Eraginkortasun bila

Iñaki Martinez de Luna / 2014-03-23 / 609 hitz

Euskara normalizatzeko ahaleginetan ezinbestekoa dugu zuhurtziaz jokatzea. Asmo horretara bideratu daitezkeen baliabideak (beti) nahi/behar baino urriagoak direnez, horien erabilera optimoa bilatu behar dugu. Ugariak balira ere (amestea doakoa da-eta!), baliabideak egoki baliatzeak eragina areagotzea lekarke eta normalkuntza azkartzea. Hortaz, zuhurtziaz jokatzeko aldarria soberan dago justifikatuta.

Gaur egun, euskalgintzako eragile herritarrek zein instituzionalek erabilera areagotzean jarri dute fokua. Argi dago erabilera hedatzeko lehenik euskaldunekin lan egin behar dela. Izan ere, erdaldunek erabilerari ekin diezaioten ibili beharreko bidea askoz luzeagoa da, dagoeneko euskaraz dakitenekin baino.

Euskaraz egin ohi ez duten euskaldunak asko dira: adinekoak zein gazteak, emakumezkoak eta gizonezkoak, euskaldun zaharrak zein berriak, hemengoak edo hangoak… Euskaldun horiek horren barreiatuta daudenez, badago erabileran eragiteko hainbat eremu eta aukera. Baina, eraginkortasunik handiena bilatuko badugu, ongi pentsatu beharko da indarrak non jarri.

Eraginkortasunaren izenean, emaitzarik oparoena ekar lezakeen taldean eragin beharko litzateke. Hori zein izan litekeen zehazteko, oraindik galdera gehiago egingo diogu geure buruari: zein da, epe motzean, gizartean pisu handien izan dezakeen sektorea? Nire erantzuna: gaur egungo unibertsitate ikasleak. Gure gaiari dagokionez, euskal adarreko ikasleak. Hori da, lehentasun osoz, aintzat hartu beharreko xede-taldea. Zergatik hautu hori?

Lehenengo arrazoia: ikasle horiek euskaldunak dira; oso trebatuak izan edo ez izan, gai dira goi-mailako ikasketak euskaraz egiteko. Beste euskaldun askok, aldiz, ez dute hainbesteko hizkuntza-gaitasunik.

Bigarren arrazoia: euskal adarraren aldeko hautua egin dute, euren borondatez. Hau da, beren euskararekiko interesa handiagoa ala apalagoa izan, neurriren batean badute. Motibazioa sinbolikoa edo ideologikoa izango da, kasu batzuetan; bestetan, profesionalki euskaraz trebatuta egoteak ekar lezakeen sariaren pragmatismoa. Arrazoiak arrazoi, denek euskarazko adarraren alde egin dute, eta hori ez da huskeria interbentzio bat planteatzeko, halakoengan aurkako jarrera gutxiago espero litekeelako gizarteko beste sektore batzuetan baino.

Hirugarren arrazoia: gazte jende horren baitan sor daitezkeen harreman iraunkorrak; askotan, bizitza osoan zehar iraungo dutenak. Horrela, haien arteko euskarazko erabilera ere iraunkorra litzateke: hizkuntza horren komunitatea zabaltzeko beste pausotxo bat gehiago. Gainera, erdarazko harremanetan ohituz gero, gure hizkuntzarako alferrik galdutako (giro horretan, behinik behin) euskaldun gehiago lirateke.

Laugarren arrazoiak epe ertaina zein luzea ditu jomuga. Gazte horiek euskaraz egiten ohituz gero, gaitasun zein joera handiagoak izango dituzte euskaraz egiteko lan munduan txertatzean. Baina, unibertsitateko beste euskaldunekin batez ere erdaraz badihardute, portaera hori ez-kontzienteki legitimatuko dute beren euskaltasunaren kontrakoa den arren. Azken finean, Festigerrek deskribatu zuen disonantzia kognitiboaren arriskua ekiditeko, beren pentsamoldea jokamoldera egokituko dute —ez alderantziz—, euskaltzaletasunaren kaltetan.

Bosgarren arrazoiak kutsu elitista izan lezake, baina arrisku hori nire gain hartuko dut, ideiak merezi duelakoan. Gazte horietako asko goi mailako lanpostuetan arituko dira urte gutxiren buruan. Horietan, erreferentzia izango dira beste langileentzat. Lidergoak enpresa kudeaketan gaur egun duen garrantziari erreparatuz, pentsa daiteke euskaldun horiek ere antzeko rola jokatuko dutela hizkuntzen dinamikei eta portaerei dagokienez.

Hala ere, gogoan daukat Eusebio Osa zenak zer idatzi zuen aspaldian; alegia, euskara salbu zegoela, langileriak hizkuntza hori bere egin zuelako. Pertsona gogoragarri hari gordetzen diodan estimua handia izanagatik, konbentzimendu osoz azpimarratzen dut unibertsitario euskaldunek bete dezaketen hizkuntza-rolaren garrantzia; lanpostuan zein gizartean.

Egongo dira argudio gehiago oraindik, baina esandakoekin nahikoa dugu. Pentsa dezagun orain nolako interbentzio mota aplikatu unibertsitate-ikasleekin.

Hobesten dudan lanketa adimen emozionalean oinarritutakoa da. Gorago esan bezala, ikasle horietako asko eta asko euskaltzale sentitzen dira; erdal portaeraren zergatia ez da euskarekiko konbentzimendu edo atxikimendu falta. Izan ohi duten hizkuntza-joeraz gutxi-asko jabetuko dira, baina gehienetan ez diote pentsatu bat ere emango. Litekeena da sozializatuta dauden testuinguruan —idatzi gabeko— gizarte arauak normaltzat jotzea erdaraz jardutea. Zergatik apurtu beharko lukete beren ezagun euskaldun gehienek egin ohi dutenarekin? Zergatik beraiek ere beti egin izan dutenarekin?

Adimen emozionalaren lanketak lagunduko lieke euskararako traba ez-kontzienteez jabetzen; baita hizkuntza-atxikimendu eta -portaeraren arteko kontraesanaz konturarazten ere. Interbentzio horrek taldekakoa, ongi planifikatua eta sistematikoki ebaluatua beharko luke izan, bestela alferrik ariko ginateke. Bestela, lekutan genuke eraginkortasuna.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude