Gezurrezko natura hila

Gezurrezko natura hilaEgilea: Marinella Terzi
Itzultzailea: Joxe Antonio Sarasola
Argitaletxea: Ibaizabal
Bilduma: Ameslari
Urtea: 2013
ISBN: 978-84-8394-784-5
R: 7.092

Erraz irakurtzen den liburua dugu honakoa, oso erritmo azkarra baitu. Gaia interesgarria da, hasieratik jakin-mina pizten du eta irakurtzen jarraitzera bultzatzen du. Bi konturen inguruan aritzen da nagusiki: batetik, Ingridek bere urtebetetze egunean jaso duen oparia; eta bestetik, Ingriden eta bere gelakide Jacoboren arteko harremana.

14 kapitulutan dago banatua, eta gehienetan egunerokoaren berriak eta Ingriden gorabeheren berriak tartekatzen ditu. Horrela, batez ere irakurtzen jarraitzeko gogoa pizten du, eta oso ongi eusten dio tentsioari, juxtu momenturik interesgarrienean, bi ataletan jarraian (9. eta 10.ean) ez du egunerokoaren berri ematen.

Protagonista Ingrid da, Madrilen bizi den neska bat. Argi du, ustez, “aske” izan nahi duela eta ez duela adiskidetasuna beste loturarik nahi. 16 urte bete dituen egunean, bere birramonaren, Carmen Beltránen, egunerokoa jaso du, familiako tradizioa baita hau oparitzea. Eguneroko hori irakurri ahala, ordura arte ez zekizkien gauzak jakingo ditu, bai bere familiari buruz eta bai XX. mende hasierako emakume artistei buruz. Narrazioak bikotekideen arteko harremanei buruzko hausnarketa egiteko bidea ematen du. Liburuak pertsonaien ezaugarri piskologikoen berri ematen du, eta oso ongi islatzen du, batez ere, birramona zein garaitan bizi zen eta garai hartako ezaugarriak zein ziren.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.