Erentzingo paramoudrak

Mikel Arrizabalaga / 2014-09-02 / 500 hitz

Jaizkibelgo magalean erromatarrek erabili ohi zuten Erentzingo portutik gertu, ‘paramoudrak’ izeneko egitura bitxiak ikus daitezke.

Gipuzkoan dugun Jaizkibelgo itsasertza naturaren altxorrik preziatuenetako bat da, itsasoaren eta mendiaren kolore berde eta urdinek bat egiten duten leku basati eta erakargarria. Club Vasco de Camping (CVC) elkarteak urtetan egin duen lan eskergari esker, etxe ondoan dugun naturgune bikain honetan dauden hondartza, labar, kolore, portu, belardi eta abarrez gozatzeko aukera paregabea dugu. Pasai Donibanetik Higer itsasargiraino hedatzen den Jaizkibelgo itsasertzean hamaika bazter eta zoko harrigarri ikus daitezke, mendeetan naturaren indarrek zizelkatu dituzten forma eta irudi harrigarri bezain ikusgarriak. lbilaldi horretan, Jaizkibelgo hareharrian paramoudra izeneko egitura bereziak ikusiko ditugu, munduan hobekien kontserbaturik dauden kontzentrazio ugari eta handiena. Ohiko ibilbideetatik aparte, ezkutuan gordetzen diren geoforma berezi hauek ikusi ahal izateko, harrizko hondartza bilatu eta zapaldu ostean, gure imajinazioa dantzan jarriko dugu.

Erentzingo portua

Lezo eta Hondarribia lotzen dituen Jaizkibelgo errepideko 11. eta 12. kilometroen artean dagoen lurrezko aparkalekuan ibilgailua utzi, eta eskuinetik ateratzen den pista zabala hartuko dugu. Berehala iritsiko gara Aierdiko parajeetara, Talaia bidearekin bat eginez. Han dagoen Camino Forestal a Gastarroz izena duen errotarriaren ondotik jaisten den lurrezko pista zabaletik azkar jaitsiko gara karabineroen etxea izan zen Erentzingo kuartelaren ondora. Bide erosoak kostara gerturatuko gaitu, eta buelta luze bat eman ostean, Erentzingo portura helduko gara. Jaizkibelgo itsasertzean dagoen badia eta hondartza polit hau garai batean erromatarrek erabili zuten, eta gaur egun urpekarientzat paradisua bilakatu da. Alga biltzaileek erabili ohi zituzten hainbat eraikin ere antzeman daitezke inguruotan. Ingurune liluragarri honetaz gozatu eta gero, Club Vasco de Campingek bi marra zuriz balizatu zuen xenda bilatuko dugu, eta handik Erentzingo Zabalera iritsiko gara.

Erentzingo Zabala

Bat-batean, gure mendean paramoudra izeneko egitura bitxien munduko kontzentraziorik handiena ikusiko dugu. Oso-osorik ikusi ahal izateko, marea behean egotea komeni da. Xenda utzi, eta hara jaitsiko gara. Esferiko eta biribildu itxura hartzen duten geoformak bitxi hauek gure imajinazioa dantzan jarri eta hainbat forma irudikatuko ditugu: dortokak, arrautzak, anforak, esponjak… Silize-konkrezioak diren paramoudrak tamaina handikoak dira, eta organismo baten gordelekuaren fosil-aztarna baten inguruan antolaturik agertzen dira (icnofosilak). Egitura horiek guztiek 5 mm inguru duten hodixka bat izaten dute barrenean, eta haren barruan espikula izeneko beste egitura txikiago bat. Hareharriaren hondar aleak batzen dituen kaltzio karbonatoak disolbagarritasun handia duenez, euri urak eta itsasoko brisa hezeak erraz disolbatzen dute, eta ondorioz, hareharria hondar ale txikitan barreiatzen da. Geoforma izenez ezagutzen diren silize kontzentrazio hauek bikainak eta kasik perfektuak dira. Jaizkibelgo itsasertzeko ingurune harrigarri bezain liluragarri honi hamaika argazki atera ondoren, zabalgune arrokatsutik aurrera segitu eta itsasertzeko kobazulo harrigarrienaren irekidura ikusi dugu. Mari Aiako Harritik honaino zetorrela dio elezaharrak.

lbilbide zirkularra ixteko xenda balizatura itzuliko gara, eta Bioznar lurmuturrerantz joko dugu, Kantauri itsasoan gehien barneratzen den lurmuturrera hain zuzen ere. Labar txiki baina bertikalen gainetik marrazten den xendak Talai bidearekin bat egiten duen lekuan, Bioznar ezkerrera utzi eta maldan gora abiatuko gara itsasotik urrunduz. Pista zabalak Aierdira eramango gaitu, baina lehenago aldapa piko eta belartsu batek gure ibilaldia laburtu egingo du hasieran, jaisteko erabili dugun lurrezko pista zabalera igoz. Apenas kilometro bat eta abiapuntura itzuliko gara.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude