Ikusezin, beltz, etorkin

Estibalitz Ezkerra / 2014-06-22 / 699 hitz

Beltzen, etorkinen, nazio-estatuaren bazterrera kondenaturikoaren ezaugarria da ikusezina izatea, Ralph Ellisonen ‘Invisible Man’ eta Beryl Gilroyren ‘Boy-Sandwich’ nobelek erakutsi moduan.

Gizon ikusezina naiz. Ez, ez naiz Edgar Allan Poek jarraika zituen mamuen antzekoa, ezta Hollywoodeko filmetako ektoplasma horietako bat ere. Substantziazko gizona naiz, hezur-haragizkoa, zuntz eta likido, eta adimen baten jabe ere banaizela esan daiteke. Uler bedi ikusezina naizela jendeak ni ikusteari uko egiten diolako». Pasarte horrek zabaltzen du Ralph Ellisonen Invisible Man nobela (1952, Gizon ikusezina), Richard Wrighten Native Son lanarekin batera (1940, Tokiko semea) iragan mende erdialdean afrikar-amerikar komunitatea pairatzen ari zen jazarpenaren lekukotza bortitz eta zehatza.

Horra laburbilduta nazio-estatuaren bazterretara kondenaturikoen bizi-egoera: ikusezintasuna, antzemanezintasuna, tokikoa baino gehiago kanpokoa izatea, arrotza. Narratzaileak argi uzten du afrikar-amerikarren ikusezintasun ezaugarriak ez duela mamuekin zerikusirik. Jatorrizko bertsioan, spook hitza agertzen da, mamua, agerpena adierazten duena, baina beltzak izendatzeko gutxiespen-hitza ere bada AEBetan. Philip Rothen The Human Stain nobelako protagonista (2000, Giza-orbana), Coleman Silk unibertsitate irakasle eta dekanoa, klasera inoiz agertzen ez diren ikasle batzuen harira hitz hori berau erabiltzeagatik —gerora jakingo du ikasle horiek afrikar-amerikarrak direla, eta hortik hitzaren ezegokitasuna— galduko du lana. Baina mamuaren metafora engainagarria da, eman baitezake ikusezintasuna berezko ezaugarria dutela afrikar-amerikarrek; hots, haien gorputzak eragiten duela, mamuekin gertatzen den bezala. Mamuak, ordea, ikusezinak dira hain zuzen gorputzik ez dutelako; bestalde, beltzak, gainerako gizakiak bezala, materia solidozko izakiak dira. Ez, haien ikusezintasuna ez dago haien gorputz edo balizko gorputzik ezari lotuta; haiei zuzendutako begiradak ekoiztua da. Begirada horrek ez du ikusten, edo, hobeto esanda, ikusi ikusten du, baina ez du antzeman nahi aurrean duena.

Ellison jaio zela ehun urte bete direla ospatzen dabiltza haren jaioterrian (uste zabaldua da egilea 1914koa dela, baina egiazki urtebete lehenago jaio zen), Oklahoma Cityn, eta idazleak bizitzako urterik gehien igaro zuen hirian, New Yorken, iragan martxotik. 730 Riverside Drive kalean, New Yorkeko Harlem auzoan zuen etxebizitza parean, monumentu bat dago orain Ellisonen omenez. No longer the ‘Invisible Man’ 100 years after his birth tituluarekin (Jadanik ez da gizon ikusezina bere jaiotzatik ehun urtera) zabaldu zuen komunikabide publiko estatubatuar batek mendeurrenaren albistea, Ellisonek berak denborarekin lorturiko arrakasta eta ospea bere nobela ezagunean salatzen zuen egoera gainditua den seinale balitz bezala.

Aitzitik, idazleak AEBetan zein nazioartean duen onespen maila ezin hobeto azaltzen du Spike Leeren Do the Right Thing filmean (1989, Egin ezazu zuzena dena) Mookie afrikar-amerikarrak eta Pino italiar-amerikarrak duten solasaldiak. «Beltzak hainbeste gorrotatzen badituzu, nolatan dira Michael Jordan eta Dwight Gooden zure jokalaririk gogokoenak?», galdetzen dio Mookiek Pinori. Honek zera erantzuten du: «Ezberdina da». Mookiek, «nolatan? Biek beltz izaten jarraitzen zuten azkenekoz ikusi nituenean». Pinok, «niretzat ez dira beltzak. Onenak dira, ezin hobeak dira. Ez ditut beltz moduan ikusten. Ezberdinak dira». Mookiek, «gaixotzekoa da. Partidara zoaz, eta jokalari beltz bat animatzen duzu. Partidatik bueltan etxera zatoz, eta gutxiespeneko-hitz posible oro erabiltzen duzu nire kontra».

Beltz batzuk hobeak dira, desiragarriagoak, beste batzuk baino. Etorkinen inguruko eztabaidetan bezala. Etorkinaren desiragarritasuna haren azal-kolore, erlijio zein jatorriaren inguruko (aurre)iritziei lotuta dago. Berdin du zenbat urte igaro dituzten herrialdean hark zein haren ondorengoek, (aurre)iritzi horiek une oro gogoraraziko baitiete ez direla tokikoak. Beryl Gilroyren Boy-Sandwich nobelako (1989) pertsonaiei gertatu moduan. Nobela Simon eta Clara Graingerren etxegabetzearekin hasten da. Haren iloba Tyronek esaten digu aitaita-amamak «mamuzko irudi biren» antza dutela, bankuko ordezkarien aginduz etxea hustu eta irain arrazistak botaka ari zaien etxe aurrean bildutako jende taldearen aurretik igarotzean. Herrialdera iritsi zirenetik, ongi etorriak ez zirela ikusita, Clara eta Simonen estrategia izan da beren presentzia ez nabarmentzen saiatzea. Mamu bihurtu ziren erabaki propioz, inguruak bultzatuta. Mamuen moduan bizi izan dira berrogei urtez, gogor lan eginez eta inorekin sartu gabe. Haien seme-alabek eta ilobek ez dute beste herrialderik ezagutzen; Ingalaterran jaio eta haziak izan dira. Eta, hala ere, kontinentearen eta Irlandaren artean den irlari ezin diote etxe deitu. Hiru belaunaldi geroago, Graingerdarrak oraindik etorkin dira.

1960ko hamarkadan Enoch Powell politikariak esan zuen Commonwealthetik Britainia Handira joandako etorkinak ez zirela «Ingalaterran jaiotzeagatik ingeles bihurtzen. Legearen arabera, jaiotzez bihurtzen da [etorkina] Erresuma Batuko herritar, baina egiazki Mendebaldeko indiarra edo Asiakoa da oraindik… Naturaren ordenaren arabera, herrialde bat galduko du beste bat irabazi gabe». Powellen ikuspuntuarekin bat datoz asko, eta ez dago iraganera, Amerikako Estatu Batuetara edo Ingalaterrara joan beharrik horren froga aurkitzeko. Duela gutxi ez hain urrun botatako hitzek antzeko mezua zekarten.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude