Marrubi kaxa bat, mesedez

Arantza Lorenzo / 2014-05-13 / 818 hitz

Garai honetan dugun fruta gozo, zaporetsu eta nutritiboa da marrubia. Daukan zuku guztia atera nahi diogu. Plater gozo nahiz plater gazien hornigai gisa erabil daiteke. Udaberriko fruitua denez, martxotik ekainera bitartean sasoi aproposa da fruta horretaz gozatzeko. Kontuz gorde behar dira.

Marrubiak denetik du. Erakargarria, gozoa, urtsua eta osasuntsua da. Nutrizio ikuspuntutik, fruitu gorri guztien antzera —masusta, ahabia, mugurdia…—, zuntza, C bitamina eta folatoetan da aberatsa. Oligoelementuetan potasioa eta magnesioa ditu. Gainera, substantzia fitokimiko antioxidatzaile garrantzitsuak dauzka. Minbizi eta bihotz gaitzetatik babesten gaituzte substantzia horiek. Guztia oso energia gutxi eskainiz, 30 Kcal/100 gramoko batez beste.

Kolorea deigarria du, eta gure plater gozo nahiz gazien apaingarri bikaina izan daiteke, nutritiboki aberasten ditugun bitartean. Baina bere mugak ditu: urtaro honetan bakarrik izaten da, udaberrian, eta berehala hondatzen da. Horregatik, urte sasoi honetan kaxa bat erosi, kontserbatu eta ahal den gehien aprobetxatzeko hainbat ideia izatea garrantzitsua izango da.

Nola kontserbatu marrubiak ongi eta itxura onean

Erraza da marrubi bat bere heldutasun egokian noiz dagoen jakitea. Kolore gorria bizia izaten da, eta zuztar berdea frutaren goiko zatiari ongi itsatsia egoten da. Baina fruta oso ahula denez, zaila izaten da egoera horretan denbora luzez mantentzea. Kaxa oso bat erosten badugu, normala izango da baten bat ukituta edo bigunagoa egotea; eta, azpian badago, ziurrenik bat edo beste ez da kontsumitzeko moduan egongo. Marrubiak oso helduak baldin badaude, egokiena bi edo hiru egunetan kontsumitzea izango da. Aholku pare bat:

Kontserbazioa: Hobe erositako kaxan mantentzea. Asko ukitzen baditugu, berehala biguntzen dira. Toki freskoan mantendu, ahal den heinean hezetasunik gabe eta eguzkiak zuzenean ematen ez duen tokian. Kaxan oso pilatuta baldin badaude, azpil zabal batean ipini daitezke, elkar ahal den gutxiena ukituz.

Garbiketa: Egokiena jan behar ditugunean garbitzea da. Lehenengo, ontzi batean ur hotza jarri, bertan murgildu eta banaka banaka atera. Ondoren, zuztarra kendu. Zuztarra garbitu aurretik kentzen badiogu, ondoren uretan murgiltzean, ura barrura sartu eta horrek zaporea eta hainbat bitamina galtzea eragiten du.

Marrubi kaxa behar bezala aprobetxatzeko ideiak

Nutrizio galerak ahal den txikienak izan daitezen, zenbat eta gutxiago manipulatu, hobe. Jateko modurik errazena eta nutrienteak gehien aprobetxatzeko modua bere horretan jatea da, modu naturalean. Gozoago gustatzen zaienentzat, garbitu, zatitu eta tarteka azukre apur batekin ere har daitezke. Azukrearekin 30 minutuz uzten baditugu, almibar gozo bat sortzen da, frutaren usaina eta zaporea indartuz eta kontserbazioa areagotuz.

Limoiaren edo ozpinaren hiru edo lau tanta gehitu daitezke; horrek marrubiaren zukuak ateraraziko ditu eta zapore ezberdina sortu. Kontuan izan horrek nutrienteak galtzea dakarrela. Nahiz eta gozoa izan, nutrienteak ez dira erabat aprobetxatzen.

Bestalde, funtzio dietetikoa behar bezala bete eta, gainera, platera erakargarria izateko, ongi pentsatu beharko da zein janarirekin konbinatu. Hona hemen hainbat adibide:

• Marrubiak jogurtarekin nahastu daitezke, gosarian adibidez. Limoi sorbetearekin, esne gainarekin har daitezke hamaiketakoan, meriendan edo otorduen postre gisa —oso tarteka eta esne gain gutxirekin—. Arroz esnea edo natillaren gainean apaingarri eta gozagarri gisa.

• Mazedonian beste hainbat frutarekin.

• Brotxetak egin daitezke: marrubia, kiwi, platanoa… Gustuko izan ditzakegun frutak bere horretan, edo tarteka, gozo berezi gisa txokolatean bustita.

• Irabiakiak: Esnea, marrubiak eta azukre apur batekin; marrubiak (100 g), esnea (200 ml), platano bat eta laranja erdiaren zukuarekin. Platanoaren ordez, gustuko dutenek kiwiarekin proba dezakete eta abar. Apaingarri gisa, txokolate urtuan sartutako marrubiak jar daitezke… Imajinazioak ematen duena.

• Tartak. Sagar tartaren antzekoa, baina marrubi, almendra birrindu eta marrubi marmeladarekin eginak; moussak…

• Eta marrubi asko baldin baditugu, eta usteltzeko arriskua badago, marmelada bat egin daiteke modu honetara: marrubiak garbitu, zatitu eta kazo txiki baten oinarrian marrubi kapa bat jarri. Horren gainean azukre kapa, gainean marrubia, berriro azukrea —dugun marrubi kopuruaren arabera kapaka—. Sutan ipini, lehenengo, su bizian; gero, jaitsi eta su txikian egiten eduki hogei bat minutu inguru. Azkenik, purea egiteko gailutik pasatu, eta horra hor marmelada bikaina. Ogi txigortuarekin, gailetekin… jan daiteke.

Bestalde, lehen esan bezala, plater gozoekin ez ezik, gaziekin ere laguntzaile bikainak izan daitezke marrubiak:

• Marrubiekin entsaladetarako ozpin olioak prestatu daitezke: olioa, gatza, ozpina eta marrubi zatiak hiru eta bost egun artean beratzen eduki. Hemen marrubiak entsaladetan agertzeko aukera pare bat: letxuga, azenarioa, Golden sagarra eta marrubiak xafla finetan zatituta; beste aukera bat: endibiak antxoekin eta marrubi ozpin olioarekin, gaziari gozotasun apur bat eskainiz.

• Otordu berezi baterako, zizka- mizka moduan jartzeko aukera polit eta gozo bat: ogi txigortu txiki batean, igurzteko gazta jarri; gainean, antxoa bat; eta azkenik, marrubi zatitxoekin apaindu.

• Gurin apur bat zartaginean jarri, bertan sueztitu marrubiak eta gainetik azukre beltz apur bat gehitu. Horrekin, krepe batzuk bete daitezke, edo, bestela, hori bera plater gazi baten hornigaia izan daiteke.

• Oilasko, ahate edo arkume erreari laguntzeko, adibidez. Marrubiak zatitu, apur bat sueztitu, ozpin tanta gutxi batzuk gehitu. Soja saltsa ere ere erantsi daiteke, baita piperbeltza ere gustuko edukiz gero. Gozoa eta mikatzaren arteko zaporea lortzen dugu platerei kutsu berezi bat eskainiz.

• Beste horrenbeste egin daiteke labean erretako arrainarekin ere.

Ideia horiek eta norberak izan ditzakeenekin, aukera mordoa dugu urte sasoi honetan fruitu gozo hauek aprobetxatzeko. Probestu, eta on egin!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.