Gogoko aurpegiak gogoan

Iker Tubia / 2013-11-27 / 650 hitz

Karlos Luna eta Beatriz Martin Luengoren artikulua saritu dute, bisaiak gogoratzeko teoriak azaltzeagatik.

Asia ekialdeko gizakiak denak berdinak direla esaten dute maiz Europa mendebaldean. Alderantziz ere gauza bera gertatzen da, noski. Baina, egia da beste etnia batzuetako aurpegiak berdinak iruditzen zaizkigula? Galdera horri erantzun nahi izan diote Beatriz Martin Luengo EHUko doktoregaiak eta Karlos Luna EHUko doktore eta Turkiako Suleyman Sah unibertsitateko irakasleak Zergatik iruditzen zaizkigu berdinak beste etnia batzuetako aurpegiak? artikuluan. Saria ere lortu dute: Ciencia Cognitiva aldizkariko Dibulgazio Zientifikoko I. Lehiaketa irabazi dute.

Egunero milaka aurpegi pasatzen dira edozeinen begien aurretik. Batzuk gogoratzea errazagoa da beste batzuk baino. Etniak tartean sartzen direnean, ikerketen arabera, errazago gogoratzen ditu norberak bere inguruko taldeko bisaiak, irakasleen esanetan mota horretako aurpegietarako joera dugulako.

Istanbulen dago Karlos Luna doktorea, baina tarte bat hartu du dibulgazio testuaren nondik norakoak azaltzeko. Esan duenez, aurpegiak ezagutu eta gogoratzeari buruzko gaia oso garrantzitsua da psikologia kognitiboaren alorrean: «Aurpegiak dira egunerokotasunean aurkitzen ditugun estimulu garrantzitsu eta konplexuenetako bat. Garunak ere area jakin bat du horretarako». Migrazio fluxuen gorakada dela eta, gaia are garrantzitsuagoa dela gaineratu du. «Munduarekin nolako harremanak ditugun azaltzeko jakintza eskaintzen du».

Memoriari buruzko ikerketetan onartua da nork bere etniakoen aurpegiak hobeki gogoratzen dituela, eta hori azaltzen duten hainbat teoria daude. Hala ere, bestelako faktoreek ere baldintzatzen dute aurpegien ezagutza eta memoria. Teoria horiek guztiak dibulgazio testu batean biltzea izan da Luna eta Martinen helburua.

Pertsonek nork bere taldeko kide direnenganako joera dutela diote, eta horrek bi arrazoi dituela: alde batetik, aurpegiak prozesatzerakoan etniaren arabera ezberdintasun kualitatiboa dago. Bestetik, prozesu horretan norberaren talde sozialekoak edo beste talde batekoak diren bereizteko joera dago. Orain arte garatu diren teoria nagusiak dira bi horiek. Baina ez bakarrak.

Hainbat teoria

Lehenbiziko teoria hautemate ezberdintasunean oinarritzen da. Hau da, normalean nor bere etniakoez inguraturik hezi ohi da. Etnia jakin bateko aurpegiak ikustera ohiturik dagoenak talde horri dagokion jendearen bisaia errazago bereizten du. Teoria horrek, baina, kontuan hartu ditu beste etnia batekoez inguraturik hezi direnen kasua. Ikerketa horien arabera, Europako familiek adoptatutako haur korear jaioberriek errazago bereizten zituzten europarren bisaiak korearrenak baino. Lunak berretsi du haur adoptatuen kasua.

Etnia batean jaio eta hezi arren, gerora beste etnia batez inguraturik bizi denaren kasuan, Lunak dio bigarren etnia horretako aurpegiak ezagutzeko ahalmena hobetuko lukeela gutxika, bere etniako aurpegiekin bezain beste, apika. Baina, laborategietan ikerketak egin izan dira, eta ahalmen horren hobekuntza beti ez dela iraunkorra ikusi dute.

Bigarren teoria ezagutza sozialarena da. Horrekin bat egiten duten zientzialariek nork bere etniako aurpegiak gogoratzeko memoria hobea duela azaldu dute, taldekoak edo kanpokoak izatea epaitzea oinarri hartuta. Teoria horren arabera, bisaia norberaren taldekoa baldin bada, gehiago erreparatzen zaio, kodifikazioa hobetuz eta etorkizunean gogoan gordetzea ahalbidetuz.

Bi teoria nagusi horiek azaltzeaz gainera, bien gabeziak identifikatu dituzte Martinek eta Lunak. Horregatik, hirugarren teoria azaldu dute, bien uztarketan oinarritzen dena: kategorizazio-indibidualizazio eredua. Azkenengo multzo horretan sartzen dira motibazioari eta egoerei dagozkien alderdiak. Hau da, aurpegiak gogoratzerako garaian, garrantzitsua da motibazioa, eta bisai hori zein egoeratan agertu den aztertzea.

Etniatik harago

Beste etnia edo talde bati dagokion aurpegia gogoratzen lagundu dezake motibazioak. Hau da, pertsona horren aurpegia gogoratu nahi izateak, norberarentzat onuragarria izan daitekeelako. Adibidez, bikotekidearen ama aurkezterakoan, nahiz eta denbora tarte oso laburra izan, pertsona horrek aurpegia gogoratzeko erraztasuna izanen du, nahiz ama beste etnia batekoa izan. Kontrara ere gertatu liteke. Supermerkatura joan den pertsona batek ordaintzeko ilaran denbora luze eman arren, egoerarengatik seguruenik ez du gogoratuko aurrean zuen lagunaren aurpegia, nahiz eta etnia berekoa izan.

Teoria laburbildu egin du Lunak: « [Aurpegi bat] Gure talde etnikokoa baldin bada, erraztasun handiagoa izanen dugu gogoratzeko, betiere arreta eskaini badiogu eta gogoan izateko interesa badugu». Oraingoz eredu hibridoa ez da erabat gailendu psikologiaren alorrean, beste teorietan oinarritutako lanak publikatzen baitira oraindik ere. Lunak dio oso zaila dela ikertzaile guztiek teoria edo eredu bat onartzea. «Ikerketa eta esperimentu gehiago behar dira, eta oraindik ez ditugu egin», esan du. Bide horretan, baina, ezinbestekotzat jo du ikerketak laborategietan ez geratzea, eta dibulgazio aldizkarien bidez adieraztea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.