%99,9 amonen zientzia

Izortze Santin / 2014-09-21 / 214 hitz

Orain gutxi jakin izan dugu Maiatzeko Plazako Amonak elkarteko lehendakari Estela de Carlottok biloba aurkitu duela, haren bila luzaroan ibili eta gero. Guido orain dela 36 urte banandu zuten familiatik, garai horretan Argentinan indarrean zegoen diktadurak ama erail eta bera desagerrarazi zuelarik.

Hasieratik Amonek zailtasun handiak izan zituzten beraien biloben bilaketan, ustezko bilobak aurkitzen zituztenean ez baitzuten modurik senidetasuna frogatzeko. Baina 1979. urteko goiz batean, Maiatzeko Plazako Amonek El Día de la Plata egunkarian haien esperantza piztu zuen berri bat irakurri zuten: «Odol analisi baten bidez, aitatasuna ukatzen zuen gizon bat ume baten aita dela frogatu dute». Momentu horretan, Amonei otu zitzaien beraien bilobak identifikatzeko analisi hori erabiltzea, eta, egunkari-zatia eskutan zutela, mundu osoko zientzialariekin bildu ziren.

Aditu ugari kontsultatu eta gero, New York-eko Blood Center-eko Allen doktoreak Amonatasun Indizea deitutako ikerketa egin eta, odol analisien bitartez, %99,9ko probablitatearekin amonatasuna frogatzen zuen metodoa diseinatu zuen. Hasieran, metodoa odol-taldea, RHa eta histokonpatibilitatearen analisian oinarritzen zen, baina 90eko hamarkadan garatutako metodologia berriek material genetikoa erabiltzea ahalbidetu zuten. Era horretan, DNA probek desagertutako biloben identifikazioa erraztu egin zuten.

Guido de Carlotto aurkitutako 144. biloba da, baina oraindik 400 haur inguru identifikatzeke daude. Maiatzeko Plazako Amonen kemena eta genetika bat eginez, desagertutako haurren identifikazioan aurrera egingo da seguru, diktadurak apurtutako familien mina baretuz, baina gertatutakoa inoiz ahaztu gabe

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.