Baleak ikusteko gogoz

Mikel Lizarralde / 2014-06-08 / 226 hitz

Lehenago ere kaleratu zutela aleren bat euskaraz —Neil Gaiman-Dave McKeanen Otsoak hormetan, besteak beste—, baina salmentak «etsigarriak» izan zirela eta utzi egin ziotela. Hori irakurri nion aurrekoan Astiberriko arduradun bati. Orduz geroztik, ehunka erreferentziak osatu dute argitaletxearen bilduma. Sendotu dute bere prestigioa. Baina euskarazkorik bat bera ere ez. Orain arte. Baleak ikusi ditut, Javier de Isusiren nobela grafikoa kaleratu baitu orain gutxi Astiberrik.

Gogoa joan zait Iban Zalduak eta Julen Ribasek lau eskutara idatzi eta marraztutako Azken garaipena hartara. Eta nola Euskadi saria eman zioten, zer eta haur eta gazte literaturaren alorrean. Komikia zelako? Ikastolen Elkarteak kaleratu zuelako? Edo benetan uste zutelako naziak eta zilborrik gabeko gizakiak biltzen zituen ukronia metanarratibo hura gazteentzat —hau da, ez irakurle orokorrarentzat— zela?

Beste hizkuntza batzuetan lortu duen lekua, masa kritikoa eta prestigioa falta ote zaion nobela grafikoari euskaraz. Hori ustea. Oraindik ere marrazkiak bakarrik haurrentzako lanetan edota egunkarietako zintetan daudela. Eta helduentzat direnean, hitz politak bai, baina oihartzun handirik ez dutela izaten. Txalapartak, adibidez, egin du ahalegin bat eremu horretan, ekoizpen propioak (Maite Gurrutxagaren Habiak) nahiz itzulpenak (Paul Austerren nobelan oinarritutako Kristalezko hiria, Jose Carlos Fernandesen Munduko bandarik txarrena), baina oihartzun apala izan dute, biak ala biak, eta bakoitza bere estiloan, pieza bikainak izanda ere.

Bide batez, Baleak ikusi ditut, Iban Zalduak Gauza izendatzen duen horretaz gogoeta egiteko ahalegin oso estimagarria da. Baina segituko dugu baleak ikusteko gogoz.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude