Pazkoko ilargia

Koldo Nuñez / 2014-04-17 / 587 hitz

Aste Santua, geure kultura katolikoan horren garrantzitsu den garaia, ilargiaren arabera finkatzen da. Udaberriko lehenengo ilbeteko astea da Aste Santu katolikoa. Elizak gertutik segitzen ditu ilargiaren faseak bere egutegia finkatzeko. Baina, ilargiaren erabilera kulturalaz gain, ez dut ezer berri idatziko Lurra planetaren gainean eta Lurreko izakien gainean ilargiaren eragina handia dela idazten badut. Zientziak aspaldi frogatu du, esaterako, ilargiaren eragina gure itsasoen mailaren aldaketetan. Mareak eta haien indarra ilargiaren faseekin lotuta daudela aspaldi dakigu. Mareak kostaldeetan nabariak badira ere, kosta beraren eta itsaso beraren arabera, lehorrean ere gertatzen dira, eta, horrela, kontinenteak zertxobait igo eta jaitsi egiten dira egunero.

Zientziak ilargiaren eraginaren gainean frogatutakoaz aparte, gizakiok aspaldi beste eragin posible batzuk ere antzeman omen ditugu. Galdetu, bestela, baserritarroi noiz erein behar den, noiz landareak aldatu, landare-motaren arabera, noiz inausi eta noiz egurra moztu, besteak beste. Askok eta askok gogor eutsiko diote baserriko lanak ilargiaren faseen arabera egin behar direla sinesteari. Horrelakoak eta beste siniste asko —meteorologiakoak, jaiotzen maiztasuna, emozioen gorabeherak eta abar— Zientziak ez ditu oraindik frogatu, baina Naturatik gertu bizi garen askok ilargiaren eragina mareetatik askoz urrunago doala mantentzen dugu zalantzarik gabe; nik neuk, esaterako.

Ilargia eta Lurra ahaide geologikoak dira. Lurra eratu zenean duela 4.500 milioi urte baino gehiago, ez zegoen ilargirik, baina ehun bat milioi urte geroago, Marteren tamainako asteroide batek gure planetarekin egin zuen talka. Bien arteko kolpea izugarria izan zen, eta bion guneek bat egin zuten. Horrela gure planetak zegokion baino gune metaliko handiagoa lortu zuen, eta, ondorioz, grabitate eremu indartsua bere tamainarako. Talkan espaziora jaurtitako arrokak eta hautsa poliki poliki batu egin zen, eta azkenean ilargia eratu zuen. Hasierako ilargi hura gure planetatik oso gertu zegoen, eta zeruaren laurden oso bat hartzen zuen, gutxienez. Garai hartan, Lurra eta ilargiaren arteko indar grabitazionalak izugarri handiak ziren, eta Lurraren gainazala igo eta jaisten zen egunero izugarri. Frikzioak arrokak berotu eta Lurra beraren azala berriz urtu egin zen. Hasieran azkarrago eta ondoren polikiago, ilargia aldentzen joan zen, eta oraindik gugandik urtean ia lau zentimetro urruntzen da. Ni jaio nintzenetik bi metro inguru urrunago dago ilargia. Egun dagoen distantzian, eguzkiaren tamaina hartzen du zeruan, eta eklipseak izaten direnean oraindik eguzki osoa estaltzen du, baina etorkizun batean, milioika urte barru, ez du eguzkia estaliko eta eklipseetan eguzkia eraztuna bezala ikusiko da.

Ilargiaren faseei betidanik begiratu diete antzinako kulturek; tartean, Pazifikoko rapanui herriak. Jende hori Pazko uhartean bizi zen, erabat suntsituak izan arte. Jatorrizko hizkuntzan, Te pito o te henua zen izena (Lurraren zilborra), eta baita Mata ki te rangi ere (Zerura begiratzen duten begiak). Irla horretara europarrak lehenengo aldiz 1722ko apirilaren 5ean iritsi ziren, Pazko igandean, Jakob Roggeveen herbeheretarraren agintepean. Bigarren aldiz iritsi ziren bertara europarrak 1770ean, Kantabriako Castro herrian aurten duela 300 urte jaiotako Felipe Gonzalez de Ahedo kartografoarekin batera. Ordurako irlan biztanle gutxi zeuden, dagoeneko bertako ondasun naturalak nahiko kaltetuta baitzeuden. Rapanui herriak erabat suntsitu omen zituen bertako basoak, eta horrek arazo asko ekarri zizkien. Egurrik gabe ezin eraikuntza asko altxatu, itsasontziak egin, eta abar. Gauzak horrela, liskarrak eta gerrak piztu ziren biztanleen artean. Ahulduta zeudenean, europarrak iritsi ziren, eta haiekin batera gaixotasun hilgarriak eta esklaboak hartzeko joera, jatorrizko biztanleak erabat suntsitu arte.

Pazko uhartea itsasoaren erdian dago. Gizakiok, era batera zein bestera egindakoek, herri baten suntsipena ekarri zuen. Gure planeta bera eguzki-sistemako irla bat da. Azken mendeotan gizakiok Lur planetari egindakoa seguru asko arriskuan jartzen ari da gure espeziearen iraupena, eta rapanui herriari gertatutakoa gizaki orori gerta dakiguke. Ez dut katastrofista izan nahi, baina bide beretik segituz gero, etorkizun gutxi ikusten diet Homo sapiens izeneko izakioi. Susmoa dut ez garela horren sapiens.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude