Anaiak eskutik eramana

Araitz Muguruza / 2014-03-07 / 438 hitz

Iñaki Irasizabalen ‘Odolaren deia’ nobelaren muina familia barruko harremanak dira.

Aitaren heriotzak elkartzen dituen bi anaiaren istorioa du abiapuntu Odolaren deia (Elkar) Iñaki Irasizabalen (Durango, Bizkaia, 1969) azken nobelak. Lehendik ia galduta zuten harremana berreskuratuko dute liburuan, baina batak bestea legez kanpoko ekintzetara eramango du. Familia barruko harremanak nobela beltzetan ohikoak izaten diren ezaugarriekin bildu ditu Irasizabalek: misterioa, hilketak, tiroak… Hori bai, gehiegikeriatan erori gabe. «Saiatu naiz errealitatearekin fidelen izaten, Euskal Herria ez da AEB; horregatik, ez ditut muturrekoegiak diren egoerak sartu».

Sekula ongi konpondu ez diren bi anaia dira istorioko protagonistak. 60ko hamarkadako familia batean hazitakoak dira. Izaeraz oso desberdinak. Muturrekoak. Bata, txoriburua; bestea, serioagoa. Bizimodua ere desberdin egin dute: anaietako batek familia «konbentzionala» du; besteak, berriz, «horren ohikoa ez den familia: neska-laguna eta haren semearekin bizi da». Harremanak liburuaren muina direla adierazi du Irasizabalek: «Familia barruko harremanek enpatiaren aukera ugaritu egiten dute». Eta hartu-emanez ari dela, kontakizunean leialtasunak ere toki garrantzitsua hartzen duela nabarmendu du idazleak: «Leialtasuna nori? Odolak zenbaterainoko garrantzia du horretan?». Galdera horien inguruan dabil istorioa.

Nobela errealitatearen isla izan zedin saiatu da Irasizabal: «Gaur egun familia eredu desberdinak ugariagoak dira, eta hori behar bezala onartzeko erabili ditut liburuan». Kritika egiteko ere aprobetxatu nahi izan du: «Behar bezalako kritika egin nahi bada, protagonistek ez dituzte iragarkietan agertzen diren familien ezaugarri berak izan behar». Hala ere, desberdintasunak bezainbeste berdintasun aurkitzen dizkie idazleak bi protagonistei: «Bada halako paralelismo bat, nahiz eta elkartzen direnean erabat bizimodu desberdina eraman». Antzeko akatsak dituzte, eta tankerako bertuteak. Jatorri berekoak izateak eragina izan duela dio Irasizabalek.

Odolaren deia liburu «laburra» eta «azkarra» dela azaldu du idazleak. «Bizia da oso, ekintza asko gertatzeaz gain elkarrizketa mordoa dagoelako». Detektibeek ez dute garrantzirik; delitugileen aldetik dago osatua liburua.

Ohikoa duen estiloari eusten diola azaldu du Xabier Mendiguren Elkar argitaletxeko editoreak: «Indar handiena ez du jartzen tramaren misterioan, detektibeek gero askatzen dituzten gakoetan baizik; aitzitik, trama hori liburuaren bizkarrezurra da, eta gizartearen erretratu fin bat egiten du». Horrela bada, hainbat gai jorratzen dira nobelan, baina oso sakon landu gabe. «Zertzeladak», Irasizabal ez baita gauzak luze kontatzeko zale, Mendigurenen esanetan: «Azkenean oihal oso bat margotzen du».

Eszena batetik, idaztera

Ekintza jakin bat deskribatzeak eramaten du nobela bat harilkatzera Irasizabal. Horren atzean dagoenari eta gero datorrenari heltzen dio azkenean istorioa osatzeko. Kokalekuari dagokionez, ahalegintzen da Euskal Herritik urrunegi ez eramaten. «Giroa eta argumentuak egokitu egin behar dira, paperean bost pertsona edo bakarra hiltzea antzekoa baita, baina nik bost lagunen hilketak sartuko banitu, ez litzateke horren sinesgarri geldituko».

Aurrez ere nobela beltz asko idatzi ditu Irasizabalek; besteak beste, Mendaroko txokolatea (Elkar, 2005), Igelak benetan hiltzen dira (Elkar, 2011), Orbe auziaren ingurukoak, (Elkar, 2012) eta Bizkartzainaren lehentasunak (Elkar, 2013).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude