Elkarbizitzaz gozatzeko garaia

Ilargi Agirre / 2014-05-31 / 689 hitz

Adituek diote udalekuetara bidaltzeko orduan haurrei aukeratzen utzi behar zaiela. Helburua ongi pasatzea da, eta autonomia areagotzea.

Iristear da uda garaia, eta, horrekin batera, oporrak nola antolatu pentsatzeko ordua. Udalekuak izaten dira guraso eta haur askoren aukeretako bat aisialdiaz gozatzeko garaian.

Naroa Tubilla Urtxintxako garapen pedagogikoko kideak esan du edozein erabaki hartu aurretik haurrari galdetu behar zaiola zer egin nahi duen. «Aisialdia norbere denbora librea da, eta askatasunez hautatu beharko genuke zer egin denbora horretan. Helduok erabakitzen dugun bezala, haurrek ere eskubidea dute horretarako», dio Tubillak. Iritzi berekoa da Lander Juaristi, Arrasateko (Gipuzkoa) Txatxilipurdi aisialdi elkarteko kidea. Aitortu du, ordea, beti ez dela hori gertatzen; gurasoek haurra norbaitekin utzi behar izaten dutelako erabakitzen dutela udalekuetan izena ematea. «Udalekuak haurren beharretarako pentsatuta daude, baina gurasoen beharrei erantzuten zaie askotan».

Udaleku itxiak eta irekiak daude, eta bakoitza adin tarte baterako da egokia. Iratxe Larrunbide Bizkaiko Gaztetxoen Koordinakundeko kideak udaleku irekiak gomendatu ditu 3 urtetik gorakoentzat, eta itxiak 7-8 urte baino gehiago dituztenentzat. «Haien garapen garaia hartu behar da kontuan». Txatxilipurdi elkartean, adibidez, 3 urtetik gorakoek parte har dezakete udaleku irekietan, eta 9 urtetik gorakoek udaleku itxietan.

Izena eman aurretik, gurasoek egin beharreko lehen gauza informatzea da. Udaleku mota asko daude gaur egun, eta haurraren gustuaren eta bakoitzak daraman ildo pedagogikoaren arabera hautatzea da egokiena, hiru adituen arabera.

Baina zer egin haurra lotsatia eta uzkurra den kasuetan? Haur bakoitza pertsona bat dela azaldu du Tubillak, eta pertsona guztiak ezberdinak direla. «Bakoitza errespetatu behar da, eta guztiei denbora utzi behar zaie. Lotsatia denak garapena egin beharko du, baina ez da komeni inor behartzea». Larrunbide ere iritzi berekoa da. Urratsak pixkanaka egin behar direla dio, behartu gabe eta haurraren erritmoari jarraituz. Juaristiren arabera, batzuetan ona da haurra zertxobait animatu eta bultzatzea. Uste du udalekuak aukera polita izan daitezkeela haur lotsatiei dauzkaten mugak gainditzen laguntzeko, betiere kontuan hartuta kasu bakoitza ezberdina dela.

Edonola ere, oro har esperientzia onak izaten diren arren, haur batzuei kosta egiten zaie hasieran egoera berrira egokitzea. Udaleku itxietan haur txikienek etxemina izaten dutela dio Juaristik. Horrelakoetan, askotariko esperientziak izan dituzte. Bigarren egunerako egoerari buelta ematen dioten haurrak daude, baina baita egun batzuk gaizki pasatzen egon eta gero gurasoekin itzuli direnak ere. «Gurasoei deitzen diegu halakoetan, sufritzen ikustea ez baita kontua». Udaleku bat haurren eta begiraleen «elkarlan bat» dela dio Tubillak, eta elkarbizitza guztietan gertatzen diren liskarraldiak izaten direla. «Zer gertatu den jakin behar izaten da halakoetan, eta denbora eman bakoitzari zer sentitzen duen adierazteko. Haurrei utzi behar zaie erabakitzen, eta guk bideratu egingo ditugu».

Gurasoek duten rola aipatu du Larrunbidek; haur batzuk gehiegi babesten dituztela eta horrek ez diela mesederik egiten. «Lagunak talde berean jartzeko esanez etortzen dira, adibidez. Guk esaten diegu lagunak egitera doazela».

«Aisialdi mugatua»

Hiru adituek diotenez, aisialdiari ez zaio ematen behar bezalako garrantzia. Denbora librea gozatzeko dela iritzi dio Urtxintxako kideak, eta kezkatuta ageri da egun haurren aisialdia oso mugatua delako: «Oso denbora gutxi dute. Eskolatik atera, eta eskolaz kanpoko ekintza ugari dituzte; eginkizun bihurtzen dira asko. Badirudi parkean jolastea denbora galtzea dela». Gizarteak berak haurrei eskakizunak ezartzen dizkiela gaineratu du Tubillak; hizkuntzak direla, musika dela…

Ildo beretik jo du Juaristik: «Ematen du aisialdiak eraginkorra izan behar duela gaur egun. Askatasun eta jolasteko denbora gutxiago dute haurrek». Udalekuak denbora-pasa gisa ikusten direla dio, baina horren atzean proiektu hezitzaileak daudela.

Hiru aisialdi taldeen helburua haurrei gozaraztea da eta aisialdi hezitzaile bat ematea da; balioetan oinarritutakoa, harremanak landuz eta irudimena erabiliz.

Udalekuetan haurrek asko ikasten dutela gaineratu dute hirurek. Autonomia garatzen dute, bizikidetza eta errespetua zer den ikasten dute, eta balioak lantzen dituzte —berdintasuna, kultur aniztasuna—, naturaren edota kontsumoaren aldetik. Gauak ere ikasketa handi bat izaten dira, haur askok dituzten beldurrei aurre egiteko modu bat. «Egun osoan abentura batean egongo balira bezala sentitzen dira. Bizipen berriak izaten dituzte; esperimentatu egiten dute», azaldu du Juaristik. Euskara ere aipatu du Larrunbidek. Hezkuntza ez-formaletik kanpo ere euskara erabilgarria dela jabetzen dira haien udalekuetara joaten diren haurrak.

Uda honetan eskaintza zabala izango dute hiru taldeek: udaleku itxiak zein irekiak antolatu dituzte. Urtxintxakoek udaleku piratak egingo dituzte Pasai Donibanen (Gipuzkoa). Txatxilipurdikoek bi udaleku egingo dituzte: bata Zeraingoa (Gipuzkoa) eta bestea Kosta ala kosta izena duena. Bizkaiko Gaztetxoen Koordinakundetik Oiartzunera (Gipuzkoa) joango dira astebetez.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude