Dena hasi zeneko musika

Alberto Barandiaran / 2014-03-14 / 433 hitz

Big Banga, hasierako eztanda kosmiko orobatekoa, denaren abiapuntua, bost minututan gertatu omen zen: hasi eta buka, bost minutu. Hala titulatu zuen The Washington Post kazetak 1948ko udaberrian, Ralph Alpher astrofisiko gazteak bere tesia jendaurrean aurkeztu zuenean. Garai hartan, Big Bangaren teoria berri samarra zen, ezezaguna oraindik, eta zalantza handiak sortzen zituen ikerlarien artean. Georges Lemaître izeneko apaiz belgikarrak proposatu zuen hasiera izugarriaren kontu hura, eta «atzorik gabeko eguna» bezala izendatu zuen atomo primitiboaren edo «arrautza kosmiko» baten leherketarena. Alpherren teoria Lemaîtrerena indartzera zetorren.

Ze ondo kontatuta dagoen Lunatikoak liburuan, Egoitz Etxebestek Elhuyar aldizkarian idatzitako artikuluen bilduman.

Eta zer erakargarria den «atzorik gabeko eguna»-rena.

Ba horixe, ez zen oso teoria ezaguna, oraindik esplikazio asko zeuzkan munduaren eta bizitzaren hasierak, gu garenaren sorburuko istorio horrek guztiak, baina hala eta guztiz ere fisikarien artean bazen marmarra, eta milaka ordu sartu zituzten mundu zabaleko irakasleek neurketak egiten, hidrogenoa eta helio atomoen arteko batez bestekoak ikertzen, teoria frogatuko lukeen kalkulu eta emaitza egokiaren bila.

Fisikariak, kimikariak, matematikariak. Zientzia zehatzak, badakizue.

Baina hara non korapiloa askatu zuen datua ez zen etorri probeta edo ordenagailu huts batetik, irrati antena batetik baizik. Harrapatu egin baitzuten zarata. Big Banga, dena lehertzean sortu zen harrabotsa, irrati batek atzeman zuen, eta horrela frogatu ahal izan zen leherketa hura, teoria hutsa zena, baietz, gertatu zela.

Alpherrek horrek eman zuen abisua, beste lan bat kaleratu zuenean. Han ondorioztatu zuen Big Bangak igorritako erradiazioa oraindik badabilela egungo unibertsoan, irrati-uhin gisa. Gutxi gora behera arkeologian eta beste diziplina batzuetan erabiltzen diren urte askotako neurketak egiteko oinarri kontzeptual bera da: airean badira isotopo atomikoak, erradiazioa, eta kalkulatuz gero proportzioak eta zernolakotasunak, ze garaikoak diren ondorioztatu daiteke.

Alpherrek behin eta berriro aldarrikatu zuen hori neurtuz gero, erradiazioa detektatuz gero, hor egongo zela froga erabakigarria, baina ez zuen arrakasta handirik izan nonbait. Inork ez zion heldu amuari.

Beste bi ikerlari gazte iritsi ziren arte. Bi irrati-astronomilari. Komunikazio antena handi bat diseinatzen ari zirela, interferentzia guztiak ezabatzea zen haien proiektua, komunikazioa ahalik eta garbiena izan zedin. Baina, beti, ahalegin guztietan, hondo-soinua geratzen zen.

Urtebetez aritu ziren dena berriro garbitzen. Iritsi ziren laborategiko entxufeak ere desentxufatzera, kableak mugitzera, adaptadoreetan zegoen hautsa kentzera. Antenara igo eta zinta itsasgarria jarri zuten juntura guztietan, baina alferrik: hondo-zarata hor zegoen. Hor jarraitzen zuen. Beti. Ez zegoen isilaraziko zuen ezer. Gau eta egun, zarata han zen.

Beste ikerketa garaikide batek ondorioztatu zuen hura zela unibertsoa sortu zeneko erradiazioa, dena hasi zeneko musika. Teoriak bazuen falta zitzaion froga: leherketaren hotsa ez da artean isildu.

Kontrapuntu polita aste honetan bertan aldizkari berean Xabier Erkizia soinu ikertzaileari egin dioten elkarrizketarekin: «Harrigarria da zenbat ikerketa egin diren soinuaz, eta zer gutxi entzuteaz».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude