertsonaiak arrakasta izan zuen sexualitateari buruz hitz egiten zuelako eta euskalduntasunaz barre egiten zuelako», dio. Baina Superlopez superheroia ere kontuan izan zuen Gallegok Xabinaitor sortzeko orduan. «Txikitan oso atsegin nuen, eta aurkikuntza bat izan zen niretzat, superheroiei parodia egiten zielako». Beraz, sexualitateari eta generoari parodia egiten zien abiapuntutik sortu zuen pertsonaia. 2004. eta 2009. urteen artean hiru liburu argitaratu zituen, eta antzerki lan bat ere egin zuen Gorringo taldeak. Gaur egun nobela grafiko bat prestatzen ari da Gallego, eta Bertsokop izeneko pertsonaia bat agertuko da.

AITHOR

Interneten agertu den heroia

Euskal komikigintzan agertu den azken superheroia sarean azaldu da. Mikel Baok duen blogerako egin zuen Aithor, Marvelen Thor superheroiean oinarrituta. «Nire pertsonaiarik gogokoena izan da betidanik, eta hainbat aldiz egin diot parodia». Frankenstein edo Chiquito de la Calzadarekin uztartuta egin izan ditu parodia horiek, «eta euskal kutsukoa egitea oso erraza izan da, izenarekin jolasteko aukera ematen baitu». Txalaparta makil batek indarra ematen dion superheroi bat sortu du horrela. Oraingoz, ordea, bi sail besterik ez ditu egin Baok, baina etorkizunean besteren bat egiteko aukera zabalik utzi du.

Burdinjaun superheroiaren komikiak irakurtzeko helbidea:
www.scribd.com/Burdinjaun

Aithor superheroiaren komikiak irakurtzeko:
www.rodeadodepapel. blogspot.com.es

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude