‘Totum revolutum’

Mikel Asurmendi / 2014-02-16 / 464 hitz

  • Izenburua: 4×4 operazioa
  • Egilea: Xabier Amuriza
  • Argitaletxea: Lanku

Irakurle lagun hori, bardoak kantatu legez «urrundik heldu naiz, luze ibili», hizpide dudan idazlearen Oromenderrieta liburua (Elkar, 1984) galtzarbean heldu ere. Oromenderrieta-ren oroimen lausoa gorde dut. Haren aurretiko Hil ala bizi eta osteko Emea eleberriak, berriz, ez ditut ezagutu. Euskaraz ikasi eta bizi guraz literaturara hurbildu nintzen horietakoa nauzu, literaturara berandu bihurtutako neofitoa.

Natorren harira eta garaira. Xabier Amurizak «zazpi liburuko bilduma» iragarri zuen 2007an, Dinosauroak horizontean plazaratzean, sortako lehena, Marcel Prousten A la recherche du temps perdu (Denbora galduaren bila) bilduma aipatu zuen. Ondoren heldu ziren Orain ezin naiz hil eta Olatu bat kuartelen gainetik. Iazko hondarrean, berriz, 4×4 operazioa. Denak Joan ziren leloaren ezaugarripean. Joanak joan, eleberrigilearen saga horren barneko 4×4 operazioa hartu dut iruzkintzeko. Eman dezadan, hasteko, saga edo ziklo honen baitako liburu zikloi hauen ufaden arrasto zenbait.

Denbora galduaren bila abiatu zen Xabier Amuriza. Euskal Herria du subjektu idazleak. Bera dugu narratzailea. Kondentsa ezina den denbora berbako botiletan konprimitu nahian jardun du idazleak, hainbesteraino, non berak iragarri bezala, bizitzak eskainitako pasadizoak, fenomeno esplika ezinak diren narrazioak bihurtu dituen.

Amurizaren historiaren istorioen lurraldea ezagutzeko bere biografia ezagutu besterik ez duzu, aise dituzu antzematea: Torreburu, Etxano, Gizaburuaga, Amoroto, Derio, Bilbo, Zamora… baita Madril ere. Hots frankismoa.

Frankismoa eta 60ko hamarraldia. Hortxe 4×4 operazioa-ren garaia. Handi-handika esanda, Gogor apaiz mugimenduaren errebolta eta itxialdia ditu kontagai eleberriak. Kontraesanik badirudi ere, garai hark eta gaurkoak badute zerbait komuna. Ordukoan jendartea «irauli egin» zen eta gaur egun —orduan lako «iraultza» gertatzeko ahalmenik barik— zibilizazio baten atarian gaudelakoan nago.

Mintza nadin literaturaz, mentura nadin bederen: liburuan kontatu errebolta hura Totum revolutum begitandu zait, eta, orobat, operazioaren kontakizuna, itogarria. Literaturak esplizitutik behar adina behar baitu inplizitutik, eta Amurizaren buruan hain da dena esplizitua, irakurle naizen hau, bederen, ito du.

ETA eta Txabi Etxebarrieta zer ziren ulertuko badugu, hobe Bilboko gobernadore zibilaren gutuna ez ezagutzea. Berbarako diot, eta benaz. Historia horren esplizituki kontatzea balizko erromantizismo apurrarekin akabatzea da. Barka ene gordina. Liburuak eragindako bertigoaz idazten ditut berbok. Literaturak estetika behar du, edo enboltorio engainagarria sikiera. Narratzaileak ondutako elkarrizketak amaigabeak dira, izen errealen eta irrealen arteko jokoa zaila batzeko. Frankismoa, Vatikanoa, JELtzismoa, Etismoa, karlismoa edo Arthur erregearen pasadizoen nahasketa koktel molotov literarioa da. Jorge Oteiza tarteko, Proust eta Santo Tomas, Sarri eta San Agustin, Biblia eta Mila eta bat gauak, Kant eta Aresti, Kafka eta Ratzinger…

Errespetuz diot, «arbola larregi akaso, basoa behar bezala ikusteko».

Gure historiaren kontakizuna bogan dago. Gure etorkizuneko «zerumugan dinosauroak berriz agertuko badira, literatur basoak arbolak eta narrastiak bereiz ikusten laga beharko ditu» kontakizunak. Munduko nazio guztiak Josafateko zelaian bilduko garen «sinesmena» gorde nahi dut. Iragan arbasoen nolakoa —gure imajinarioan— halako geroko basoak. Hartara bidean, baina, basoa sarriegia egin zait: «Urrundik heldu naiz, eta zilegi bekit adiskide, esatea, pentsatzea, baso horrek ez duela goroldio baizik sortuko harrizko buruetan…».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.