Pentsamenduaz honaindi

Hasier Rekondo / 2014-04-27 / 458 hitz

  • Izenburua: Piztutako etxea
  • Egilea: Felipe Juaristi
  • Argitaletxea: Erein

Felipe Juaristiren (Azkoitia, 1957) poesia pentsamenduaren poesiaren eremu zabalean lekutu ohi da; egileak berak beste poeta batzuekin batera duela zenbait urte sinatutako manifestuak horrela zioen: «Platonengandik poesiak, poetak, kondena jaso zuen. Ez du poetak errealitatearen batasuna Platonek aldarrikatzen zuen moduan ikusten, baina bere hitzetan, poetaren hitzetan, ahalegina dago». Hartara, oraingo honetan iruzkintzera gatozen Piztutako etxea (Erein, 2014) honetan kondena hori arintzeko xedez datorkigu berriro poeta, eta poeta handiek bakarrik eskain dezaketen ahalegina eta soiltasuna darabiltza, neurrizko hegaldi poetikoa eraikiz. Ahalegin horrek bere fruituak oparitu dizkio bai poetari eta bai Juaristiri berari, Felipe Juaristi poetaren anabasatik askatzeko, etxea piztearen ekintza lagungarri baitzaio Felipe Juaristi pertsonari: «Beharbada, zeuk engainatu duzu zeure burua. / Baina ez duzu etsi, besteetan bezala. / Sekula ez zara hain zu izan, /sekula ez dira hain baturik egon / zure barne eta zure kanpoa».

Manifestuari berriro erreparatuz, ez naizela batere manifestu zale aitortu arren, «Poetak, artifiziorik gabe, pentsamenduen erroetan sakontzen du, baina jakinda errealitatearen batasunera ez dela helduko, eta ez da bere asmoa». Batasun horretara ez baldin bada guztiz heltzen ere, Ludwig Wittgensteinen ezintasuna lekuko, nago Juaristik nahiko gertutik dakusala liburu honetan batasun deitu litekeen etxe bat, gustuko ez dituen larregizko artifiziorik gabe, gorputza bidaide. «Odol isuri gara, non bizi diren koloretako arrainak».

«Zertarako poesia Auschwitz eta gero?» Adornoren aipuak zabaltzen duen XVII. poema gogoangarrian, honela mintzo da: «Hitzak garaiz baino lehenago hazi dira aurten». Eta aurrerago: «Hildakoek ez dakite hilik daudenik. / Bizirik daudenek ere ez dakite bizirik daudenik». Poesia, zerbaiterako baldin bada, hilda edo bizirik gauden jakiteko da. Eta, poetaren eginkizuna, holokaustoaren ondorengo galdera erantzun ezinei aurrea edo atzea hartzea litzateke, anabasan biziko baita beti. Baina holokaustoa ez da bakarra poetarentzat, badira gureak ez diren holokaustoak ere. «Beste fantasma batzuk ekarri, zurbilago eta barregarriagoak, / ur gardenetan hiltzen direnak, ez dezaten gorputz hartu / Apokalipsiko zaldunen baitan».

Juaristiren seigarren poesia liburua dugu honako hau, poetak dagoeneko lortua du pisuzko obra, baina beti dabil ezustekoaren bila. «Espero dena espero izatea esperantzaren esperantza da», dio, Heraklitoren aipu bati jarraiki. Hogei poemek osatzen dute poemario laburra; horretako bakoitzaren atarian aipu esanguratsuren bat oparitzen digu poetak: Spinoza, Einstein, Ovidio, Yeats, Lacan…

Esan bezala, Juaristik ez du behar larregizko tramankulu poetikorik poetaren kondena arintzeko, baina bere metaforek laku isil batean barreiatzen den uhinaren indarra dute. Poetak sobera ditu metafora hanpatuak eta maisua da neurriz erabiltzen. Kondena gozagarri zaio, nolanahi ere, poetari; ez du presarik poemak eta lerroak leunki harilkatzeko. «Ahantziak ezarri digu bere liturgia, / presarik ez duen negu honetan. / Nik ere ez dakit aurten / zein aldetara eroriko diren sagarrak». Hamar urte igaro dira Juaristik poesia liburu bat ondu zuenetik, esango nuke itxaronaldiak merezi izan duela; neurri handi batean, poesia zaleak salbatu gaituelako, liburu honetako poema baten sokari tiraka.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude