Apurtzen

Julio Soto / 2014-03-05 / 236 hitz

Burua behera jaitsita egiten diote diosala elkarri Japonian. Eskua ematen diogu guk ezezagunari, eskua edo muxua. Hartzailearen eta emailearen sexuak baldintzatzen du, sexuak edo kulturak, edo kontzientziak. Muxu ematean, bi. Aldiz, hiru izaten dira muxuak Belgikan, Herbehereetan eta Frantziako zenbait gunetan. Sei arte eman diezazkiekete elkarri Errusian, tartean asko dira ezpainetan emandakoak. Eskimalek sudurra igurtzi eta igurtzi. Eta Malawiko Ngá tribuan, gizonek zakila astintzen diote elkarri, hiru aldiz. Hortik gora mespretxu edo homosexualitate keinutzat hartzen da. Emakumeek bularrak igurzten dizkiote elkarri. Eta sexu ezberdinekoen arteko agurra, elkarren sexu-organoak igurtzita. Zenbait herri musulmanetan, afrikarretan, gizonezkoak elkarri esku emanda joaten dira kaletik, gizonezkoak.

Kontaktu fisikorik gabeko heziketa izan da gurea, gure aurrekoena. Kontaktu fisikorik gabekoa eta ar-eme bereizketak baldintzatutakoa. Inplizituki irakatsi zaigu maitasuna keinutan edo hitzetan baino ekintzetan adieraztekoa dela. Bizkarrean kolpetxo bat, eta emakumerik tartean badago, masailean urduri emandako muxu bi. Lorpen handiren batek edo heriotzak behar dute egon tartean besarkada bat emateko, jasotzeko. Eman gabeez, esan gabeez damutzeko berandu denean. Familia barruan, amak alabari emandakoez gain, besarkadak Goenkale-n.

Badakit lotsaz, beldurrez eta tabuez eraikitako hormak apurtzeko mutur batetik bestera joan behar izaten dela askotan. Ez naiz ni ohiturak aldatzeko besarkadak debalde ematekoa, hartzekoa. Ez behintzat gainontzekoak baino liberalagoa sentitzeko egina bada. Arimarik gabeko lau beso iruditzen zaizkit, lau ezpain. Baina hasi behar genuke maitasuna ekintzetan ez ezik hitzetan eta keinuetan ere eman daitekeela irakasten. Eta ematen dutenak errespetatzen.

Asko dira bidean uzten ditugun hitzak, muxuak, besarkadak.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.