Puntuazioa

Julio Soto / 2014-05-14 / 238 hitz

Oraindik ere gordea dut nire lehen kaligrafia liburutxoa, eta harekin batera bertan idazten nueneko irudi lausoren bat; eskolako aulkitxo gainean, arkatza eskuan hizki dotoreenen bila. Ume-umetatik ahalegintzen dira idatz dezagun argi eta garbi. Behin aulki handixeagoen gainean gaudenean iristen dira ortografia eta egokitasuna bezalakoak, eta lortzen du batek trebetasun minimo bat. Baina zaila da bizitzaren liburuxkan egokitasunez idazten, baina behintzat puntuazioari dagokionez.

Adina eta izaera dira norberaren idatz estiloa zehazten duten gakoetako bi. Esan liteke nerabezarora arte dena dela koma edo puntu eta koma, dena dela etenik ez duen probaketa baten segida. Komarik gabeko lehen puntu bakartia ezartzerakoan hasten dira benetako idazketa arazoak, puntuazio nahasketak.

Gertatzen zaigu behin puntuak idazten ikasita hauen gehiegizko erabilera egitea. Koma bat izan behar zuena puntu bihurtzea. Azkarregi etsitzeagatik, burugogorkeriagatik, jarraipena behar zuen zerbaiti amaiera bortxatu bat ematea. Baina gertatzen da alderantziz ere askotan; beldurrak hartuta, zalantzati, puntu bat ezarri behar den tokian koma bat ezartzea. Bukaera eskatzen duen zerbaiti jarraipena ematea. Irabazteari adina beldur zaionean galtzeari puntu eta koma batek arnasaldi txiki bat ematen digu; baina, bata bestetik bereizi eta erabaki bat hartu ezean, itotzen, itotzen doa bat.

Batzuetan zuzenegiak gara eta parentesiak gutxiegitan erabiltzen ditugu (beste batzuetan parentesi artean datorkiguna ezin interpretatuz gabiltza). Kopeta zimurtuegiarekin gaudenean harridura marka gehiegi ezartzen ditugun bezala, geratzen gara askotan mahai gainean kolpe bat eman eta harridura marka bat ezarri ordez puntu bakarti batekin!

Asmatzen eta hanka sartzen, galdera etengabe bat den bizitzako liburuxka itxi artean…

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.