Azken mohikanoak bezala

Alberto Barandiaran / 2014-01-10 / 446 hitz

Mila eta zazpiehunen aldizkarian», Erlea-n, hamar urte barru non ikusten duen bere burua galdetu dio Joxemari Iturraldek Joseba Sarrionandiari. Euskal Herrian bizitzen irudikatu du poetak, bizimodu lasaian, prentsan agertu gabe, lanean, «berdin litzaidake auzokoek inmigrante bat naizela pentsatzea».

Baina beharbada interesgarriagoa da idazteaz eta idazkeraz biek egiten duten gogoeta. Kezka berdintsua antzematen baitzaie: Zergatik idazten dugu idazten dugun bezala?

Hasi zireneko garaiaz ari dira, 70eko hamarkadaren bukaeraz. «Ematen zuen orduan izugarrizko askatasuna genuela nahi genuena egiteko, maila artistiko edo literario batetik begiratuta behintzat» aipatu dio Sarrionandiari Iturraldek. Eta hark errealismoa aipatuz erantzun dio. «Idazten hasi ginen garai hartan, galzorian zegoen hizkuntza bat geneukan-eta, alde batetik azken mohikanoak bezala sentitzen ginen eta bestetik egoera aldatu nahi genuen. Errealitatearen ia kontra ari ginen eta obligaturik geunden irtenbide berriak asmatzera». «Mintzaira aldetik, gure aittitte-amamen hizkera arkaikoa sostengatzeko, hizkuntza ia berri bat asmatu behar zen».

Elkarrizketatzaileari ezagun zaio kezka duela gaiaz, alegia nolakoa den idazle bakoitzak bere idazkeraren gainean daukan kontrola. Eta galdetu dio ea posible litzatekeen garai haietara itzultzea; mesprezio, parabisuan, kondizione, kastigu, zentzazio eta horrelakoak barra-barra erabil litezkeen berriro edo, are, dadaistek egiten zuten bezala, forma apurtzaileekin testuak josterik legokeen.

Ez litzatekeela posible erantzun dio Sarrionandiak, merkatua txikiegia delako, eta anonimotasunaren izar beltzaren azpian estalita geratuko litzatekeelako esperimentua.

Interesgarria da Iturralde, Sarrionandia, Atxaga eta besteak idazten hasi zireneko garai hura, ia euskal mundurik edo kultura ofizialik ez zegoen garai hura. Haiek behin baino gehiagotan esan dute hizkuntza ere ez zutela, dena egiteko zegoela, aurrekoak ez zielako balio.

Axularren Gero hartu eta, zerbait berezi ikusiz gero, gorriz azpimarratzen omen zuen Arantxa Urretabizkaiak. Eta gorriz azpimarratutako esamolde hura errepikatuta ikusten bazuen behin, bitan, hirutan, orduan arautzat hartzen zuen.

Kexa eta nostalgia apur batez aipatzen dute zer gabezia zegoen, zer bakardadea, zenbat gorabehera norberaren ahotsa aurkitu eta nahi zutena esateko euskaraz. Gaur egun, egun bakar batean gehiago idazten dela orduan haiek urte oso batean idazten zutena baino.

Hizkuntza sortzearren idazten zuten, neurri batean. Asmatu egin behar izan baitzuten, askotan. Irakurri nahiko luketena idazten baitzuten. Funtsean, itzulpenak ziren garai haietako ahalegin asko eta asko: izan nahi zutenaren ispilua.

Zenbat aldatu den hauen guztien idazkera. Zenbat aldatu den Bernardo Atxagarena, esaterako. Nevadako egunak liburuko eta Obabakoak edo Etiopiako idazkera zein desberdina den. Zenbat normalizatu den, zenbat arautu, zuzendu, arrastoan sartu. Ezinezkoa litzateke, gaur egun, Etiopiako hau, esaterako: «Bere gustoko irudi bat enplegatuz zera esatera ausartuko ginateke, isatsa galdu duen katagorriaren antzera zebilela Piolet, guztiz etsita eta etsipenari hain lotua egoten den sentimentalismoz behatzen ziela ilundurak kasik izkutatzen zituen lore urdinskei, palmondo eta pitilinetik ura botatzen duten aingeru lodikoteei».

Orain, esperimentatzeko gogoak hor dirau, baina esperimentatzeko gogoaren zorro literarioa da aldatu dena. Orain, hizkuntza asmatuta dago, eta dena berrasmatzeko gogoa da falta dena, beharbada.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude