Modernoak

Anjel Lertxundi / 2014-06-10 / 112 hitz

Estitxu Garaik euskarazko publizitatea du aztergai, eta kontu interesgarri askoren artean, zera diosku azkeneko Argian: «Jendeak uste duenaren kontra, zenbait testuingurutan euskarak modernotasuna iradokitzen du, gazteen hizkuntza delako». Baina euskara azken orduko eginkizuna bada, ez omen da harritzeko euskararekin zerikusia duten produktuak «kaskarrak izatea» (iragarkiez ari da Garai, baina perspektiba zabal daiteke euskararen espektro osora).

Lehen mailan jokatzen duen jendea daukagu, euskaraz hazi eta hezitako gazte jende jantzia, zernahirekin konformatzen ez den publikoa, kalitatea estimatzen eta eskertzen duena, munduari euskaratik eta euskaraz begiratzen segitu nahi duena. Baina gure gizarteko sektore askorentzat —erakundeetan, produkzio katean, hedabideetan, publizitatean…— euskara azken orrialdeko azken lerroan apuntatzen den eginkizuna da. Nahiago dute modernoarena egin… modernoak izan baino.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.