Jainkoaganako bideko istorioak

Mikel Asurmendi /2013-11-10 / 459 hitz

  • Izenburua: Jainkoa izan nahi zuen autobus-gidariaren istorioa eta beste batzuk
  • Egilea: Etgar Keret
  • Itzultzailea: Itziar Otegi
  • Argitaletxea: Pasazaite

Ipuin labur sorta eta nobelatxo bat biltzen ditu izenburu luzeko liburu honek: Jainkoa izan nahi zuen autobus-gidariaren istorioa eta beste batzuk. Alegia deus ez! Jainkoarenganako bideak nola, halaxe titulua. Lehen ipuinak eman dio izena liburuari, liburu harrigarria, barnebiltzen dituen istorioak legez. Istorioak ordea —lau ipuin— laburrak dira, eta halaxe ere nobela. Etgar Keret israeldar idazlea da Jainkoarengana eramaten gaituzten istorioen bidegilea. Alabaina, lehenago aintzat har ditzadan bide horiek euskaraz urratzea posible egin dutenak.

Liburua hizkuntzen arteko barrerak gainditu izanaren meritua Pasazaite argitaletxeak (Inportazioko liburuak) dauka. Laugarrena du honako hau. Argitaletxearen arduradun Xabi Queirugak —galiziar-euskalduna, dakidanez— munduko tokian tokiko checkpoint-ak gainditzeko asmoa serio hartu du, aldian-aldian tokiko mugazain baten —itzultzailea— ezinbesteko laguntzarekin. Itzultzailearen lana ezinbestekoa ez ezik berealdikoa baita, baldin eta liburuaren jatorrizko kulturaren humus-a bilduko badu. Oraingo emaitza Itziar Otegi itzultzailearen —trebetasunaren— esku izan da.

Etgar Keret israeldarraren humus-ak hebrearren hummus jakiaren —plateraren— usaina zabaldu du mundura. Istorioek Tel Aviv aldean bizi direnen —edota bizi izan direnen— mundua jasotzen dute, Etgar Kereten jatorrizko hizkuntzan idatziak, hebreeraz. Tokiko eta egungo israeldarren bizigaiak dakartza liburuak. Hala berean, munduan barrena ibilitako herri horren semeak idatzia izanda, hainbat kulturaren eta hizkuntzaren arrastoa ere badakar. Jainkoa dute subjektu nagusia istoriook, Jainkoa agertu ez arren. Etgarren istoriook postmodernitatearen islak dira, aro postmodernoaren ondarea. Pertsonaiak jendarte desegituratu baten ondorio dira. Jainkoaren bidean —Jainkoaren eskuak ukitutako lurraldean bizitzera kondenatuak— nahiz infernuaren atarian bizi dira. Gizarte tradizionalista batetik jendarte super guay eta hiper cool batera iragan diren seme-alabak, aldaketa bizpahiru belaunaldi soiletan eman delarik.

Berbarako: Kneller-en kanpamentu alaia nobelatxoaren Haim protagonista Kamikaze izeneko pizzeria-kate batean enplegatu da, enplegatua da bizitzaren bestaldeko hilen bizi munduan. Hil bizien jendartean mundua biltzen da bertan, aurreko munduan Jainkoaren bila sekula abiatu ez ziren horiek Jainkoa bilatzen dute orain. Jainkoarenganako bidea bizitzaren eta heriotzaren arteko iraganbidea da, protagonistak suizidak izaki. Suizida horiek bizidunen mundura itzultzeko ahaleginetan bizi dira. Haatik, bere buruaz beste eginaren mina ezagutu duenak ez bide du berriz errepikatu nahi. Are okerragoa, ausartzen dena, bakana izaki, are bakarrago edo ia bakarrik biziko da hurrengo munduan.

Ondarea idatzi dut arestian. Zer ondare mota da kultura postmodernoaren ondorioa? Istorio hauetako protagonistak aro materialistaren osteko umeak dira, jainkoarenganako bidea galduta, jainkoarenganako bidea dute bizigai. Jainkoa ukatzeak jainkoa baieztatzea dakarren dileman bizitzera kondenatuak. Horiek horrela, ondare horren balioa irakurlearen bizi balioen araberakoa izango da. Halaber, horien araberako literatura baloratuko du irakurleak. Niri ondare hori baloratzea nekeza zait, fikziozko jendarte baten isla denez gero. Literatur ondarea den aldetik, erran dezadan ez dela nire guztizko literatura. Eta pentsa dezadan, halaber, neroni ez naizela istorioen berezko humus-a harrapatzeko gai. Eta hori ez da itzultzaileari eginiko kritika. Aitzitik, ziur aski itzultzaileak egindako lana ez da samurra izan, ezta aski baloratua ere.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.