Oculus Rift, errealitate birtualeko bururako gailua

Aitor Aretxaga / 2014-02-19 / 671 hitz

‘Oculus Rift’ izenekoa Crystal Cove errealitate birtualeko modako gailua da. Errealitate birtuala errealitate komertzial bihurtzeko sortu da, eta puntako murgiltze teknologia etxeetara eramatea du xedea. Proiektua finantzaketa kolektiboak bizitu zuen zeharo.

Errealitate birtuala 1990eko hamarkadan egin zen ezagun, gehienbat zientzia fikziozko filmei esker. Hor daude, besteak beste, Johnny Mnemonic, Lawnmower Man eta Matrix trilogia. Bilboko Erakusketa Azoka zaharrean Gabonetan egin ohi zen PIN umeentzako parkean probatu ahal izan zen garai hartan. Beste hainbeste Poitierseko Futuroscope parkean ere. Kasko bat jantzita, begien parera zeuden pantaila txiki bik eta entzungailu batek bestelako ingurune bat erakusten zuten, norberaren ikuspegi guztia betez. Izan ere, ikusmena eta entzumena errealitate birtual batez ordezkatzen dituen murgiltze teknologia da VR edo Virtual Reality.

Irudi pixelatuetan barna, ezker eta eskuin, gora eta behera eginez, mundu berri bat erakusten zuten lehen gailu haiek; etorkizun hurbilean zabaldu behar zuen teknologiaren erakusgarria ziruditen. Hala eta guztiz ere, bizipenaren sinesgarritasun urriak eta prezio handiek eragin zuten errealitate birtualak izandako porrota.

Potentzial ikaragarria duen teknologia

Hogei urte pasatu dira, eta teknologia zein erabiltzaileak ez dira ordukoak. Merkaturatzear da errealitate birtualeko behin betiko gailua: Oculus Rift. Hain zuzen, 1080p bereizmen handiko OLED pantailan puntako grafikoak eta irudiak erakusteko gaitasuna duten kasko modukoak.

Orain arte ikusitako Oculus VR gailuetan, bi eratako kontrola ageri da: mugimenduarena eta ikuspegiarena. Erabiltzaileak ikusi nahi duena buruaren mugimendu naturalarekin egiten du. Hau da, buruaren posizioaren jarraipena egin eta imitatzen du errealitate birtualak, unean uneko ikuspegi berria moldatuz irudi bidez. Mugimenduaren kontrola, berriz, XBOX 360 kontsolaren aginte batekin eraman dute probetan.

Ikus-entzunekoen iraultza amestuz

Hori ez da osagarri bat gehiago izango, ezta momentuko moda xume bat ere. Palmer Luckey sortzaileak iraultza ekarri du ikus-entzunezko esparrura. Izan ere, bideo jokoen erabilpena nabaria den arren, filmak eta liburuak simulatzeko balioko duela aurreratu dute. Pertsonaien azalean jarriko da ikuslea, eta, horrela, parerik gabeko murgiltze sentipena lortu. Aisialdirako, osasunerako, psikologiarako eta beste medikuntza esparruetarako ere erabilgarria izan daiteke. Probatu duten guztiak zur eta lur utzi ditu, behintzat, asmakizunak. Dena dela, teknologien esparruan hype esaten zaion fenomenoa pizten ari da orain Oculus Riften inguruan; esamesak eta gehiegizko itxaropena sustatzen direnekoa, alegia.

Ikusminetik babesera

2012an, E3 bideo jokoen azokan eman zuten Oculus Rift proiektuaren berri. Erakutsi zuten prototipoak atentzioa eman zuen. Eta, orduan, errealitate birtualerako teknologia edozein erabiltzaileren eskura jarri ahal izateko, finantzaketarako deia egin zuten.

Aho beteko erantzuna izan zuten. Kickstarter webgunean, milioi bat dolar bildu zuten ordu gutxitan, eta, 2,5 milioi dolarrera iristean (1,82 milioi euro), betetzat eman zuten eskaera. Hala ere, finantzaketa kolektiboak baino bultzada entzutetsuagoa jaso zuten iragan abenduaren 12an, Marc Andreessen Interneteko nabigatzaileen sortzailea batu baitzitzaien. 75 milioi dolarreko ekarpena egin zuen Andressenek (54.76 milioi euro).

Software garatzaileen erabateko babesa ere badu egitasmoak. Oculusen arduradunek eskuragarri jarri dizkiete sarean edukiak garatu ahal izateko tresnak edo SDK bildumak. Eskuliburu eta adibide eta guzti jarri ere. Laster hasiko dira agertzen VR gaitua duten bideo jokoak. Valve etxeak eta haren Steam plataformak babesa eman diote dagoeneko.

Baina errealitate birtualak betiko mamuak gainditu beharko ditu arrakastarako bidean. Izan ere, jendea irrikaz da merkaturatzeko eguna eta salneurria jakiteko, baina ez da halako informaziorik. Zurrumurru baikorrenek datorren Gabonetan aurreikusten dute estreinaldia, baina auskalo.

Urtarrileko CES 2014 azokan egin zuten azken erakustaldian, prototipo berria ikusteko beta izan zen. Crystal Cove prototipoarekin, aurreko bertsioen akats nagusiak zuzendu dituzte, eta hurbil omen dira azkenean merkaturatuko duten produktutik.

Irudi eta posizionamendu hobetuak

Buruaren posizioaren jarraipena egiteko aurreneko saioetan, mugimendu bizkorregiek irudia lausotzen zuten. Erabiltzaileak zorabiatzen zituen akatsa zuzendu dute jada Crystal Coven. Hein batean, hutsera jaistea lortu dutelako OLED pantaila berriaren pixelen latentzia. Baina, batez ere, pixelak orain banaka programatu direlako, datu egokiek soilik pitz ditzaten.

Horretaz gain, sei norabideko kontrola deitu duten zehaztasun maila lortu dute. Arestian aipatutako oinarrizkoei sakontasuna gehituta egin dute. Esate baterako, errealitate birtualean ageri den paretako ohar bat hobeto irakurtzeko, burua aurrera bota edo okertu besterik ez da egin behar. Hurbildu egingo da ikuspegia, benetan gertatzen den gisara. Kaskoak erakusle txiki batzuk daramatza gainazal guztian barreiatuta, eta horien posizioa jasotzen duen kamera bat jarri behar da aurrean. Litekeena da kaleratzen dutenerako kamera sistema hori erosoagoa den beste batek ordezkatzea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude