Georges Perec, hastapenetan

Juan Luis Zabala / 2014-06-10 / 460 hitz

Igelak ‘Gauzak, 60etako istorio bat’ eta ‘Gizon bat lotan’ eleberrien itzulpenak argitaratu ditu.

Georges Perec idazle frantsesaren hastapenetako literatura ezagutzeko aukera ematen duten bi eleberri labur argitaratu ditu, euskarara itzulita, Igela argitaletxeak: Gauzak, 60etako istorio bat eta Gizon bat lotan. Lehena 1965ean argitaratu zuen Perecek, testuarekin Renaudot saria irabazi eta gero, Les Choses, une histoire des années soixante izenburuarekin. Gizon bat lotan, berriz, 1967an, Un homme qui dort izenburuarekin. Bien artean beste liburu bat baino ez zuen kaleratu, Quel petit vélo à guidon chromé au fond de la cour ? (1966). Itziar Diez de Ultzurrunek itzuli du Gauzak, 60etako istorio bat; Juan Luis Agirrek Gizon bat lotan.

Gauzak, 60etako istorio bat eleberriak, Perecen opera prima arrakastatsuak, oinarri autobiografiko nabarmena du. Jeromek eta Sylviek osatutako bikotea du protagonista; soziologia ikasitakoak dira biak, Georges Perec eta haren emazte Paulette Petras bezala; eta biak, Perec eta Petras bezala, Sfaxera doaz denboraldi bat pasatzera, Tunisiara.

Gazteak dira hala Sylvie nola Jerome, eta gauzak eskuratzearen bidez bilatzen dute zoriontasuna. Eleberria Karl Marxen aipu batekin amaitzen da: «Bidea egiaren partea da, emaitza bezala. Beharrezkoa da egiaren bilaketa bera ere egiazkoa izatea; egiazko bilaketa hedaturik dagoen egia da, eta barreiatutako zatiak emaitzan elkartzen dira». Kontsumismoaren gaitzespentzat jo zuten eleberria irakurle askok, baina egilea ez zetorren bat ikuspuntu horrekin. Gizarteak bera osatzen duten kideei gauza asko erakusten diela, baina horiek eskuratzeko ordaindu beharreko prezioa oso garestia izaten dela iradoki nahi izan zuen Perecek Sylvie eta Jeromeren gorabeheren bitartez.

Kafkaren aipua hasieran

Perecen Gizon bat lotan eleberria Franz Kafkaren aipu batekin hasten da: «Ez duk beharrezkoa etxetik ateratzea. Egon hadi mahaira eserita, eta entzun. Ez entzun, nahi ez baduk, egon hadi zain, besterik gabe. Ez itxaron, nahi ez baduk, egon hadi isil-isilik eta bakarrik. Mundua etorriko zaik bere burua eskaintzera, mozorroa ken diezaioan, ezin baitu besterik egin, estasiaturik hire aurrean makurtu baino».

Kontalaria bigarren pertsona erabiliz zuzentzen zaio nobela osoan bere buruari, hots, gizartetik aldendu, gizartean bizitzeari muzin egin eta, ezertaz axolatu gabe, indiferentzia erabatekoa zer den jakin nahi duen gizon bati. Gizon horrek egin nahi duena, beraz, Gauzak eleberriko bikoteak egiten duenaren alderantzizko bidea dela esan daiteke.

Gauzak, 60eko istorio bat eta Gizon bat lotan argitaratu osteko urteetan esperimentalismora lerratu zen Georges Perec (Paris, 1936-Ivry-sur-Seine, Frantzia, 1982). 1967az geroztik, Raymond Queneau eta François Le Lionnaisek sortutako Oulipo (Ouvroir de littérature potentielle) tailerreko kide behinenetako bat izan zen. 1969an La disparition argitaratu zuen, e bakar bat gabe idatzitako eleberria, eta 1972an haren kontrapuntua, Les revenentes, e beste bokalik erabili gabe idatzitakoa. La vie, mode d’emploi, Perecen lanik ezagunena eta, aditu askoren ustez, haren obraren gailurra, 1978an argitaratua da.

Perecen bi pasarte labur baino ez zeuden orain arte euskaratuta, Pamiela aldizkarian bata, Hitzen uberan webgunean bestea. Gauzak, 60eko istorio bat eta Gizon bat lotan euskarara itzulitako Perecen aurreneko liburuak dira.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.