Kultura gaurko munduan

Jon Sudupe / 2014-01-11 / 673 hitz

Kultura, hasieran, aldaketa eragiteko sortu zen. Jendea hezi eta euren ohiturak fintzea zen haren egiteko nagusia. Kultura eta Gizartea hobetu eta «herria» gailur goratuetara eraman nahi zuen. Hezkuntzaren bidez, jendea ezjakintasunaren morrontzatik askatu eta aurrerapenaren bidean jartzea zen ilustrazioaren edo kulturaren ametsa.

Kultura, betiere, giza askatasunari eta garapenari lotua joan da. «Goi mailako» pertsona batzuek «behe mailako» beste pertsona batzuentzat egiten zuten zerbait zen. Adornok berak ere elite ikasiaren «kultura garaia» ederretsi zuen, herri xehearen kultura arrunta gutxietsiz, nolabait.

Zygmunt Bauman dugu «modernitate likidoa» hitz-bikote bitxiaren asmatzailea. «Modernismorik gabeko modernitatearen» denboran bizi omen gara orain. Kontsumo gizarte honetan, behar berriak sortzea da kulturaren helburua. Arreta erakarri, entretenitu eta liluratu egiten gaitu soilik. Dena da aldakorra, arina eta behin-behinekoa.

Gaur bizi garen modernitate likidoaren munduan, kulturak bere ohiko eginkizuna galdu du: dagoeneko ez du herria argitu eta ilustratzea bilatzen, publikoa seduzitzea baizik. Merkatu ekonomiak erosketa eta salmenta objektu bihurtu ditu kultur ondasunak («sail bat gehiago denda erraldoia bihurtu den munduan»).

Kulturaren esanahia, hartara, zabaldu egin da, demokratizatu, jendarteratu, malgutu, hutsaldu. Diruaren eta modaren menpean dago. Sendotasuna galdu du, hitz batean. Kultura jasoa eta kultura arrunta bereizten dituen muga gero eta lausoagoa da. Beethoven eta rock and rolla zaku berean sartzen ditugun bezero orojaleak gara.

Horrela irizten dio Zygmunt Bauman soziologo poloniarrak bere azkeneko liburuan (La cultura en el mundo de la modernidad líquida, FCE, 2013). Bertan, «kultura» kontzeptuaren harat-honat historikoak aipatu ondoren, XX. mendeko zenbait joera kulturalen berri ematen digu. Lehen, modernitate «solidoan», helduleku irmoak zituen gizabanakoak; orain, ziurtasunak deuseztatu egin zaizkio.

Globalizazioaren indarrek markatzen dute gaurko mundua. Hizkuntza eta tradizio ezberdineko herrialdeak hurbiltasun estuan bizi dira. Zein da kulturaren eginkizuna egoera berri honetan? Z. Baumanentzat beharrezkoa da kulturen arteko elkarrizketa. Harremanen trukean oinarrituz, gizateria komun baten bila joan behar dela dio.

Liburuko kapitulu batean, Europaz hitz egiterakoan, Hans-Georg Gadamer filosofo alemaniarra aipatzen du Baumanek. Europa eta bere herrialdeak kultur aniztunak dira. Europar Batasunak ez du bere herrialdeen identitatea hondatzen. Alderantziz, identitatearen aldeztaile sutsua da. Are gehiago, identitatea salbu izateko bermerik onena da, bizirauteko, are aurrera egiteko, aukerarik handiena eskaintzen baitu.

Historikoki, Estatu modernoak baztertu egin ditu «gutxiengo etnikoak», batasuna eta aniztasuna bateraezinak izango balira bezala. Orain, ordea, «diasporen mosaikoa» ari da bihurtzen Europa, edo, zehatzago, «artxipelago etniko elkargurutzatu eta gainjarrien multzoa». Globalizazioa da, Estatu nazioen subiranotasunari barrena janez, nazio identitateak ahultzen dituena.

Bauman kultura ezberdinen bizikidetza harmoniatsuaren alde dago, baina ez du gogoko «multikulturalismoa» delako hori. Multikulturalismoak, «desberdintasunerako eskubidearen» izenean, diferentzia sozialak ezkutatu eta komunitateen arteko zatiketa eragiten duelakoan dago. Kulturen arteko harreman adiskidetsuak eragozten ditu, hartara.

Europa gizarte «likido» berriaren adierazpide bikaina iruditzen zaio Baumani. Zoritxarrez —dio pentsalari poloniarrak—, Europak bere ohiko itxura galdu du modernitatetik postmodernitatera igarotzean. Kontinente zaharrak ez daki ziur zein den bere lekua indarrean den globalizazio prozesuan. Krisiaren enbatarengatik, europar itsasontzia hondoratzeko zorian egon liteke.

Baumanek, hala ere, badu esperantzarik Europarengan: «Bigarren Mundu Gerra jasan nuen eta orain askotariko pertsonak hil gabe bizi dira elkarrekin». Europa «abentura bukatugabea» dela idatzi zuen aurreko liburu batean. Europak badu zer esanik eta zer erakutsirik franko gertatzen ari diren aldaketa handien zurrunbiloan. Proiektu europarra iruditzen zaio tentazio nazionalista eta antiliberalen kontrako antidotoa.

Baumanen liburuan bada hutsune bat, nahiko nabarmengarria, nire iritzian. Kultura zientifikoaz hitz egin gabe, ezinezkoa da kulturaz hitz egitea. Galileo eta Darwin jarri behar dira Cervantesen eta Shakespeareren ondoan. Ulertzekoa denez, jende gehiago identifikatzen da literaturarekin, baina Espezieen sorrera ekarpen erabakigarria izan da.

Orain arte nabarmena izan da zientzialarien eta humanisten arteko etena. Behin, hitzaldi ezagun batean, C. P. Show idazle britainiarrak «bi kulturen» etsaitasuna aipatu zuen. Nabarmena iruditzen zitzaion zientziaren eta humanismoaren arteko etena. Urte batzuk geroago, halere, kultura berri baten etorrera iragarri zuen, sintesi prozesuaren ondorio izango zena.

Eboluzioaren teoriak diziplina humanistiko guztiei eragin die (filosofia, etika, artea, soziologia, ekonomia…). Eboluzionismoa zientzien eta humanitateen topagunea izan daiteke. Biologia ebolutiboak asko lagun dezake kultura biak hurbiltzeko ahaleginean.

Kultur iraultza berri baten aurrean egon gaitezke. Ikuspegi aldaketa funtsezko baten hasiera izan daiteke. Eboluzioaren gaur egungo teoriak egin dezake kultura bien arteko zubi lana. Natur zientzien eta giza zientzien arteko banaketa gaindituz, «kultura batua» sortuko litzateke, hartara. Ilustrazio berria, alegia.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.