Gurasoak ere irakasle

Araitz Muguruza / 2014-02-27 / 446 hitz

Haurrei etxeko lanak egiten laguntzeko biltzen da hamar laguneko guraso talde bat Errenterian; eskolako heziketan parte hartze zuzena lortu nahi dute horrela.

Lepoa liburuetara makurtuta, kontzentratuta daude haurrak eskolako lanak egiten. Murmurio ahul batzuk soilik entzuten dira, laguntzen ari zaien gurasoren baten azalpenek sortutakoa; bestela, isiltasuna nagusi da Errenteriako (Gipuzkoa) Gurekin auzo elkartean, eskoletako geletan izaten dena baino handiagoa kasik. Lanean ari dira jo eta su, eta zalantzak argitzeko, inguruan dituzte gurasoak. Iztieta auzoan biltzen hasi den guraso taldekoen haurrak dira, eta Oihan Lopez irakasle eta psikopedagogoa gidari dutela ekin diote helduek berriki hezitzaile lanari.

Hezkuntza sisteman ikusitako gabeziek eraman dute Lopez halako proiektu bat abian jartzera: «Gurasoek ikasleen heziketan parte hartzea nahi dugu, eta hori lortzeko daude Guraso Elkarteak, baina ingurukoekin hitz eginda, elkarte horiek ez direla gurasoengana iristen jaso dut». Eta parte hartze horren faltak eragiten ditu arazo handienak haurren hezkuntzan, Lopezen ustez. «Beldurtu egiten dira, eta pentsatzen dute beste pertsona bat behar dutela ikasketetan ongi joateko; modu horretan gurasoen esku hartzea murriztu, eta ebaluazioetara eta emaitzetara mugatzen da».

Gurasoak ere prestatzen

Gurasoen «benetako» parte hartze hori sustatzeko helburuz sortu zuen gunea Lopezek. Hamar bat haur biltzen dira astean bi egunetan, ordu eta erdiz eskoletako lanak egiteko. Proiektua hasi berri dutenez, gurasoak heziketa lanetarako prestatzen ari dira, gero haurrei errazago laguntzeko. Lehenengo zereginetako bat izan dute, esaterako, heldu bakoitzari ikasgai bat zehaztea. Ongien moldatzen den ikasgaia hartu dute. Rosa Martinek gazteleran laguntzen die haurrei, irakurtzea asko gustatzen baitzaio. Aurretik biltzen zen auzoko beste guraso batzuekin, euskaraz ez baitaki, eta eskoletako lanetan laguntzeko oztopo bihurtzen zitzaion hori.

Lehengo sare txiki hartatik handiago batera egin dute jauzi orain, eta oso gustura dagoela dio. «Gerta dakiguken gauzarik onena izan da hau; gainera, alaba gustura dabil, eta hori asko da». Izan ere, etxean baino errazago konzentratzen dira haurrak elkartean, giroak horretara bultzatzen dituelako. «Ingurukoak ere lanerako daudela ikustea da garrantzitsuena, eta motibazio hori ez dute etxean izaten», gaineratu du ondotik Juan Mari Gorostegik. Matematika ematen du. DBHko lehenengo mailan dabil Maider Gorostegi, haren alaba. Sesioen iturri izaten baitira sarri etxeko lanak, eta haurrek eskola zerbait negatiboa balitz bezala hartzeko arriskua dago, lortu nahi den jarreraren aurkakoa, alegia.

Maider Carballo, Uxue Marlagon eta Gorostegi ikasleak iritzi berekoak dira, etxean baino gogo handiagoz egiten dituzte etxeko lanak auzoko elkartean. Gehien lantzen dituzten ikasgaiak Ingurunea, Matematika eta Ingelesa direla dio Marlagonek: «Etxeko lan gehienak ikasgai horietakoak direlako. Baina lanerako bakarrik ez dira biltzen elkartean, denborarekin lagun ere egin baitira. Aurrez ez zuten elkar ezagutzen, adin eta eskola desberdinetako ikasleak baitira.

Iztietan hasitakoa osatzeko bidean da Lopez; Agustinas eta Alaberga Errenteriako beste bi auzoetan ere talde bana sortu nahi ditu. Helburu argia du: «Pedagogo txiki batzuk sortu nahi ditut, parte hartzea bultzatzeko».

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.