Egia, mitoak, zientzia

Mikel P. Ansa / 2014-06-22/ 649 hitz

Zientziaren bilakaeran mitoek, imajinazioak eta sormenak zer eragin izan duten aztertu du Giovanni Vignalek. Zientziak fikzioaren tresnak erabiliz esplikatzen baitu errealitatea sarri.

Luc Skywalker Star Wars filmeko pertsonaia, begiak estaltzen dizkion kaskoa jantzita, laser ezpata bat eskuetan, pilota bati eman nahian. Begirik ez, pilota non dagoen ikusteko. «Beste zentzu batzuk erabili behar ditu». Argazki hori erabiltzen du Giovanni Vignale fisikariak, erakusteko zientzialariak nola ibiltzen diren, maiz, egiaren bila. Seguru ez dakitenaren eremu horretan metaforak erabiltzen dituztela. Fikzioaren eta fisikaren arteko eremuak uste baino gertuago daudela, The Beautiful Invisible liburuan argudiatu duenez.

Donostian aurkeztu zuen liburua, ostegunean, Giovanni Vignalek. Mekanika kuantikoa du ikerketa esparru nagusi; atomoak, haien egitura, elektroiak, dentsitatea, uhin funtzioa… Pertsonaren begiarentzat ikusezin diren aztergaiak. Fisika klasikoak esplikatzen eta ikertzen ahal ditu materia gorputz handiak. Baina gai txikiagoen, elektroien eta atomoen, joera eta fenomeno batzuk ez. Eta Luc Skywalkerrek bezala aritu behar dute fisika kuantikoan ari diren ikerlariek, beste zentzu batzuk erabiliz. Vignalek idatzitako liburuaren azpitituluak zehazten ditu zentzu horiek: sormena, imajinazioa eta fisika teorikoa. Bestela esateko, fikzioa; fikzioaren bidez iristeko errealitatearen esplikazio bat ematera.

Literaturaren tradizioko adibide batzuk erabiliz azaldu ditu fisikaren eremu horietan egiten diren ahaleginak. «Errealitatea esplikatzeko metaforak erabiltzea oso arrunta da bizitzaren eremu askotan, baita zientzian ere. Zientzian egiak bilatzen saiatzen gara, fikzioaren egiturak erabiliz».

Adibide batzuk eman ditu. Big-Bang teoria: «Zeharkako ebidentziak dauzkagu, baina inork ez zuen ikusi, ezinezkoa da ikustea»; irudi bat besterik ez baita, azken batean. Elektroien errotazioa: «Inolako zentzurik gabeko ideia da. Elektroiek ez dute gorputzik, beraz, ezin dute beren gorputzaren ardatzaren arabera biratu. Hitz egiteko modu metaforiko bat da». Partikulak eta eremuak: elektroiak partikulatzat hartzen ziren fisikaren teorian, baina mekanika kuantikoa sortu zenean eremu elektroniko oso bat zegoela esaten hasi ziren, eta tarteka ikusi egiten zirela elektroi horiek, eta gertutik behatuz gero desagertu egiten zirela. Zulo beltzak: «Danteren infernuaren antzeko zerbait dira, ezta?». Materia beltza: «Leku batean materia asko kontzentratzen denean eta zer den ez dakigunean esaten dugu hori»; metafora bat, alegia.

Errealitatearen deskripzio horiei behatuz ohartu da Vignale: «Fisikako teoriak, neurri batean, mito antzekoak dira, denbora luzean gizartean errotu diren fikzioak alegia». Zientziaren oinarrian mitoak, metaforak edo fikzioak egoteari ez dio arazorik ikusten, hala ere: «Errealitatea, seguru asko, ez da eskuragarria guretzat. Fisikak ezin du mundu naturala den bezala azaldu, ezin dugu deskribatu hor kanpoan zer dagoen. Baina mito horiek lagungarriak dira pentsarazteko eta iragarpenak egiteko».

Aristotele pentsalariak behaketaren bidez ondorio batzuk lortu zituela azaldu du Vignalek. Baina Galileok urrunago eraman zuela behaketaren teknika hori; Galileok imajinatu zuela itsasontzi bat munduko puntu batetik abiatuko balitz, aurrera eta aurrera egingo balu, atzera puntu berera itzuliko litzatekeela. Mundua borobila zela, borobil perfektu bat, ondorioztatu zuen ideia horretatik. Ideia bat besterik ez zen, Galileok ez zezakeen froga. Baina oinarri horiek egokiak izan zitzaizkion Isaac Newtoni, mekanika klasikoaren oinarriak jartzeko.

Imajinazioa, eragile

Ideiek, imajinazioak, sormenak… mito horiek azken buruan, frogatuak ez izan arren, «ikerketa zientifikoa sustatzen dute, inspiratu egiten dute». Galileok ez zuen imajinatu ontziak lurra utzi eta espaziora egin zezakeela, adibidez. Ez zuen imajinatu, ezta ere, aurrera jarraituz gero ontziak etenik gabe jarraituko zukeela aurrera, eremu infinitu batean. Newtonek bai, eremu infinituaren mitoa imajinatu zuen. Newtonen asmakizun horrek balio izan du erabilpen zehatz askotarako: planeten mugimendua zorroztasun handiz iragartzeko, espaziora ontziak bidaltzeko… «Baina eremu infinituaren ideia hori entitate imajinario bat da berez!». Imajinazioak ikerketa zientifikoa pitz dezake, ordea.

Baina Newton ere motz gelditu zen. Partikula txikien portaera eta ekintza batzuk esplikatzeko aski ez zenez, mekanika kuantikoaren sortzaileek beste mito batzuk ekarri zituzten orduan. Izan ere, «zenbat eta behaketa hobeak egin, mito hobeak behar dira». Ikerketak gainditu egiten ditu mitoak, eta ezagutza berrietan oinarritutako ideia edo metafora berriak eskatzen. «Greziarrek ere imajinatzen zuten eguzkia gurdi bat zela!». Eremu berrietan argia egin ahala sortzen dira itzal berriak zientzian. Eta zientzialariek behar dituzte ideia berriak, imajinazioa, sormena, jakintza berriek sortutako galdera berriei erantzuteko. Asko ez dira egiazkoak izango. «Baina, inora eramaten ez badute, utziko dituzte ideia horiek alde batera. Bitartean, ikerketarako gogoa katalizatzen dute».

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude