Javier de Isusi, komikigilea: «Barkamenaren tramitea igaro gabe badago topaketa batera heltzerik»

Iñigo Astiz / 2014-05-22 / 775 hitz

ETAko kide ohia, GALeko kide ohia eta ETAk aita hil zion apaiza. Euskal gatazkaren hiru erpin uztartuz sortu du ‘Baleak ikusi ditut’ eleberri grafikoa Javier de Isusi komikigileak.

Frantziako kartzela bat, eta han bi preso: ETAko kide izandakoa bata, GALeko mertzenario ohia bestea. Ezustean topo egin dute horma berberen artean, eta agerikoa da tentsioa. Ez dute tratu handirik, baina arrasto sakona utziko die topaketak. Benetakoa da istorioa, baina komiki bilakatu du orain Javier de Isusik (Bilbo, 1972) Baleak ikusi ditut lanean (Astiberri). Errealitatea fikzioarekin nahasi, eta gatazkan murgildutako hiru pertsonaien ñabardurak erakutsi nahi izan ditu egileak: Josu, Emmanuel eta Anton; ETAko kide ohia, GALeko mertzenarioa eta ETAk aita hil zion apaiza. Gazteleraz idatzi du komikia, baina, aldi berean, euskarazko bertsioa ere argitaratu dute, Bego Montoriok itzulita.

Erreala izan zen ETAko presoaren eta GALeko presoaren topaketa hori?

Bai. Istorioa kontatu zidatenean oilo ipurdia jarri zitzaidan. Elkarren erabateko etsai ziren, baina elkar pertsona modura onartu zuten. Nahiko arina izan zen topaketa, baina arrasto sakona utzi zien. Damua sentitzera heldu zen bat, bestea laguntzeko moduan zegoen batean lagundu ez zuelako. Hunkitu egin ninduen nola heldu ziren horretara, hainbatetan aipatzen den barkamena eskatu beharraren tramite hori igaro beharrik gabe. Oso ongi dago hori, barkamena eskatzeko beharra sentitzen bada, baina topaketa bat gertatzeko ez da halakorik behar. Errekonozimendua da gakoa. Eta komikian kontatzen dudan kasuan hori gertatu zen. Badago zerbait sakona batzen gaituena, bizitzan tokatzen zaigun paperarekin zerikusirik ez duena.

Argitaratu baino lehen, ETAko kide izandako pertsona bati eta ETAren bi biktimari aurkeztu diezu lana.

Orain arte, neure esperientzia izan dut abiapuntu komikietan, fikzionatuta. Oraingoan, istorioa ez da nirea, eta, gainera, kanpotik ezagutu dut gaia. Umetatik ezagutu ditut ETAren eta GALen kontuak, baina gatazkak ez nau zipriztindu: ez dut seniderik kartzelan, eta ez dut hildakorik. Horrek perspektiba eman didala uste dut, arintasun bat. Gatazka gertuagotik ezagutu banu, zamatsua egingo zitzaidan komikia idaztea. Baina sentitzen nuen kontakizuna kontrastatzeko beharra ere. Jakin behar nuen ETAko kide izandako pertsonaiaren kasuan zenbateraino zitzaion errealitateari fidela nire pertsonaia. Nik niretik sortu nuelako, azken finean; ETAn egon ostean ETAtik ateratzen den pertsona bat izango banintz nola sentituko nintzatekeen imajinatuta. Baina oso garrantzitsua iruditzen zitzaidan errealitate hori ezagutu duen norbaitekin komentatzea. Biktimen kasuan, jakin nahi nuen nola hartuko zuten lana, baina ez nintzen edonorekin harremanetan jarri. Interesgarria iruditzen zitzaidan jendearengana jo nuen. Hirurek esan zidaten gustatu zitzaiela, eta horrek eman zidan aurrera egiteko indarra. Babes hori gabe, ziur asko, ez nukeen komikia aterako.

Soil kontatu duzu istorioa. Asko kostatu zaizu hori lortzea?

Lagun batek esan zidan, adibidez, Josu izeneko pertsonaiaren motibazioez gehiago jakitearen falta sumatzen zuela [ETAko kide ohia, eta Langraitz bidea hautatu duena]. Baina hau ez da euskal gatazkaren obra handia. Nik kontatu nahi dudana kontatu dut, eta ez naiz gehiegi sartu beste gaietan. Bestela, ez zen 180 orriko liburua izango, baizik eta milakoa.

Emmanuel, GALeko kide ohia, damututa dago. Hari buruzko datu askorik ere ez dago, ordea. Bere bizitzako garai jakin horretan irudikatu duzu, eta kito.

Istorioa bere konplexutasunean ulertu ahal izateko, pertsonaia bakoitzari buruz jakin beharreko minimoa azaldu dut. Tarte handia utzi diot irakurleari, hark dakienarekin berreraiki dezan istorioa, eta hark bete dezan.

Akziorik apenas dagoen komikian. Elkarrizketan ageri dira pertsonaiak beti, eta esango nuke elkarrizketari buruzko lana dela komikia ere. Hala ikusten duzu zuk ere?

Bai, erabat. Elkarrizketak dira liburuaren funtsa, baita pertsonaiek beren buruekin dituztenak ere. Oso akzio gutxi dago, egia da, eta idazteko eta marrazteko aspergarri xamarra da horregatik. Bigarren kapitulua amaitu eta kontakizuna kartzelatik ateratzean, aukera izan nuen akzio pixka bat sartzeko, eta, horregatik, hirugarren kapituluko bigarren orrira heltzerako sexu eszena bat margotu nuen [barreak]. Gerora ohartu naiz horretaz. Egin nuen lehen gidoian akzio eszena gehiago zeuden, baina nabarmen gelditzen ziren, lekuz kanpo.

Beste jendeak ezarritako etiketen preso dirudite zure pertsonaiek.

Hori da komikiaren puntu garrantzitsuetariko bat: ez gara etiketa soilak. Zerbait sakonagoa gara. Ez dugu etiketekin bizitzea beste erremediorik, baina jakin behar dugu haiek eranzten eta gainontzekoei ere kentzen. Ezin ditugu besteak etiketaren arabera epaitu. Utzi egin behar zaio jendeari izaten, pentsatzen.

Akuarelaz margotu dituzu marrazkiak. Ez da kasualitatea, ezta?

Aurreko komikian ere erabili nituen akuarelak, esperimentatzeko. Bi kolore erabili nituen: bat epela eta bestea hotza. Eta orain grisa eta hori ezeroso bat erabili ditut. Baina ez da esperimentatzeko izan; beharrezko ikusten nuen. Istorioan ez dago kolore epelentzako tokirik. Metaforikoki, gainera, oso ongi datorkit akuarela bidez kolore horia eta grisa elkartuz joatea, elkarren aurkako diren bi kolore elkarrekin nahastea. Hala osatzen da errealitatea ere, osagai guztiak batuta.

Baleak ikusi ditut lanaren egilea izango zara aurrerantzean. Ez zara zu ere etiketatuko zaituzten beldur?

Jarriko didate bat edo beste, baina zer egingo diogu? Hor daude etiketak, eta haiek hausten saiatzea da garrantzitsuena. Ezin da halakoen beldurrez sortu.

Komikiaren aurrerapena ikusteko: www.berria.info

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude