Muga iragazkorra

Alberto Barandiaran /2014-03-21 / 392 hitz

San Telmo Museoan ikusgai dagoen Galiarren aroan, Cesar aurreko Akitania erakusketan, zalditxo bat dago. Kobrezko oinarria duen aleaziozko fibula bat da, arropa lotzeko erabiltzen ziren piezatxo metaliko apaindua. Samurtasun handiko irudia da, jostailu bat ia, antz handia daukana Akitanian aurkitutako beste irudi batzuekin. Finezia harrigarria dauka. Oso trebeak behar zituen egileak eskuak.

La Hoyako (Guardia, Araba) hilobi batean atera zuten argira, eta esanahi berezia du, erromatarren aurreko euskal lurraldeen historiaren ezagutza areagotzen lagundu duelako. Ez da zaldia bakarrik, jakina, baizik eta hainbat aztarnategitan aurkitutako bitxi eta ondare multzoa: aizkorak, lantzak, zeramikazko goporrak, eraztunak, kobrezko trabilla ugari.

Zergatik dira garrantzitsuak? Erakusten dutelako garai hartako euskal lurraldeetan uste baino gaitasun tekniko eta oparotasun ekonomiko handiagoa zegoela, alde batetik; bestetik, iradokitzen dutelako garai hartako biztanleek uste baino harreman handiagoak zituztela Pirinioetatik iparraldeko herriekin, bereziki akitaniarrekin.

San Telmo Museoko erakusketa Bordeleko Akitaniako Museoak antolatu du, eta akitaniarren inguruan zentratuta dago. Bitxia da, akitaniarrak ez direlako inoiz tribu galiarren artean oso ezagunak izan. Baina pena da, aukera galdu delako Pirinioetatik hegoaldeko hainbat indusketatan egindako aurkikuntzekin lotura sendoagoa eta interesgarriagoa egiteko.

Historiografia klasikoak aspaldian ezarri zuen erromatarren aurretik, erromatarren garaian eta are erromatarrak desagertu ondoren ere, euskal lurraldeetako biztanleen ekoizpen moduak oso oinarrizkoak izan zirela, eta haien antolamendu soziala ere, eskasa. Europan gertatutako aldaketa sozial, ekonomiko eta politikoetatik aparte geratutako herriak izan zirela baskoiak eta gainerakoak. Baina Guardiako aztarnategian ez ezik, Langara Ganboako Aldaietan, Basaurin edo Elortzibarreko Buzadako indusketetan aurkitutako hilobietako ondareak erakusten du ikuspegi hori sakon berraztertu behar dela. VI. eta VII. mendeetan esaterako, harreman estua egon zela Bordele eta Baiona arteko herriekin, eta euskal lurraldeek Europatik jaso zutela Iberiar Penintsulatik adina edo gehiago.

Bitxia da, esaterako, garai honetako armen kantitatea eta kalitatea. San Telmoko erakusketan, landutako ezpata zorro zoragarria ikus daiteke, hau ere La Hoyako aztarnategian topatutakoa. Adituek nabarmendu dute hilobietan armak egotea, hainbeste eta hain landuak, Europako herrien ohitura zela, ez Iberiar Penintsulako herriena.

Hilobiak ez dira izugarri aberatsak, ez dago Frantziako edo Alemaniako indusketetan topatutako joritasuna, baina garbi aurkezten digute gerrarako prest zegoen herria, hierarkietan sinesten zuena, baina, era berean, harreman etengabean zegoena inguruko herriekin.

Mugako herria beraz, baina ez muga harresi gisa edo oztopo bezala ikusita, alderantziz baizik: muga mugikorra, muga iragazkorra, muga interesgarria; muga ezegonkorra, maiztua eta oso erabilia, elkartrukerako esker onekoa, aliantzetarako aproposa.

Beharbada izaera hori bera onartuta uler liteke hobeto inoiz lurralde guztietan hitz egin zen hizkuntzaren beraren iraupen harrigarria.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.