Liburutegietarako bidean

Irene Arrizurieta, Nora Arbelbide, Ainara Arratibel Gascon / 2014-01-14 / 1.240 hitz

Liburu elektronikoa gero eta gehiago zabaltzen ari da erabiltzaileen artean. Horren jakitun, erakundeak planak zabaltzen ari dira, liburutegi publikoetan ere eskain daitezen. Argitaletxe eta liburutegiak horren zain daude.

Paperean argitaratutako liburuaren kaltetan, gero eta gehiago saltzen dira liburu elektronikoak: 2012. urtean, liburu elektroniko gehiago saldu ziren paperezkoak baino Ameriketako Estatu Batuetan. Joan den irailean, han zabaldu zuten lehen liburutegi elektronikoa: Bibliotech, San Antonio hirian. Beste herrialde askotan ere gora doa liburu elektronikoaren aldeko hautua. Euskal Herrian ere hala gertatzen ari da, baina liburutegi publikoetan horiek hartu ahal izateko aukerak oraindik gutxi dira. Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua planak egiten hasiak dira egoera aldatzeko eta liburu elektronikoak erabiltzaileen eskura jartzeko.

Datarik aurreratu nahi ez duten arren, egitasmoak «ahalik eta azkarrena» abiarazi nahiko lituzkete bi erakundeek. Eusko Jaurlaritzaren arabera, liburutegi digitalaren zutabeak bi dira: egile eskubideak nola tratatu, batetik; eta eremu publikokoak diren eskubideak nola landu, bestetik. Lehenengo irizpideari dagokionez, Eusko Jaurlaritzaren estrategia sareko mailegua bultzatzea da. «Horretan gabiltza, eta uda baino lehen hori martxan jartzeko asmoa du Jaurlaritzak, plataforma berezi baten bidez; streaming bidez, seguruenik», azaldu du Imanol Agotek, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen zuzendariak. Horren bitartez, egile eskubideak dauzkaten edukiak zabaldu nahi dituzte.

Munduan nagusitzen ari den eredua da argitaletxeek eskaintzen dituzten lanengatik urtero berritzen den kanon bat ordaintzea. Baina Jaurlaritzak eredu propio bat garatu nahi du: plataforma propioa eta lizentzia mugagabeak lehenetsi nahi ditu. Horretarako, bilerak egiten ari da argitaletxeekin. «Eragile guztiekin batera eredu propioa lortzea da asmoa, aintzat harturik gure argitaletxeek, idazleek, liburuzainek eta irakurleek zein behar dituzten». Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 270 liburutegi publiko daude, eta aurten osatu nahi dute liburutegiek zein behar dituzten zehazten duen plana. Planean liburutegi nagusi eta garrantzitsuenak sartzea espero du Jaurlaritzak.

Liburu elektronikoaren zabalkundea lantzen legegintzaldi hasieratik dabiltza, eta, irizpideak argi izanda, uda baino lehen osatu nahi lukete proposamena. Liburutegietan jarriko diren liburu elektronikoen eskaintzan, muga ez da aurrekontua izanen, argitaletxeen katalogoa baizik. Agotek deritzo egitasmoak aukera ematen diela argitaletxe eta liburu ekoizleei haien katalogo digitalak aberasteko. Eusko Jaurlaritza prest dago katalogoak digitalizatzeko diru laguntzak emateko baina, horren truke, liburuen lizentziak lortuz. Izan ere, oraindik zehazteke dago titulu bakoitzagatik zenbat lizentzia lortu. Agotek uste du irizpide horrek liburu argitaratu berrien kasuan duela garrantzia. «Planteamendua sakonagoa da; doako edukien sinesgarritasuna ez da pirateria, zerbitzu publikoa baizik. Nobedadeen kasuan du garrantzia, jendeak joera duelako batez ere berrikuntzak irakurtzeko». Hori ari dira negoziatzen argitaletxeekin. Izan ere, Jaurlaritzak lizentzia horien jabe izan nahi luke. Gainera, ez dituzte gutxituko paperezko liburuen edizioari ematen zaizkion diru laguntzak, Espainiako Hezkuntza eta Kultura Ministerioak egin duen moduan. «Mantendu egingo ditugu; Madrilen, berriz, kendu egin dituzte».

Jaurlaritzaren egitasmoak talka eginen luke Espainiako Hezkuntza eta Kultura eta Ministerioaren egitasmoarekin. Espainiaren estrategia beste bat da: kanon bat ordaintzea urtero. Ministerioak, gainera, ez du aintzat hartu euskaraz, katalanez eta galizieraz argitaratzen den lanik.

Nafarroa, Madrilen bidetik

Nafarroan ez da oraindik biderik jarri liburutegi publikoetan liburu elektronikorik eskaintzeko. Agiri, liburu eta egunkari historiko asko digitalizatu dituzte, eta Nafarroako Liburutegian daude. Nafarroako Liburutegi Digitala deitzen diote egitasmo horri: Binadi. Nafarroako ondare bibliografikoa babesteaz gain, lan originalak eta zaharrak gordetzeko modua ere bada, batzuk lortzen eta beste batzuk mantentzen zailak direlako.

Bestalde, Nafarroako Gobernuak argitaratzen dituen liburuen bilduma digitala osatu nahi dute, ondare hori errazago ikuskatu ahal izateko. Kontserbatzeaz gain, erabiltzaileei sarbidea erraztu nahi diete, eta dagoena ezagutzera eman nahi dute. Duela bost urte jarri zuten martxan, eta dagoeneko 4.800 dokumentu dauzkate digitalizatuta, 300.000 orri baino gehiago. Bilatzaile bat du, digitalizatuta dauden datu bilduma handiak gorde eta erabiltzeko moduez arduratzeko.

Baina liburu elektronikoen arloan, gauzak beste bide batetik doaz. Nafarroako Gobernuak plan estrategiko bat abiatzekoa zuen, horiek eskuratzeko dauden plataforma digitalak aztertzeko. Baina Espainiako Hezkuntza eta Kultura eta Ministerioak plataforma horietako baten aldeko eskaintza egitea erabaki du, kanon baten truke, eta hori hobestea erabaki du Nafarroako Gobernuak. Apsis deitzen zaio plataforma horri, eta erkidego bakoitzak izanen luke sarbidea. Hala ere, egun plataforma hori geldirik dago, haren kudeaketa lortzeko lehiaketara aurkeztu ziren bi enpresen arteko liskarrengatik. Libranda.com eta Odilotid.es dira bi enpresa horiek. Urte honen hasieran martxan jartzekoa zen, baina atzeratu egin dute.

Dena dela, Nafarroako Gobernuak espero du arazo hori konpondu eta lehen hiruhileko honetan liburu funts jakin batera sartzeko aukera egotea. Horrela, plataforma horietako batera joko lukete Nafarroako Liburutegi Sarean dauden 93 liburutegiek. Baina oraindik gauza asko zehaztu gabe dituzte: «Erabakitzeke dago zenbat denboran hartu ahal izanen den maileguan liburua, orain arte bezala hiru aste izanen den edo gehiago; baita liburua zenbat jendek deskargatu ahal izanen duen ere», dio Fermin Guillormek, Liburutegien Zerbitzuen zuzendariak. Zehaztasun asko falta diren arren, aurtengo lehen hiruhilekoan martxan jarri nahi lukete.

Iaz hasi ziren liburu elektronikoak test moduan proposatzen Baiona, Miarritze eta Angeluko liburutegietan. Baionako liburutegi publikoan liburu bat balitz bezala mailegatzen dute; lau astez eraman daiteke, eta, oraingoz, zortzi bakarrik dituzte. Liburu zaharrak dira, duela 70 urte baino gehiago hil autoreen liburuak; egile eskubideak ez dituztenak, alegia. «Erabiliak dira, eta erreserbatu behar dira aitzinetik», dio Magalie Capoulek, Baionako mediatekako zuzendariordeak. Egun, legea «lausoa» da, eta ez dago argi liburu berriak sarean kargatzeko aukera badagoen, eta liburu berri horiek proposatzen ahal ote diren. «Baionako liburutegian, nahiago dugu liburu garaikiderik ez prestatu; gure iduriko, debekatua da».

Hiru liburutegiek elkarri erosten dizkiote liburuak, eta, orain, daukaten ideia da, beharbada, liburu elektronikoak espezializatzea: bat euskarazko liburuekin, bestea poliziala… Baina, oraingoz, ez dute deus eginik.

Argitaletxeak, zain

Erakundeen planak zertan gauzatuko diren zain daude argitaletxeak. Susa eta Elkar dira liburu elektronikoak eskaintzen dituztenetarik bi. Xehetasun horiek jakin bitartean, uste dute liburu elektronikoa liburutegi publikoetara zabaltzeko asmoa ona dela bere horretan. Hala dio, behintzat, Elkar argitaletxeko Marketin zuzendari Gexan Sorsek. «Eskaintza elektronikoa aberasgarri ikusten dugu, irakurzaletasunean eta kulturaren zabalkundean laguntzen duen heinean. Planek liburu elektronikoaren presentzia areagotzen lagundu dezakete. Gainera, liburutegientzat ere bultzada bat izan daitezke».

Oraindik, dena den, gauza asko dauzkate zehazteko. Tartean, liburutegiek, udalen bidez, zenbat pagatu beharko duten liburu horiengatik. «Zaila da prezio bat jartzea. Erabilera, erabiltzaile kopurua, zein epeetarako den…: gauza asko argitu behar dira lehenik. Hori guztia liburutegiekin hitz egin beharko da. Bi aldeei egoki eta eroso zaigun lan egiteko eredu bat jarri beharko da. Horrek finkatuko du prezioa». Hori guztia adosteko, elkarlanerako deia egin die erakundeei. «Iruditzen zait erakundeek honen guztiaren motorra izan behar dutela. Liburutegi zein editore eta egileen beharrak entzun, landu eta bide egokian jarri behar dituzte. Alde guztientzat izan daiteke onuragarria zabaltzen den aro berri hau, eta guztiek dugu aurre egiteko borondatea». Dena den, oharra egin du: «Modu iraunkorrean egin beharko da».

Susa argitaletxeko Gorka Arresek, berriz, liburutegiek liburu elektronikoengatik ordaindu beharko duten diruan jarri du arreta. Horri lotuta eman du egitasmoari buruzko iritzia: «Ondo irudituko litzaidake egitasmoa, liburutegiek liburu elektronikoak paperezkoak bezala erosiko balituzke. Hau da, bat erosi eta nahi beste aldiz mailegatu». Arresek, ordea, susmoa du plataforma eta argitaletxe batzuek asmoa dutela liburutegiei liburu horiengatik aldian behin kobratzeko. «Liburu elektronikoek DRM izeneko giltzarrapo moduko bat dute. DRM horrek egiten duena da mailegu ezinezko bihurtu. Beraz, zer egingo dute: giltzarrapo hori gabe saldu edo maileguagatik liburutegiei kobratu?». Hori da argitu behar den aurreneko gauza, Arreseren ustez. Baina «epe motzean eta oinarrian» egitasmoak helburu ekonomizista izan dezakeela uste du. «Plataformek negozioa egiteko bide bat ikus dezakete hor». Hori dela eta, eskaria egin die erakundeei: «Gauzak estu jarri behar dizkiete plataforma horiei. Izan ere, liburutegi publikoak lorpen edo zerbitzu publiko bat dira. Orain, ordea, horiek kudeatzen dituzten udalak erosle gatibu egin nahi dituzte».

Susak DRM giltzarraporik gabe saltzen ditu liburu elektronikoak. Erabiltzaileak 3,5 euro inguru pagatzen du. «Liburutegiekin ere hala egingo dugu. Hala, behin bakarrik pagatu beharko dute. Dena den, guk bakarrik ezin ditugu ase liburutegi publiko guztien eskariak».

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.