Big-Banga izan eta berehala inflazio kosmikoa gertatu zela frogatu dute

Amaia Portugal / 2014-03-18 / 473 hitz

Unibertsoa jaio zen unean ikaragarri azkar hedatu zela egiaztatu dute, grabitazio uhinen arrastoa topatuta.

Zer gertatu zen unibertsoa hasi zenean? Fisikariek nahiko garbi zuten lehendik ere galdera horren erantzuna, baina paperean idatzitakoa egiaztatuko zuen zerbait behar zuten. Ikusi, erabat sinisteko. Ikerketa gehiago egin beharko dira, baina badirudi Antarktikako BICEP2 teleskopioak eman duela froga hori. Hala iragarri zuten atzo AEBetako Harvard-Smithsonian Astrofisika Institutuan. Ez da burugabekeria lan honek Nobel saria ekar dezakeela pentsatzea.

Duela 13.800 milioi urte Big-Banga gertatu zenean berehala inflazio kosmikoa izan zela uste da. Hau da, ikaragarrizko denbora tarte txikian sekulako hedapena izan zuela unibertsoak. Une horretan gertatutakoa ez dago gaur egungo ezerekin alderatzerik. CERNeko Hadroien Talkagailu Handiak ere ezingo luke inondik inora unibertsoak bere hastapenean zuen tenperatura eta energia metaketara gerturatu. Bada, BICEP2k grabitazio uhinen arrastoak detektatu ditu, eta hori zen inflazio kosmikoa izan zela argitzeko behar zuten froga.

Zergatik grabitazio uhinak? Beste behin ere, Albert Einsteinek arrazoi zuelako. Ia mende bete formulatu zuen erlatibitatearen teoria orokorraren arabera, inflazio kosmikoaren moduko gertaera bortitz batek uhinen modukoak sortu beharko lituzke espazio-denboran: grabitazio uhinak. Begi bistakoak balira, uhinok, mugitu ahala, espazioa estutu eta atzera zabaldu egiten dutela ikusiko genuke.

Uhinen hondo erradiazioa

Einsteinek gauza batean huts egin zuen, ordea. Haren ustez, unibertsoa hain handia eta zaharra izaki, ezinezkoa izango zen grabitazio uhinok topatzea. BICEP2 teleskopioak aurkitu ditu, baina. Grabitazio uhinen mugimenduak bidean utzitako aztarna detektatu du, nolabait esateko.

Duela 13.800 milioi urte sortutako grabitazio uhinak hortik zehar ibiliko dira, oraindik ere, unibertsoan. Baina oso ahulak behar dute izan, eta ezinezkoa da horiek bete-betean harrapatzea. Horren ordez, unibertsoan zehar dabiltzan oinarrizko partikulei erreparatu diete ikertzaileek, horien gainean grabitazio uhinek arrastorik utzi ote duten jakiteko. Mikrouhinen hondo erradiazioa aztertuta egiten da hori; unibertsoaren sorreraren lekukoa da orduz geroztik iraun duen erradiazio elektromagnetikoa.

Mikrouhinen hondo erradiazio hori aztertzeko eraiki zuten BICEP2 irrati-teleskopioa. Bai eta Antarktikara eraman ere, ahalik eta ikuspegi garbiena izan zezan. Hala, Harvard-Smithsonian Astrofisika Institutuko kideek atzo jakinarazi zutenez, teleskopioak hantura moduko batzuk topatu ditu mikrouhinen hondo kosmiko horretan. Beste ikerketa batzuek egiaztatu beharko badute ere, hantura horiek grabitazio uhinek sortuak direla dirudi. Inflazio kosmikoaren erakusle diren grabitazio uhinak.

Aurkikuntza honek, gainera, fisika klasikoa —erlatibitatearen teoriari dagokiona— eta kuantikoa —eskala atomikoan izaten diren gertaerei dagokiena— lotzen ditu. Inflazioa fenomeno kuantikoa da; eta grabitazio uhinak, berriz, fisika klasikoaren parte dira. Grabitateak jatorri kuantikoa duela erakusten duen lehenengo froga izan daiteke.

Azken orduotan zientzialari askok adierazi dute atzo iragarritako aurkikuntza mugarria izan daitekeela. Nobel saria merezi duela ere adierazi dute zenbaitek, nahiz eta horretarako beste ikerketa batzuek ere egiaztatu beharko duten inflazio kosmikoa gertatu zela.

Kontuak kontu, Avi Loeb Harvard-Smithsonian zentroko fisikariak adierazi bezala, «lan honek ekarpen berriak egiten ditu gure galdera oinarrizkoenen inguruan: zergatik existitzen gara? Nola hasi zen unibertsoa? Emaitza hauek inflazioaren erakusle dira, baina ez hori bakarrik. Inflazioa noiz gertatu zen eta prozesua zeinen indartsua izan zen ere esaten digute».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.