Erlijiorik gabeko arimaren bila

Ane Urrutikoetxea / 2014-03-18 / 461 hitz

Agustin Arrietak sinesmenen inguruan hausnartu du Jakinek argitaratutako ‘Arimak eta balioak’ liburuan.

Erlijiotik kanpo arima eta balioak azter daitezkeela uste du Agustin Arrieta Urtizberea (Donostia, 1962) EHUko filosofia irakasleak. Hori da, hain zuzen ere, Jakinek argitaratu duen Arimak eta balioak liburuaren tesia. Filosofiaren barruan bi gai horien inguruan hausnartzerakoan tentsio modukoa sentitu du Arrietak, eta liburua idaztea izan da sentipen hori baretzeko bidea.

Jakin Irakurgaiak bildumaren barruan argitaratzen duen hirugarren liburua da. 2002an Zertaz dihardu filosofiak? kaleratu zuen, eta 2006an, berriz, David Humeren pentsaeraren inguruko gogoeta egin zuen David Hume: ekintzak, sentimenduak eta balioak liburuan. Oraingoan, gizakiak munduaren inguruan duen ikuspegia aztertu du filosofoak. «Arimaz eta balioez hitz egiten dugunean, zientziak eta filosofiak alde batera begiratzen dute, eta erlijioak, berriz, bestera. Zientzialari askok uste izan dute gai horiek errealitatetik kanpo daudela, eta beraiek ez zutela horretan zeresanik».

Gai horri urte luzez bueltak eman ondoren, hiru ataletan banatutako saiakera filosofikoa sortu du Arrietak. Lehen atalean, arimarekiko gizartearen gehiengoak duen ikuspegia «desitxuratzen» saiatu da. «Historian zehar ikuspegi hedatuena izan da arima erlijioak landu beharreko gaia dela. John Dewey pentsalariak berak esaten zuen etika kontuetan zientziak ez duela eragin handirik izan, eta Joan Paulo II.a aita santuak zioen materiaren inguruan zientziari egin behar zaiola kasu, eta arimaren inguruan, berriz, erlijioari». Ikuspegi hori «dualista» da, Arrietaren esanetan, eta errealitatearen ikuspegi «sinpleegia» aurkezten du. «Argazki dualista dute gizarte gehienek. Liburu honekin, argazki hori desitxuratzea da nire helburua».

Ikuspegi dualistaren aurrean, beste bi teoria aipatu ditu Arrietak. Hala, arima elementu fisikoa da tradizio materialistaren arabera, eta hiruko arimaren ikuspegiak izaki bizidun guztiek arima dutela nabarmentzen du. Bi ikuspegi horiek erlijiotik kanpo arima aztertzeko aukera ematen dute. «Lukrezioren eta Aristotelesen teoriek ez dute sinesmenetara jotzen arimaz hitz egiteko».

Antzeko hausnarketa egin du Arrietak balioen inguruan. Horiek ere erlijioaren doktrinaren barruan daudela uste izan dute pentsalariek, baina balio moralen auzia betidanik bizikidetzaren ezaugarria izan dira, Arrietaren arabera. «Gizakia soziala izan da beti, eta, beraz, bizikidetzarako balio moralak eraiki ditu. Horiek ez dira beti erlijioak idatzitako arauak izan». Hala, gaur egungo balioen eraikuntzan erlijioaren garrantzia uste baino zeharragokoa da filosofoarentzat.

Zientziak eta filosofiak arimaren eta balioen inguruan esateko asko daukatela ondorioztatu du Arrietak, eta balio zuzenak transmititzeko bi bide aipatu ditu: alde batetik, ezagutza bultzatzea, eta bestetik, emozioak eta sentimenduak lantzen irakastea. ««Praktikaren bidez ikasten dira balioak, eta horretan, irakasleek rol garrantzitsua betetzen dute. Erlijioa, berriz, ez da gai gaur egungo auzi moral askori erantzuna emateko».

Saiakera amaitzeko, Arrietak Joxe Azurmendiren Azken egunak Gandiagarekin liburua aztertu du, bertan arima eta balioen inguruan «hausnarketa interesgarria» egiten delakoan. «Liburu hau idatzi nuenean, mitoak alde batera utzi nituela esan zidan Joxek [Azurmendi]. Haren ustez, mitoek eragin handia izan dute Euskal Herrian, eta hemengo balioetan. Ideia horrekin ados nago, baina ikuspuntu ezberdinak ditugu». Mitoen inguruan oraindik gehiago sakontzeko eta idazten jarraitzeko asmoa dauka Arrietak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.