Naturazaleen sareko txokoa

Adrian Garcia / 2014-03-30 / 442 hitz

Naturazaleen komunikazio tresna da ‘euskalnatura.net’ webgunea. Natur zientzien inguruko gaiak euskaraz gizarteratzea du xede; Euskal Herriko biodibertsitatearen entziklopedia osatu dute.

Biologiako dozena erdi bat ikaslek jarri zuten martxan 2006an, eta ordutik bisitak urtetik urtera gora egin dute, eta beste jende asko batu zaie proiektura. www.euskalnatura.net webguneak Euskal Herriko natura eta natur zientziak gizarteratzea du xede, euskaraz. Blogetan euskarazko blogen lehiaketan Zientzia eta Teknologia jorratzen duen onena izendatu zuten martxoan.

«Klasean lantzen genituen edukiak argitaratzea lortu nahi genuen», azaldu du Mikel Irastorzak, Euskalnaturako kideak. Segituan ikusi zuten webguneak beste helburuetara jotzeko bidea eman ziezaiekeela. «Gizarteak zerbait estimatu eta errespetatzeko, lehenbizi ezagutu egin behar du». Horixe da, hain zuzen ere, Euskal Naturaren helburu nagusia: Euskal Herriko natura eta natur zientziei buruzko informazioa biltzea.

Euskara hutsean da wegbunea. «Ez genuen ulertzen beste era batean egin zitekeenik». Izan ere, gaztelaniaz eta ingelesez badaude gisa horretako beste hainbat gune. «Euskararen osasuna ez da soilik kuantitatiboki neurtzen. Euskarak horrelako arloetan ere egon behar du».

Webgunea da proiektuaren ardatza, baina Euskal Natura egitasmoa eremu birtualetik harago gauzatzen da. Izan ere, naturzaileentzako eta Natur Zientziatan dabiltzan ikasleentzako erreferentziako gune bat izan nahi du atariak. Gaiari lotutako hitzaldi, argazki erakusketa, topaketak, ikastaroak, irteerak eta beste jarduera ugari antolatzen dituzte, eta webgunea da horien berri emateko eta naturzale komunitatea saretzeko tresna. «Dinamismoa eman nahi diogu. Ez dadila geratu Interneteko gune soil batean. Bizitza errealean ere presentzia duen lantaldea izan nahi dugu».

50 lagun baino gehiagok osatzen dute egun Euskalnaturaren komunitatea. Gehienak, Leioako (Bizkaiko) Zientzia eta Teknologia Fakultateko ikasle eta ikasle ohiak.

Webgunea «irekia» dela dio Irastorzak. «Albisteetan eta eztabaida guneetan iritzia emateko, nahikoa da izena ematea». Albisteak eta fitxak igo nahi dituztenek, baina, beharrezkoa dute lantaldearekin harremanetan jartzea. «Koordinazioa beharrezkoa da, jendearen lana optimizatzeko». Hainbat kidek bloga ireki dute webgunean, eta elkarteek beren egitasmoen berri eman dezakete agendan. «Interesa duen edozein gonbidatzen dugu gurekin harremanetan jartzera. Zenbat eta gehiago ibili, orduan eta aberatsago izango da webgunea».

Gabezia natur edukietan

Natur zientziekin lotutako euskarazko edukietan «gabezia» bat sumatzen du Irastorzak. «Gure webgunean sartzen diren asko ikastetxeetatik sartzen dira. Eduki batzuk atlasetan ere erabiltzen dituzte». Gabezia horren ondoriotzat jotzen du Irastorzak jasotzen duten bisita kopurua. 2013an, 70.000 bisitari izan zituzten. «Horrez gain, hemen badago sentsibilitate bat natur gaiekiko; interesa pizten dute».

Natur gaiei buruzko albisteak eta agenda eskaintzeaz gain, Euskal Herriko biodibertsitatearen entziklopedia osatu dute webgunean, eta inguruko espeziak hobeto ezagutzeko aukera eman. «Ez dago guztiz osatuta, baina pixkanaka gorpuzten ari gara». Animalia, onddo eta landareen zerrenda eta bakoitzari buruzkoa informazioa jarri dute eskuragarri, «denok ulertu ahal izateko idazkeran». Argazkiak eta bestelako baliabideak erabili dituzte. «Hegaztien kasuan, kantuen soinu artxiboak daude». Euskal Herriko naturguneei buruzko informazioa ere irakur daiteke. «Hori da webgunearen ondare nagusia».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.