Koloneko minbiziari aurrea hartzeko

Jabier Agirre / 2014-04-15 / 882 hitz

Gure artean kolonekoa da minbizirik ohikoena, baina baita sendatzeko igurikimen onenak dituena ere, baldin eta garaiz atzematen bada. Bizi-estiloekin erabat lotua dagoenez, jan-neurri osasungarriak eta ariketa fisikoak gaitza jasateko arriskua murrizten lagunduko digute.

Gure bizitzeko moduarekin loturarik gehien duten minbizietako bat da, eta, horregatik, baita prebenitzeko errazenetakoa ere. Hala ere, minbizi mota horren intzidentzia gero eta handiagoa da, gurea bezalako gizarteetan batik bat. Gure bizi-ohiturak berrikusi eta aldizka beharrezkoak diren osasun-probak egiteko gomendioa egiten digute espezialistek behin eta berriz, kolon eta ondesteko minbizia garaiz detektatzeko programaren bitartez.

Minbizi klase hori heste lodiko mukosako zeluletatik eta han dauden guruinetatik sortzen da. Tumorea polipo batetik abiatzen da ia kasu guztietan; hasieran lesioa onairea baldin bada ere, eta erabat garatzeko hamar-hamabost urte behar dituen arren, kasuen %5-10etan gaiztotu egiten da, polipo sinple bat besterik ez zena minbizi bilakatzeraino.

Arrisku-faktoreak

Badira minbizi hori jasateko arriskua handitzen duten zirkunstantzia edo baldintzak:

Adina. Koloneko minbiziaren intzidentzia 50 urtetik gora ikaragarri handitzen den arren, kasurik gehienak 65 urtetik 75 urtera bitarteko pertsonetan diagnostikatzen dira. Adin tarte horiek baino lehenago agertzen bada —35-40 urte artean, alegia—, aldez aurretiko joera genetiko baten ondorioz izan ohi da.

Familia-aurrekariak. Gertuko senideren batek —aitona-amona, guraso, anai-arreba edo baita osaba-izebaren batek ere— koloneko minbizia izan baldin badu, gaitza genetikoki transmititzeko arriskua dago. Eta, adituen kalkuluen arabera, gaur egungo kasuen %5 familiako herentziari lotuak daude.

Polipo adenomatosoak. Polipo bat hesteetako mukosaren gainazalean agertzen den koskor edo protuberantzia bat da. Hainbat motatako polipoak daude, baina adenomatoso esaten zaienak soilik daukate gaiztotzeko arriskua. Horrela, bada, gisa horretako polipoak lehenbailehen detektatzea eta erauztea komeni da, minbiziaren arrisku posiblea saihesteko.

Gainpisua. Gehiegizko pisua faktore oso garrantzitsua da, batez ere obesitatea abdominala denean —sobera dauden gantzak edo kiloak nagusiki gerri inguruan pilatzen direnean, alegia—.

Beste gaitz batzuk. Hesteetako gaixotasun inflamatorioren bat —kolitis ultzeraduna edo Crohn-en eritasuna— duten pertsonek pertsona arruntek baino arrisku zertxobait handiagoa dute koloneko minbizia jasateko, eta baita bularreko edo genitaletako minbiziak izan dituztenek ere.

Gomendioa: haragi gutxiago eta berdura gehiago

Aparatu digestiboko minbizi bat denez, jan-neurriak funtsezko garrantzia du minbizia agertzea prebenitzeko garaian. Beste hainbat gaitzetan esan dugun bezala, kasu honetan ere dieta mediterraneoa da alternatibarik onena.

Handitu zuntz-kontsumoa: lekaleak, zereal integralak, frutak, berdurak… Elikagai horiek guztiek heste-igarotzea erraztu eta arintzen dute, toxinak pilatzea saihestuz, eta, horri esker, koloneko minbizia garatzeko arriskua murriztu egiten da. Alde horretatik, egunean fruta eta berduren bost errazio hartzea ohitura osasungarria da.

Murriztu haragiaren kontsumoa. Hainbat ikerketaren arabera, elikagai horren gehiegizko kontsumoak %30 handitzen du koloneko minbizia izateko arriskua, batez ere haragi gorriak (txahala, arkumea…) eta haragi prozesatuak (saltxitxak eta antzekoak) kontsumitzen badira. Dena den, haragia arrainarekin ordezteak ez du arriskua murrizten. Bestetik, haragia oso errea edo egina ez hartzea gomendatzen da, ezta barbakoa moduan, zuzenean suarekin kontaktuan prestatutako okelarik ere, ahal izanez gero, behintzat.

Aztura osasungarriei eutsi

Gure eguneroko bizimoduak, edo, hobeto esanda, gure bizi-estiloak, ezinbesteko garrantzia du gaixotasun hori jasateko arriskua txikitzeko orduan.

Ariketa fisikoaren garrantzia. Edozein motatako ariketa edo jarduera fisikoa mesederako izango da —korrika edo igeri egitea, edo erritmo onean ibiltzea, besterik gabe—, baldin eta hiru edo lau aldiz egiten bada astean, eta 30 minutuz gutxienez.

Agur tabakoari eta alkoholari. Ohitura bata nahiz bestea oso kaltegarriak dira osasunarentzat, oro har, eta koloneko minbiziarentzat, bereziki. Ikerketa batek frogatu duen bezala, egunero alkohol-kopa bat edaten duten pertsonek, adibidez, kolon eta ondesteko minbizia izateko arrisku handiagoa dute alkoholik edaten ez dutenek baino.

Minbizia atzemateko probak

Garaiz diagnostikatzen bada, koloneko eta ondesteko minbizia kasuen %90etan sendatzen da. Horregatik, espezialistek detekzio goiztiarreko probak egitea gomendatzen dute, baita aurretik minbiziaren presentzia susmatzeko inolako sintomarik edo zeinurik ez duten pertsonetan ere.

Eginkarietako ezkutuko odolaren testa. Kolon eta ondesteko minbizia garaiz detektatzeko programa 50 urtetik 69 urtera bitarteko gizon-emakumeei bideratuta dago, eta programaren barruan dagoen proba horren kostua aski txikia da —bi euro ingurukoa—; proba oso baliagarria da lesio pretumoral posibleak detektatzeko. Pazienteak berak etxean egiten du, adituek emandako ohar oso sinple eta errazei jarraituz, eta jasotako lagina laborategira eramaten da segidan, han analiza dezaten. Emaitza positiboa bada —bestela esanda, eginkarietan odola detektatzen bada—, beste proba osagarri batzuk egingo dira (kolonoskopia, esaterako), tumorearen jatorria diagnostikatzeko. Emaitza negatiboa bada, berriz, pazientea lasai egon daiteke pare bat urterako.

Kolonoskopia. Aparatu digestiboaren barruan hodi moduko tutu luze eta malgu bat sartzean datza: zona hori barrutik oso-osorik aztertu, biopsiak egin eta koloneko polipoak erauzteko modua ematen du. Gehienetan osasun etxean bertan egiten da, ospitaleratu beharrik gabe, alegia, eta, probak eragin ditzakeen molestiak saihesteko, anestesia arina erabiltzen da. Proba hori bi urtean behin egitea gomendatzen da.

—————–
Kontuan hartu beharreko sintomak

Aldian-aldian espezialistak gomendatzen dizkigun probak egiteaz gain, garrantzi handikoa da seinale hauei erreparatzea ere:

Odola eginkarietan. Izan daiteke kolore gorri bizikoa —beheranzko koloneko tumoreetan gertatzen da— edo, bestela, beltza eta eginkariekin nahasian azaltzen dena —tumorea goranzko kolonean dagoenean—.

Libratzeko ohitura edo erritmoak aldatzen badira. Beherakoak ager daitezke, edo, agian, baita idorreria ere, aldez aurretik hesteetako hustuketa-erritmo normala zuten pertsonetan.

Dena den, idorreria aldiak beherako-txanda batzuekin tartekatzea da normalena.

Eginkari estuak. Tumoreak hestearen kalibrea txikiagotu edo murrizten duenean ez die uzten eginkariei aurrerabide normala egiten.

Sabela erabat ez hustearen sentsazioa. Koloneko zatirik distalenean dauden tumoreen kasuan agertzen da.

Molestiak sabelean. Izan daitezke molestia orokorrak edo baita koliko modukoak ere —azken kasu horretan, tumoreak hesteen argia partzialki ixten duela pentsatzen da—.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.