Ikusten ez denaren arkeologoa

Iñigo Astiz / 2014-06-25 / 654 hitz

Ikusezina ikusgarri bilakatzea. Horixe, Michel Foucault pentsalari frantziarraren asmoa. Jakintza eta boterearen arteko harremanak aztertu zituen horretarako, eta XX. mendeko bigarren erdiko pentsalari nabarmenetariko bat bilakatu zuen horrek. Hil zenetik 30 urte beteko dira gaur.

Bizitza itsasoan igeri pasatu duten arrainena izan daiteke adibidea. Zahartu dira bi arrainak azkenerako, eta, hil aurrean, galdera egiten dio batek besteari: «Zure ustez, zer kolorekoa da ura?». Harrituta, besteak: «Zer kolorekoa den, zer?». Gizakion bizitza gobernatzen duten hari ikusezin horiei begira eman zuen bizitza Michel Foucault pentsalari frantziarrak (Poitiers, Frantzia, 1926-Paris, 1984). Ura esplikatzen. Jakintzaren eta boterearen arteko harreman sare konplexua aztertu zuen bere lanetan, eta horrek eman zion itzala. Beren burua neutro itxuraz ageri duten erakundeen atzean dagoen motibazio politikoa azaleratzeko saio horrek. XX. mendeko bigarren erdialdeko pentsalari nagusietariko bat bilakatu zuten espetxe munduari buruzko Zaindu eta zigortu liburuak, giza zientziei buruzko Hitzak eta gauzak lanak eta Sexualitatearen historia bildumak. Gaur 30 urte hil zen, hiesari lotutako gaixotasun baten ondorioz.

«Ni saiatzen naiz diagnostikatzen, orainaren diagnostikoa egiten: gaur gu zer garen esaten, eta gaur zer zentzu duen garen hori esateak». Ikusten ez den horren arkeologo izaten saiatu zen Foucault, eta filosofiari, historiari, soziologiari, eta psikiatriari hartu zizkion horretarako tresnak.

Uko egiten zion beti bere buruari buruz eta bere motibazio pertsonalei buruz hitz egiteari, baina bere lan guztiak «autobiografia puska» gisa har zitezkeela iradoki zuen. Azken batean, bere buruari ere azaldu beharra zion inguruan sumatzen zuen ura. Eta hala, bere homosexualtasunari buruzko printzak atzeman daitezke sexualitateari buruzko lanetan; zoroetxean emandako sasoien oihartzuna igar daiteke zoramenaren historiari buruz idatzitako hitzetan; eta igar daiteke bestelako gizarte bat sortzeko zuen nahia botereari buruz egin zituen gogoetetan ere.

Eraitsi beharrean, eraiki

Erreferentziazkoa da Foucault medikuntzan, zuzenbidean, filosofian, psikologian eta sexologian. Gizarte zientzietan munduan gehien zitatutako egilea zela esan zuten 2007an, The Times Higher Education Guide aldizkarian. Baina dena ez da lore. Gogor kritikatu dute haren lana. Historikoki baldar aritzea egotzi diote, ilun idaztea, eta baita gaizki zahartu izana ere. Eta garratza da Noam Chomskyk egindako gogoeta. Eraitsi nahi zuena eraikitzen lagundu izana egotzi zion frantziarrari orain ez asko. 2003koak dira haren hitzak: «Kasu interesgarria da Foucaultena, zeren eta benetan sinetsita nago berak boterea ahuldu egin nahi zuela, indartu baino ez zuten egin bere idatziek, nire ustez».

Foucault eta Chomsky. Ezaguna da 1972an bi pentsalariak batu zituen elkarrizketa. Tunel bat eraikitzeko mendi bera zulatzen duten bi langileren modura deskribatu zituen Fons Elders moderatzaileak. Bakoitza mendiaren alde banatik, bakoitza bere tresnekin, eta topo egingo duten jakin gabe. Ederra da deskribapena. Ederra eta ona. Izan ere, batera baitoaz zenbaitetan solasaldian bi idazleak, baina mendiaren alde banatan jartzen dira atzera zenbait unetan. Gizakiaren berezkotasunari buruzko eztabaida pizten denean, adibidez. Justizia eta berdintasuna merezi dituen gizakiaren jatorrizko izate baten alde mintzo da Chomsky. Gizakiaren jatorrizko izate horren aurka Foucault. Historikoa zen harentzat subjektua. Eraikitako zerbait. Itsasoak moldatutako arraina, alegia.

Bestelako indibidualtasuna

Baina aldatu egin zuen jarrera azken urteetan. Hori dio Xabier Apaolazak Foucaulten hainbat testu biltzen dituen Gizakiaren heriotzaz liburuko hitzaurrean (Jakin). «[Bere azken lanetan] nahiz eta beti boterearen sarean murgilduta izan, hala ere subjektuak badu nolabaiteko burujabetza bere burua taxutzeko». Hau da: itsasoak itsaso, arrainak baduela beretik ere zerbait. Eta bada aldaketa horren frogarik liburuan. 1982ko Foucaultenak dira hitzak: «Geuri gaur egun dagokigun arazo aldi berean politiko, etiko, sozial eta filosofikoa, ez da gizabanakoa Estatutik eta bere erakundeetatik askatzen saiatzea, baizik geuk geure burua askatzea Estatutik eta berari lotzen zaion indibidualizazio motatik. Subjektibotasun molde berriak sustatu behar ditugu, hainbat mendetan barrena ezarri zaigun indibidualtasun era arbuiatuz».

Ez da hori euskaraz irakur daitekeen Foucault bakarra, ordea. Hor daude Historiaz mintzo, Foucault eta Bensaïd artikulu bilduma (Jakin), eta Klasikoak bilduman kaleratutako Jakitatearen arkeologia liburua ere.

Horietan ageri da Foucaulten asmoa. «Saiatu naiz egiten, estilo bistan da poxi bat berezian, historia bat ez pentsamenduarena oro har, baizik ‘pentsamendua duen’ ororena kultura batean, pentsamendua ageri duen ororena. Zeren bada pentsamendua filosofian, baina orobat eleberri batean, jurisprudentzia batean, zuzenbidean, are administrazio sistema batean, espetxe batean». Horixe, berak azaleratu nahi zuen ura.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.