Altxor gero eta eskuragarriagoak

Juan Luis Zabala / 2014-06-06 / 780 hitz

Digitalizazioaren eta erakusketen bitartez, inkunableak gizarteratzeko bideak urratzen ari dira haiek gordetzeko ardura dutenak, aleak hondatzeko arriskurik hartu gabe.

Beren antzinakotasunagatik eta bakantasunagatik balio handikotzat jotzen dira inkunableak, hots, 1450 eta 1500 artean argitaratutako liburuak, inprentaren lehendabiziko mende erdikoak. Euskaraz idatzitakorik ez da ezagutzen, eta inoiz izan denik ere ez da uste —1545ean inprimatua da aurreneko liburua, Bernat Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae—, baina Euskal Herrian ehunka gordetzen dira hainbat liburutegitan. Altxortzat jotzen badira ere, altxor ezkutuak izan ohi dira. Batetik, hondatzeko arriskua dela-eta, ezin direlako nolanahi utzi interesatuen eskuetan; bestetik, nahiko ezezagunak direlako. Azken hilabeteotan, ordea, albiste izan dira inkunableak, digitalizazioaren eta erakusketen bitartez, gizartearekin harremanetan jartzeko ahalegin batzuk.

Inkunableen arloan Euskal Herriko liburutegirik oparoenetakoa izateaz gain, 107 ale baititu bertan gordeak, inkunableak ikusteko aukera eskaintzen eta ezagutarazten ere nabarmentzen ari da azkenaldian Arantzazuko santutegikoa, Arantzazu Gaur fundazioaren ekinbidez. Liburutegi horretako 107 inkunableak modu egokian daude gordeta, eta ezin ditu inork ikusi edo ukitu, inkunableekiko zuzeneko kontaktua eskatzen duen ikerketa bat egiten ari dela egiaztatu ezean. Inkunableen edukia, ordea, nahi duen ororen eskura izango da aurki. Eusko Ikaskuntzaren Euskomedia Fundazioak digitalizatu egin ditu, Arantzazuko santutegiak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin sinatutako hitzarmenari esker, eta eduki digitalizatuak Donostiako Koldo Mitxelena Kulturuneko liburutegiko katalogoan sareratuko dituzte.

Arantzazuko 107 inkunable horietako gehienak 1949an iritsi ziren hara, urte hartan, segurtasun arrazoiengatik, Frantziskotar Probintzia osoko inkunableak —eta balio handiko beste liburu asko— Arantzazuko liburutegian biltzea erabaki zutelako frantziskotarren ordenako arduradunek. Inguruko komentuetakoak ez ezik, Frantziskotar Probintzia beraren barruan kokatuta zeuden Espainiako hainbat probintziatako komentuetakoak ere iritsi ziren Arantzazura, hala nola Burgos, Soria, Kantabria, Errioxa eta Valladolidekoak, besteak beste. Horregatik da horren aberatsa Arantzazuko santutegiko liburutegia.

Arantzazuko inkunableetako bat, San Agustinen testuz osatutako 1495eko obra bat, nahiko egoera txarrean zegoen —hezetasunaren ondorioz batetik, aurretik egina zioten zaharberritze trakets baten ondorioz bestetik—, eta zaharberritu egin behar izan da digitalizatu aurretik. Henar Peso liburuen zaharberritzaile donostiarra arduratu da lan horretaz. Liburuaren marjinak baino ez zeuden hezetasunaren ondorioz hondatuak, eta inprimatutako guztia osorik zuen.

San Agustinen inkunable zaharberritua Arantzazuko Gandiaga Topagunean izan zen ikusgai maiatzeko lau asteburuetan, Iñaki Egaña artistaren Liburua, bigarren irakurketa eskultura erakusketarekin batera, Liburua, arimaren ispilu programaren barruan. Orain berriro dago ikusgai inkunable zaharberritu hori, Arantzazuko santutegiko liburu azokan, bertako bildumako beste bi inkunablerekin batera. Igandeetan baino ez dago zabalik azoka, 11:00etatik 12:00etara eta 13:00etatik 14:00etara, eta uztaila arte izango da bisitatzeko aukera.

Torquemadaren liburua

Arantzazuko inkunableen artean zaharrena 1470ekoa da: Juan de Torquemada apezpiku, kardinal eta inkisidore espainiarraren Questiones Evangeliorum, latinez idatzitakoa. Denboraren iragateari ondo eutsi dio Arantzazun gordetako aleak. Bizi-bizi erakusten ditu duela 544 urte inprimatutako letra gorri eta moreak ere. Gaiei dagokienez, literaturako lanik ere bada inkunable horien artean, baina batez ere gai erlijiosoei buruzkoak dira gehienak, hala Arantzazun nola, oro har, Euskal Herrian.

Arantzazuko 107 inkunableak ez ezik, Gipuzkoako beste 54 ere digitalizatu ditu Euskomedia Fundazioak: Gipuzkoako Protokoloen Artxibo Historikoan, Oñatin, gordetakoak dira horietako 49; gainerako bostak Koldo Mitxelena Kulturuneko liburutegikoak.

Gipuzkoako inkunable guztiak —169 dira orotara— digitalizatzeko, zortzi baino ez dira falta, Lazkaoko beneditarren komentukoak. Diru laguntza eskatua dago, baina ez da oraindik iritsi. Zaharberritu beharrean daude, gainera, oraindik, zortzi horietatik zazpi. «Herri bati aberastasuna ematen dioten gauza asko daude, baina horretarako dirua behar da», ekarri du gogora, gaiaz mintzatzean, Juan Joxe Agirrek, Lazkaoko beneditarren komentuko liburutegiaren zuzendariak.

Nafarroan eta Bizkaian ere inkunable asko daude gordeta, eta bakan batzuk badira Araban ere; alerik ez Ipar Euskal Herrian. Nafarroari dagokionez, Nafarroako Liburutegi Nagusia, Nafarroako Unibertsitateko liburutegia, Iruñeko kaputxinoena eta Iruñeko Katedraleko Biblioteka Kapitularra dira inkunable gehien gordetzen dutenak; azken horrek Arantzazuko santutegiko liburutegiak baino gehiago ditu: 130 guztira. Nafarroako inkunable bakan batzuk digitalizatuta daude, baina ez zaio lan horri modu sistematikoan ekin.

Bizkaian, Deustuko Unibertsitatea da inkunable gehien duena: guztira 45, horietatik 37 Loiolako (Azpeitia, Gipuzkoa) santutegitik duela hainbat urte eramanak; horietatik 21 digitalizatuta eta kontsultagai daude. Bizkaiko Foru Aldundiko liburutegian, berriz, 41 inkunable daude gordeta. Araban, Gasteizko Elizbarrutiaren Seminarioko liburutegia da batik bat aipagarri.

Iruñean inprimatutakoak

Euskarazko inkunablerik ez badago ere, Euskal Herrian inprimatutakoak 25 bat direla uste da: Arnaldo Guillen de Brocarrek 1490 eta 1500 artean Iruñean izan zuen tailerretik irtendakoak. Horietako batzuk Nafarroako Liburutegi Nagusian gordeta daude gaur egun. Denetan zaharrena Manuale secundum consuetudinem ecclesie Pampilonensis da.

Orotara Euskal Herrian 400 inkunable baino gehiago daude, eta ezin da esan portzentaje kaxkarra denik, adituen ustez munduan 550.000 inkunable daudela aintzat hartzen baldin bada, 35.000 izenbururi dagozkienak. Inkunableen %70 latinez idatziak dira, %10,8 alemanez, %8 italieraz, %5,7 frantsesez, %1,9 nederlanderaz, %1,4 gaztelaniaz, %0,8 ingelesez eta % 0,5 hebreeraz. Portzentaje horietatik behera inkunableak dituzten hizkuntzen artean, katalana, frisiera, bretoiera eta sardiniera daude, besteak beste. Katalanezko inkunableen artean, Joanto Martorellen Tirant lo Blanch zalduntza eleberria dago, 1460 eta 1464 artean idatzia eta 1490ean argitaratua, Miguel de Cervantesen On Kixote Mantxako-ren aurrekari garrantzitsuenetako bat.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude