Surrealismoan gora

Imanol Mercero / 2013-12-15 / 191 hitz

  • Izenburua: Tripoli doktorea
  • Idazlea: Karlos Linazasoro
  • Ilustratzailea: Bruno Hidalgo
  • Argitaletxea: Elkar

Eta udaberria zenez, geranio eder bat atera zitzaion sudurrean Tripoli doktoreari, eskuineko zulotxotik zerurantz egiten zuena, gora eta gora». Geranio bat sudurzulotik gora! Bai graziosoa, ezta? Irudikatzen duzu landarea Tripoli doktorearen aurpegian? Grazia egiten dizu, ala grazia egingo liokeen gazterik ezagutzen duzu?

Galdera horri baietz erantzun eman badiozu, liburu hau gomendatzen dizut. Ongi pasatuko duzue, ziur.

Tripoli doktorea familia mediku bat da liburuaren hasieran kontsulta zabaltzen duena anbulatorioan, goizeko zortzietan, egunero bezala, bere laguntzaile Olga Tokarczukowa maitea alboan duela. Hamar atal ditu liburuak, eta hamar lagun pasatuko dira, zein baino zein kezka surrealistagoarekin. Atal guztiek orrialde kopuru bertsua dute, eta mekanika antzekoa. Liburuan aurrera egin ahala, surrealismo maila eta elkarrizketen trinkotasunak ulermena oztopatzeraino egiten du gora, amaierako azken bi atalak elkarrizketa ezin bihurri oker-makurrago bihurtu arte —iniziatuentzat baino ez—, onena bidean baitago, ez amaieran.

Ilustrazioak komikietakoa dirudi. Testua nabarmen aberasten du, erakusten duen indarragatik eta atal guztietan lekua gorde zaiolako. Denera, hamalau irudi dira; azkenak, 50eko zinema beltzeko musu apasionatu bat gogora ekartzen duen bi-orrikoak, liburuari amaiera ematen dio, apoteosikoa. (Hurrengo orrialdean lerro batzuk daude, baino nori axola dio?).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.