Komiki bilakatutako antzezlana

Elixabet Epelde / 2013-11-20 / 433 hitz

Baserria galdu duen Ximonen eta hura zaintzen duen Selma bosniarraren istorioa bildu dute ‘Habiak’-en.

Dejabu panpina laborategiaren Gizona ez da txoria antzezlana da Habiak (Txalaparta) nobela grafikoaren abiapuntua. «Inoiz ez genuen pentsatu antzezlan hura liburu batean irudika zitekeenik», aitortu du Ainara Gurrutxaga aktoreak, «oso antzezlan bisuala baitzen, mugimenduan oinarritutakoa, testuan baino gehiago». Baina Maite Gurrutxaga marrazkilariaren laguntzarekin, Ximonen eta Selmaren istorioa bildu dute Habiak-en, «oso modu bisualean», halaber. Abiadura handiko trena eraikitzeko lanak direla-eta baserria galdu duen eta herrira bizitzera joan den agurea da bata, alargundu berria; Balkanetako gerra atzean utzita agurea zaintzera etorri den erizain bosniarra bestea. Hasieran, elkarbizitza ez da erraza izango, baina, marrazkilariak argitu duenez, «pertsona oso ezberdinak izanda, kultura ezberdinak izanda eta jaioterri ezberdinetakoak izanda ere, badaude elementu asko azkenean elkar ulertzera eramango dituztenak».

Gerra amaitu berritan Bosnia eta Herzegovinara eginiko bidaia batetik bueltan idatzi zuten istoriorako gidoia Ainara Gurrutxagak eta Urko Redondok. «Hango jendearen adoreak hunkitu gintuen», azaldu dute Dejabu panpina laborategiko aktoreek. Bosnia eta Herzegovinan herrimina sentitu zutela ere adierazi du Gurrutxagak, Euskal Herriarekin duen antza dela eta. Besteak beste, herritarren kemen hori eta bi herrialdeen arteko antzekotasun horiek erakutsi nahi izan zituzten Gizona ez da txoria-n.

«Egun batean, Hedoi Etxarteren Ihes ederra esku artean genuela, pentsatu genuen inoiz gure antzerkiren bat liburura eramanez gero modu horretan izan beharko lukeela, irudiei garrantzi handia emanda», esan du Ainara Gurrutxagak. Eta handik denbora batera, Maite Gurrutxagari gidoia eta antzezlanaren grabazio bat eman eta papereratzeko proposamena egin zioten.

«Bi urteko prozesua izan da, eta 300-400 bat orri joango ziren lan honetan», kontatu du marrazkilariak. Presarik gabe egin dute lan, asko hausnartuz, eta ideiak trukatzeko askotan elkartuz, azaldu duenez, eta hori nabari da emaitzan. Arkatzekin eta akuarelekin irudikatu ditu Ximon eta Selma, kontatu duenez, istorioak eta pertsonaiek hala eskatzen ziotelako. «Pertsonaia konplexuak dira. Ximon eta Selma ez dute elkar ulertzen hasieran, eta ezintasun hori irudiekin konpondu beharra zegoen».

Redondok aipatu duenez, antzezlana idatzi zuten garaian hainbat lagunekin batera egin zuten lan, eta guztien artean imajinario bat sortu zuten. Antzerkian, baina, gauza asko alboratu behar izan zituzten, orain liburura pasatzerakoan berreskuratu dituztenak. «Oso interesgarria izan da iruditeria kolektibo hori berriz azaleratu dela ikustea», kontatu du.

Euskara, gaztelera, bosniera

Irudia da nagusi Habiak-en, baina hitzak ere badira. Poema grafiko gisa bataiatu duenik ere badela kontatu du Ainara Gurrutxagak, baina etiketatze kontuak irakurlearen esku utzi ditu.

Euskarazko eta gaztelerazko bertsioak argitaratu dituzte, baina lehenean gaztelera eta bosniera ere badirela argitu du Mikel Soto Txalapartako editoreak. Euskarazko bertsioan, hain zuzen ere, hizkuntza ñabardurak asko zaindu dituztela dio. Selmaren bosnierak, Ximonen euskarak eta elkar ulertzen ahalegintzeko bosniarrak erabiltzen duen gaztelera akastunak ere badute garapena istorio honetan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.