Komikiak euskaraz

Goizalde Landabaso / 2014-05-13 / 234 hitz

Gaztetxo nintzela Asterix eta Obelixen abenturak erosten zizkidaten euskaraz irakur nezan. Harrezkero ez ditut komikiak abandonatu. Paco Roca Valentziako ilustratzaile bat da. Bere lanik ezagunena: 2007an Delcourt argitaletxearekin kaleratutako Arrugas (Zimurrak). Komiki liluragarria da. Berak espainieraz egin zuen, eta ostean katalanez (Arrugues) eta galizieraz (Enrugas) kaleratu zuten. Euskaraz ez dago zimurdurarik. Euskal komikizaleak espainieraz, frantsesez edo beste erdaretan irakurtzen du.

Urteotan gutxi izan dira argia ikusi duten komikiak. 2006. urtean Paul Austerren eleberrian oinarrituta egin zuten komikia kaleratu zuen Txalapartak Kristalezko hiria izenburuarekin. Harkaitz Canok euskaratu zuen. 2009an Alberdaniaren eskutik ezagutu genuen Hedoi Etxate eta Alain Urrutiaren Ihes ederra. Iaz Txalapartak bi lan kaleratu zituen: Jose Carlos Fernandesen lan zoragarria, Munduko bandarik txarrena, Bego Montoriok euskaratua, eta Maite Gurrutxagaren Habiak, jatorrian euskaraz idatzitakoa. Xabiroi-k eta Saure argitaletxeek ere badituzte, izan, zenbait komiki, batez ere gazteentzat. Baina kito. Hor amaitzen da eskaintza. Euskal Herrian bada komikigintzara emana dagoen argitaletxe interesgarria: Astiberri. Orain arte espainieraz baino ez du kaleratu izan. Hemendik gora, baina, euskaraz kaleratzen hasiko da. Hasteko, Jabier de Isusiren Baleak ikusi ditut aurkeztuko du laster, Euskal Herriko auzi politikoa ardatz duen lana. Ondoren, osterantzeko aukerak etorriko dira. Imajina dezakezu; Joe Saccoren Palestine edota Safe area Gorazde, Marjane Satrapiren Persepolis, Art Spiegelmanen Maus edota Allan Mooren V for Vendetta lanak euskaraz? Berandu datorrela pentsa lezake norbaitek, eta ziurrenen arrazoi du. Baina zer nahi duzu esatea, berandu, baina sasoiz dator. Eta hobe inoiz sekula santan baino.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.