Enplegua vs lana (I)

Iratxe Retolaza / 2014-03-08 / 238 hitz

Ilobak lau urte zituela bota zuen lelo mingarri hau: «Amamak ez du lanik egiten». Kosta zitzaigun ikusaraztea amamak lan handia egiten zuela. Ordurako jada ikasia zuen mundua logika jakin baten galbahetik begiratzen: enplegua = lana, soldataduna = langilea. Horiek gogoan, logika hori iraultzeko premiaz hitz egiten duen saiakera bat ekarri nahi izan dut hizpidera gaur, Emakume Langilearen Nazioarteko egunean: Silvia Federiciren La revolución en punto cero. Trabajo doméstico, reproducción y luchas feministas (2013).

Saiakera horretan, besteak beste, begirada feminista-antikapitalista batetik heldu zaio etxeko lanen esparruari. Federicik ohartarazi bezala, sistema kapitalistak soldatadun vs soldata-gabeko logika eraiki du; eta enpleguaren logika horretatik kanpo geratzen dira, beraz, soldata-gabeko hainbat lan, kapitalismoak ikusezin egin dituenak. Diru trukerik ez dagoenez, baloratu ere egiten ez direnak. Lan sozial asko, gizarte-ekimen asko. Horien artean, jakina, etxeko lanak.

Gainera, Federiciren ustez, etxeko lanak emakumeen esplotaziorako eremu bilakatu dira, eta sistema kapitalista sostengatzeko funtsezko. Neurri horretan, etxekoandreak (eta etxeko langileak, oro har) sistema kapitalista sostengatzen duten soldata-gabekoen artean kokatzen ditu. Federici kexu da: ezker mugimenduek etxeko lanen inguruko gogoeta gutxi egin dute, eta langile horien egoerak ez du lekurik agenda politikoan.

Ez dezagun, bada, gaurko egunean logika hori geure egin, eta emakume langile oro gogora ekar dezagun. Baita soldata-gabeko lanetan jarduten duten horiek. Baita beste emakume batzuek bide profesionalak gara ditzagun zaintza-lanetan lagundu diguten horiek. Gizarte-langile horiek askotariko lanetan jarduten dutela oihuka dezagun. Hurrengo belaunaldien ahotan ez dezagun entzun lelo mingarri hau: «Amamak ez du lanik egiten».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.