Laurier Turgeon: «Egun, Quebecen gutxi ezagutzen da euskal arrantzaleen arrastoa»

Ainara Arratibel Gascon / 2014-05-17 / 750 hitz

1512koa da Euskal Herritik Quebecera joandako arrantzaleen lehen arrastoa, Turgeonek azaldutakoaren arabera. Hasieran bakailaoa arrantzatzera joan baziren ere, ondoren baleak arrantzatzen ere hasi ziren. Haien eragina ikusten da oraindik hango lurretan.

«Onak eta adeitsuak». Halakoak izan ziren Euskal Herritik Kanadara eta Quebecera joandako arrantzaleek hango herritarrekin izandako harremanak. Horixe ikertu du urteetan Laurier Turgeon antropologoak eta Quebeceko Lavar unibertsitateko katedradunak. Horiek berreskuratu beharko liratekeela uste du, eta horretarako garrantzitsuak izan daitezkeela atzo, Jazaurrea elkarteak antolatuta, Irungo Ficoba erakustazokan egindako Atlantiarren Biltzarra moduko jardunaldiak.

Noiz eta nola hasi zen euskal herritarren presentzia Quebeceko San Laurendi ibaiaren estuarioan eta Kanadan?

Euskal herritarren presentziari buruzko lehen erreferentzia XVI. mende hasierakoa da, zehazki 1512koa. Maxime De Grosek egindakoa da. Nik, ordea, ez dut topatu. Diotenez, garai batean Capbretongo [Frantzia] udal artxiboan egon zen agiri batean irakur zitekeen. Euskal herritarren presentzia hori baieztatzen duen lehen agiria, berriz, 1517koa da. Bordelen [Frantzia] datatua dago. Agiri horretan Ternura joandako Donibane Lohizuneko [Lapurdi] arrantzontzi batez hitz egin zen. Ontzi hori bakailao berdea arrantzatzera joan zen Ternuara. Bakailao horri ontzian bertan botatzen zioten gatza, eta ondoren Bordeleko portuan saltzen zuten. Han arrantzarako oso leku onak zeudela jakinda, pixkanaka gero eta gehiago izan ziren Ternuara joaten ziren ontziak, batez ere 1520tik aurrera. Bakailaoa arrantzatzeaz gain, ondoren baleak ehizatzen hasi ziren. Inguru haietan arrantza zitezkeen bi animalia nagusiak ziren.

Nolakoa izan zen hasierako harremana hango herritarrekin? Nola ikusten zituzten hango herritarrek euskaldunak? Eta alderantziz?

Egia esan, harreman horri buruzko dokumentu gutxi daude, batez ere lehen urteetakoak. Agiriak baino gehiago, elezaharrak daude. Aurki daitezkeen agiriak 1560. urtetik aurrerakoak dira, eta ez dute zehazki horri buruz hitz egiten. Baina horietan esaten denaren arabera, ondoriozta daiteke harremanak onak eta adeitsuak zirela, eta batez ere merkataritzan oinarritutakoak zirela. Gerra aliantzak deitzen zirenak ere bazeuden. Itsasoan erasoren bat jasaten bazuten, elkarri babesten ziren. Euskal arrantzaleen aldetik borondatea zegoen hango herritarrekin harremana izateko. Adibidez, arrantzara joandako arrantzaleetako batzuk, neguan han geratzen ziren hango tribuen hizkuntzak ikasi eta haiekin harreman hobeak izateko. Merkataritza harremanak emankorragoak izatea era bazuten helburu harreman horiek.

Baleak ehizatzeko edo bakailaoa arrantzatzeko lehiakide moduan ikusten zituzten?

Ez, ez zegoen lehiarik. Ezinezkoa zen, hango herritarrek apenas baitzekiten arrantzatzen. Euskaldunak izan ziren arrantza hara eraman zutenak eta hango hainbat triburi arrantzatzen irakatsi zietenak. Ondoren hasi ziren haiek arrantzatzen. Beste zenbaitetan, arrantzatzen baino ontziak nola eraikitzen irakatsi zieten. Hala, hango tribuek euskal arrantzaleentzat eraikitzen zituzten ontziak. Beste kasu batzuetan euskal arrantzaleek han uzten zituzten ontziak, eta hango tribuetakoek desmuntatu egiten zituzten gordetzeko. Arrantzaleak hara itzultzerako berriro muntatuta izaten zituzten itsasontziak.

Zein izan zen euskal arrantzaleek utzitako arrastoa?

Esango nuke gaur egun euskal arrantzaleek utzitako arrastoa bi gauzetan ikusten dela, batez ere. Batetik, han erabiltzen diren hainbat hitzek euskaran dutela jatorria. Oreina hitza, adibidez, erabiltzen dute. Euskarazko abizena duen jende kopuru handi bat ere badago oraindik ere. Hizkuntzari lotutako bi kontu horietatik harago, eragina aldatu egiten da gune batetik bestera. Mi’kqmac tribuan, esaterako, beste tribuetan baino handiagoa da. Haien ikur edo sinboloetako bat lauburua da. Oso presente dago haien eguneroko bizitzan eta ohituretan. Ziurrenik, egun Euskal Herrian dagoena baino gehiago. Beste tribu batzuetan ere erabiltzen dute lauburua ikur gisa.

Zein ezagutza dago egun hango herritarren artean Euskal Herriaren inguruan?

Zoritxarrez, arrantza ontzien joan-etorria gutxitu zenetik, bi herrien arteko harremana eta ezagutza galduz joan zen pixkanaka. Egun, esan bezala, presentzia horren arrastoak badaude. Baina batez ere adituen aldetik da ezaguna: antropologoak, adibidez. Herritar xumeen artean apenas dagoen ezagutzarik. Quebectarren artean gutxi ezagutzen da euskal arrantzaleek utzitako arrastoa. Adibidez, euskal abizena duen herritar batek badaki bere abizena Euskal Herritik datorrela, baina, oro har, ez dute Euskal Herriko errealitatearen ezagutza handirik, eta garai bateko arrantzaleek utzitako arrastoaz. Ezagutza abstraktu bat dutela esan daiteke. Egia esan, pena bat da galera hori gertatu izana.

Euskal Herrian oraindik ere gogoratzen dira garai haiek. Duela urte batzuk Apaizac Obeto espedizioa egin zuten, eta orain hango uretan hondartutako San Joan Galeoia berriz eraikitzen ari dira. Han bada horren berri?

Egia esan, ez dago. Nik ere ez nuen galeoia berreskuratzen ari diren berri. Baina iruditzen zait inportanteak direla halako egitasmoak egitea eta sustatzea.

Garai hartako harremanak berreskuratu daitezkeela iruditzen zaizu?

Ez dakit zein punturaino, baina garrantzitsua iruditzen zait horretan saiatzea. Hitzaldi, jardunaldi eta abarren bidez egin daiteke. Pixkanaka egiten ari da ahalegin hori. Euskal Herrian bezala, han ere badira egitasmoak hori lortzeko. Adibidez, Trois Pistoles hirian, Euskaldunen Uhartearen parean, Euskal Herriko museo bat eraiki dute. Museo horretan, besteak beste, frontoi baten erreplika ikus daiteke. Baina egindako ekimenak Frantziako ikuspegi batetik egin dira. Horrek eragina du ezinbestean. Adibidez,bertan esaten da euskara Frantzian hitz egiten den hizkuntza bat dela.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude