Margogintza eskolak

Imanol Mercero / 2014-05-04 / 383 hitz

  • Izenburua: Sagutxo margotxo
  • Idazlea: Stephane Millerou
  • Ilustratzailea: Quitterie Laborde
  • Itzultzailea: Unai Zubeldia
  • Argitaletxea: Ikas

Badugu sagutxo bat izututa bere etxe-zuloan. Joan nahi du urruti, haurren zaratez akitua. Bideari ematen zaio jakin-minez, eta orrialdez orrialde topatzen ditu animaliak. Ea non egiten duten lo galdetuta, bakoitzak bere erara erantzuten dio. Azkenik, adiskidea topatuko ote du?

Album hau egitura errepikakorrean eraikia dago. Aurkezpenaren ostean, zazpi animalia galdekatuko ditu saguak, eskema errepikatzen. Hasieran, leku baten deskribapena; ondoren, animalia aurkezten da, asmakizun moduko batekin; jarraian, elkarrizketa dator, eta, amaitzeko, esaera bat sagua adoretzeko. Ondoan, baina aparte, aldian aldiko animaliaren silueta dago, berau definitzen duen testuarekin eraikita: «dortoka berekoi», «gatu harrapari», etab.

Pareko orriko ilustrazioek topaketa bakoitzaren berri ematen digute, informaziorik erantsi gabe.

Halere ilustrazioek daukate garrantzia liburu honetan, zeren helburua ilustrazioetan dauden irudiak erakustea baita.

Hurrenez hurren margogintzako hamahiru maisu hauen estiloa imitatuz sortutako irudiak dira: Vincent Van Gogh, Keith Haring, Piet Mondrian, Henri Matisse, Vasili Kandinski, Norval Morrisseau, Paul Klee, Joan Miro, Gustav Klimt, Pablo Picasso, Georges-Pierre Seurat, Giuseppe Arcimboldo eta Andy Warhol.

Ilustrazioak margolari bakoitzaren estiloa eta ikonografiaren gainean eraikita daude, baina, halere, guztiak dira sorkuntza berriak. Esaterako, albuma abiatzen duen lehen ilustrazioan, batuketa berezi bat egin da Van Gogh-en Gau izartsua, Garrasia, Aulkia eta Logela margolanekin. Fusio honetatik sortu den emaitzak badu margolari holandarraren kutsua, eta badu bestelakotik.

Hamahiru maisuak margogintza garaikideko beste hainbeste eskolatako ordezkariak direnez, uler liteke arte honen ezagutzarako atariko gisa hautatu dituztela. Edo, zehazkiago, eskolako ikaskuntza material gisara.

Honi buruz argigarria da albumaren azken orrialdean agertzen den argitaratzailearen oharra, zeinetan gaztigatzen zaigun eskura dugula halaber «Album honen ustiatzeko gidaliburua (irakurketa, ulermena, idazketa eta ikus-arteak — 1., 2. eta 3. zikloentzat)». Hor, jakina, Iparraldeko eskoletako zikloez ari da —Hegoaldekoek uler dezaten, 2 urtetik 10 urte bitarte irauten dute ziklook—.

Ilustrazioak liburu honi eransten dion balioaz aparte, testuak ariketa interesgarriak iradokitzen ditu. Hori bai, bitartekari baten laguntzarekin.

Gidoia errepikapenean oinarrituta dagoelarik, irakurle zaharragoentzat aspergarria eta irudimen gutxikoa suertatzen da, baldin eta proposatzen diren jolasetan aritzen ez badira (asmakizunak, irakurketa ozenak, silueta idazketak). Txikienentzat testu askotxo dago, eta bitartekariak hautatu egin beharko luke; ematen du errazena animalia pare bat saltatzea litzatekeela…

Dena den, presente izan, margogintzaz hitz egiteko aitzakia dela liburu hau; alegia, didaktikaren zerbitzurako sortutako literatura.

Eta gogoratu Lio Lionni handiak Matiasen ametsa (Pamiela, 2013) eskaini zigula, sagu margolari bati buruzkoa, hain zuzen!

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.