Antton Luku: «Dantza ikasi dugularik, munduari so egoteko modu bat transmititu digute»

Juan Luis Zabala / 2014-02-18 / 824 hitz

Antton Lukuk «istorio politiko» eta «formazio istorio» gisa aztertu du antzerki herrikoia ‘Libertitzeaz’ saiakeran.
Urteetako esperientziak, lekukotasunak, irakurketak eta gogoetak uztartu ditu.

Urte askotako esperientzia pertsonalak, lekukotasunak, irakurketak eta gogoetak uztartuz, antzerki herrikoiaren formak «funtzio politiko-soziala» duen «artedrama» gisa aztertu ditu Antton Luku idazle, irakasle eta ikerlari baxenabartarrak (Kalifornia, 1959) Libertitzeaz saiakera mardula (Pamiela) osatzen duten ia-ia 500 orrialdeetan. Lukuren ustez, arte eszenikoetako etorkizuneko proiektuek forma herrikoi horien sakoneko egitura eta motibazioen ezagutzan oinarritu beharko lukete, forma herrikoi horien azpian gordetako metaforen sarea izan beharko lukete abiapuntu.

«Hiztegira joaten bagara, libertitzea jolasa da, jostatzea», azaldu du idazleak. «Gure artean, inauteria libertimendua da, jostatzeko egun bat edo besta egun bat bezala. Baina ibiltzen ginelarik duela ez dakit zenbat urte maskaradetan edo, ikusten zen irria jendeen begitarteetan, baina ikusten zen halako seriotasun bat ere, zerbait jokatzen zela hor, jolasteaz baino biziki urrunago joaten zena. Dantzaren inguruan eta jokoaren inguruan zerbait garrantzitsuagoa bazela sumatzen genuen, zerbait kasik sakratua ere, eta gu orduan ginen dantzari gazteak zentzu eske ibiltzen ginen. Zentzu horren gibeletik nahi genuen jakin nola transmititzen zen gauza hori, edo zer eragiten zuten elkarrekin zirelarik dantzari horiek».

Galdera horiei erantzuna bilatuz, honako hau da atera duen ondorio argienetako bat: «Uste dut ez dela libertitze istorio bat, dela politika istorio bat eta formakuntza istorio bat». Antzerki eta dantza herrikoiaren bidez, gizarteek «segida» ziurtatzea bilatu baitute, «iraupena», Euskal Herrian munduko leku orotan bezala. Eugenio Barba ikerlariak munduko antropologia teatralari buruz idatzitako lanak irakurtzean, «duela 15 edo 20 urte», ikuskizun edo erritual guztiak «drama izenaren pean» sartzen zituela ohartu zen Luku, eta bestelako ikuspegi bat zabaltzeko balio zuela horrek. «Guk dantza deitzen genuena —kabalkadak, maskaradak edo gauza horiek— berriz so egiten ahal dugu ikuspegi berri batekin. Dena da antzerki edo dena da drama. Denak dira erritual beraren aktore. Dantzaria aktore bat da eta bertsolaria ere bai. Gero ikusi behar da zer artedrama den, zerk biltzen dituen jende horiek oro delako antzerkiaren aterki beraren pean».

Teknikaz haragokoak

«Liburu autobiografikoa da, nik egin dudan bilaketa kontatzen duelako», azaldu du Lukuk. «Gure belaunaldikook bilatu egin dugu zentzu hori, hautsia zelako lerroa. Zantzu batzuk baziren han eta hemen, ezker-eskuin. Honi hartzen zenizkion bi lerro, eta beste bati ez dakit zer… Nik konbentzitu gaituen boza bilatu dut. Guk dantza ikasi dugularik jende batzuek transmititu digute hori, baina ez digute soilik teknika bat transmititu; transmititu digute giro bat, filosofia bat erran genezake, munduari so egoteko manera bat, eta konprenitzen duzu gero metafora gauza bat dela, baina metaforak txirikordatzen direlarik horrek baldintzatzen duela ikuskizunaren estetika hondotik. Ezartzen duzu jokalaria jarrera aktibo batean, sorkuntza batean, eta horrek egiten du gero emaitza izatea mota honetakoa edo bertze mota batekoa. Mintzatzeko molde hori, sekula ez baita agertuko, agertzen da estetika hutsez. Horretan da maite ukan dudan antzerkiaren berezitasuna».

Lukuk maiz aipatzen duen adibidea da Garaziko bolantena: «Formatzen direlarik, Garazin, bolanta deitzen dira gure dantzariak, eta erraten da ‘hori bolanta ederra da’ eta gisakoak. Baina bertsozalea ez den bolanta niretako ez da euskal dantzaria. Lotura fisikoa baita kasik bi pertsonaien artean: bata mutua da delakoz eta bestea dena ele. Biak dira pertsonaia beraren dekonstrukzio bat. Eta dekonstrukzio hitza aipatzen dudalarik sartzen gara antzerki handian. Eta pentsatzen dugu: nola da posible horiek horrelako herri ttipietan dekonstrukzioa bere baitan duen antzerkia izatea? Ez da hori, nire ustez, asko ikasteko duen antzerkia, asko irakasteko duena baizik».

Berak bere ingurutik abiatuz egin duen lana dantzari orok egin beharrekoa dela uste du Lukuk. «Biziki elaboratua den antzerki forma bat jaso dugu, guk dantza deitzen duguna arduraz, edo bertsolaritza deitzen duguna. Nik uste dut ez dela ezaguna euskal kulturan, kontsideratua baita peko mailako kultura bat bezala, kultura ttipi bat bezala, ezin duena eredu izan handi batentzat. Baina konbentzitua naiz hala dela, erran nahi baita unibertsaltasun bat baduela kultura horrek».

Ezagutzaren aldeko aldarrikapena ez dago inondik ere lotua, Lukuren kasuan, aldaketaren debekuarekin, berrikuntzaren gaitzespenarekin. «Beste bizitzeko molde batzuk ditugu egun. Baina horretarako ere bada liburua. Izpiritu bat da. Forma berriak, eta erritual berriak eta denak dira arrapentsatzeko, baina arrapentsatzeko dira ebidentzia horrekin. Ez du arrazoirik edo baliorik, nire ustez, libertimendu bat emateak Baiona Ttipian orain. Inspiratzen ahal da pertsonaia horiengan beste zerbait egiteko. Sortzeko behar da ulertu, eta sartu arrunt hondora metafora sare batek baldintzatu duen estetika horretan».

Ez da inola ere sorkuntzaren aurkako ikuspegia Lukurena, ez baitu uste du dena egina dagoela, dena «egiteko» dagoela baizik. «Liburu hau ez da, ene ustez, finitze bat, abiatze bat baizik. Nahi du aztertu zer egin duten zaharrek, zer izan den gure herentzia, gure proiektua gida dezagun».
———————-

«Gimnasia besterik ez bada, dantzak bere erranahia galtzen du»

Lukuk sumatzen duen hutsunearen adibide esanguratsua da Zuberoako dantzekin gertatzen dena: «Zuberoako dantza erakartasun handikoa da Euskal Herri osoan. Prestigio handia ematen dio dantzariari. Baina hori baizik ez baldin bada, gimnasia besterik ez baldin bada, orduan ateratzen da bere kontestutik eta bere erranahia galtzen du. Xorrotxen kantua gabe ez da deus. Eta erraten da zuberotarrena dantzari herri bat dela, baina baita kantari herri bat ere, eta pastoral herri bat. Gauza horiek denak dira nahastekatuak».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude