Bazen behin Persia

Ion Olano Carlos / 2014-04-20 / 863 hitz

Mundua liluratu izan du persierazko literaturak, egun Iran den eremutik zabaldua izan dena eta mendez mende garatua. Ikergaitzat dute oraindik ere, besteak beste, Washingtonen, Ankaran eta Teheranen.

Gaizkiaren ardatzaAxis of evil—delakoan kokatu zuen Iran, 2002an, AEBetako orduko presidente George W. Bushek. Zilegi bada horrela mintzatzea, esan genezake Washington hiriburuan dagoela, gaur-gaurkoz, gaizkiaren erpina. Izan ere, han bertan, Library of Congress liburutegian zabaldu berri dute garrantzizko erakusketa bat: A Thousand Years of the Persian Book (Persiako liburuaren milurtekoa). Lehenbiziko aldiz antolatu dute AEBetan halako egitasmo handia, persierari eta haren literaturari gorazarre egiteko asmoz sortua. Iragan martxoaren 27an zabaldu zuten erakusketa, Newroz urte berriarekin bat etorriz, eta heldu den iraila bitarte izango da hura bisitatzeko aukera. Bien bitartean, gainera, gaiaren inguruko hitzaldi eta mahai inguruz osatuko dute egitasmoa.

Munduan izan diren literaturen artean, Persiakoa da zaharrenetarikoa, eta baita zabalenetariko bat ere. Orain dela mila urte inguru hasi zen sendotzen persiera, Asiako erdialde, hegoalde eta mendebaldean. Lingua franca edo tarteko hizkuntza gisa baliatu zuten hainbat herrialdetan, literatura eta, oro har, kultura lantzeko. Esate baterako, ia bost mendez Indiako gorteko hizkuntza izan da; beste hainbat tokitan ere, Balkanetan eta Otomandar Inperioaren Anatoliako eremuetan—egungo Turkia—erabili izan dute. Gaur egun, persiera da hizkuntza ofizial nagusia Iranen, eta hiztun komunitate nabarmenak daude Afganistanen, Tadjikistanen, Uzbekistanen, eta beste hamaika zokotan. Izan ere, jaioterriko hizkuntza da persiera ehun milioi hiztunentzat.

Turkiarrak eta kurduak

Egungo persierazko literatura aztertzeko asmoz, hain zuzen, hainbat ikerlari eta aditu bildu ziren Ankaran (Turkia), iragan otsailaren hasieran. Adituen esanetan, Iranen izan zen 1979ko Iraultza Islamdarraz geroztik, aldaketa nabarmenak gertatu dira hango idazketan: «Literatura klasikoan oso ohikoak ziren maitasun eta mistizismo gaiak; Irango egungo literaturan, aldiz, gizarte aferak dira nagusi». Hala adierazi zuen Istanbulgo Unibertsitateko irakasle Kavous Hasanlik, Ankaran eman zuen hitzaldian, hain zuzen ere. Esan bezala, Turkiak harreman handia izan du persierazko literaturarekin; 1960ko hamarkada arte, adibidez, derrigorrezkoa zen hango eskoletan persiera ikastea.

Bestalde, Persiako hizkuntza eta literaturari buruzko zazpigarren mintegia egin dute berriki Iranen, Bandar Abbas hiriko Hormozgan Unibertsitatean. Orain arte Teheran hiriburuan egin izan da mintegia, baina aurten lekualdatu dute estreinakoz eta, orotara, hamar herrialdetako adituak bildu dira han. Besteak beste, landu dute persiera eta arabieraren arteko harremana, hainbat ikuspegitatik: herri literatura, narratiba, kritika eta literatura konparatua. Hirurehun artikulu inguru idatzi dituzte mintegiaren harira, eta horietatik 104 argitaratuko dituzte liburu batean.

Horrez gain, gorago aipatu Washington hirian bertan, Kurdistango bi itzultzaile omendu berri dituzte, persierazko literaturari egin dioten ekarpenagatik. Mohammad Qazi eta Ebrahim Yunesi dira omendutako idazle kurduak; biak saritu dituzte hil ondoren. Hainbat itzulpen lanekin nabarmendu zen Qazi, persieraz: besteak beste, Miguel de Cervantes, Gustave Flaubert, Jack London eta Antoine de Saint Exupery idazleen lanak itzuli zituen. Yunesik, berriz, Alexandre Dumas eta Charles Dickens eraman zituen persierara. Irango presidente Hassan Rouhanik mezua bidali zuen omenaldi ekitaldira, eta nabarmendu zuen «Kurdistango seme nabarmenak» zirela biak. Hauteskunde kanpaina garaian iragarri zuen Rouhanik preso politiko kurduak askatuko zituela; era berean, «adierazpen eta informazio askatasunak» defendatu zituen. Dena den, hainbat eragilek salatu dutenez, zenbait espetxeratu aske utzi arren, exekuzioek gora egin dute Iranen, eta ugariak dira hango espetxeetan dauden kazetariak eta preso politikoak.

Lilura persiarra

Arabierazko lan gorenetako bat dugu Mila gau eta bat gehiago, Erdi Aroan Bagdad (Irak) aldean apailatua. Bada, idazlan horren ernamuina persierazko beste liburu batean topa dezakegu: Hazar Afsanah (Mila mito). Kontua da VIII. mendetik aurrera hiriburu kosmopolita garrantzitsu bilakatu zela Bagdad; Persia, Txina, India eta Afrika osotik joandako merkatariak bildu ziren han, eta haiekin batera eraman zituzten, ahoz eta idatziz, beren herrialdeetako milaka istorio eta kondaira. Adituen esanetan, IX. mendekoa da lan horren lehenengo arabierazko bertsioa, eta Xerezade pertsonaia nagusia ez zuten txertatu XIV. mendera arte.

Edonola, neurtezina da persierazko literaturak munduan izan duen eragina. India eta Pakistan inguruan, esaterako, mendeetan landu eta goraipatu dituzte poeta persiarren lanak. Alemanian ere, Johann Wolfgang von Goethe idazlearen itzulpen batzuen karietara, izugarrizko jakin-mina piztu zuen Persiako literaturak. Friedrich Nietzsche filosofo alemaniarraren lanik ospetsuenetako bat, Honela mintzatu zen Zaratustra (1885), antzinako Persiako Zoroastro profetan oinarrituta dago. Ralph Waldo Emerson poeta estatubatuarra ere Persiako literaturaren zale amorratua izan zen, eta hainbat lan idatzi zituen gaiaren gainean.

Ehunka izan dira poeta persiarrak, eta dozenaka mila beren lanak. Egileren bat aipatzekotan, leku berezia merezi dute horietariko bik. Batetik, Forough Farrokhzadek (Teheran, 1935-1967), bera izan baitzen irakurle garaikideen artean arrakasta lortu zuen lehenengo emakume poeta. Literatur ibilbide laburra izan zuen, bizitza bera bezalaxe, hain zuzen; nolanahi ere, izugarrizko eragina izan zuen Irango literaturan eta politikan, debekuak debeku. Adituek diotenez, estilo pertsonal argiz markatuta daude Farrokhzad poetaren lanak, eta, horren ondorioz, ikono estatusa eman diote irakurle eta herrikideek.

Bestetik, Mendebaldean ezagunena izan den persiar idazlea da, zalantzarik gabe, Omar Khayyam (Nishapur, Iran, 1048-1131). Filosofoa, astronomoa, matematikaria eta poeta zen, eta haren lanak aparteko eragina izan du kultura persiarrean. XIX. mendean ingelesera lehen aldiz itzuli zutenetik, egundoko zabalpena izan dute haren lanek mundu osoan, gehienbat itzulpenen bitartez. Bitxikeria moduan, Edorta Jimenez euskal idazleak aitortu izan du Khayyamen eraginez jarri ziola Omar Nabarro izena bere heteronimoari. Euskaraz, Joxemari Iturralderen itzulpenean irakur dezakegu Rubaiyatak (Erein, 2001) liburua, besteak beste, honako aipu hau dakarrena: «Biharkoak zer dizun gorderik ez dakizunez, saia zaitez gaur zoriontsu izaten. Har ezazu txarro bat ardo, ilargiaren argipean eser zaitez eta edan ezazu pentsatuz agian bihar ilargia alferrik arituko zaizula bila».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.