Irailaren 11ren osteko giro ez-abegikorra

Estibalitz Ezkerra / 2014-09-14 / 753 hitz

New Yorkeko World Trade Centerren kontrako erasoaren ostean sortutako literaturaren barruan dago Mohsin Hamiden ‘The Reluctant Fundamentalist’ nobela, orduko gertakarien gainean gogoeta egiten duen lana .

Iragan maiatzaren 21ean ireki zituen ateak Irailaren 11ko Museo Nazionalak New Yorken (AEB), World Trade Center, Dorre Bikiak zirenak kokaturik zeuden orube berean. Duela hiru urte zabaldutako memorialarekin batera, 2001eko irailaren 11n aipatu eraikinei egindako erasoa eta hark eragindako biktimak (3.000 inguru) omentzen ditu museoak, suntsitutako eraikinetatik berreskuratutako objektuen zein museorako propio egindako artelanen bidez. Eraikitze prozesutik bertatik polemikak inguratuta egon da museoa, eta haren irekierak kritikak apaldu baino areagotu egin ditu. Irailaren 11ko gertaerak testuinguru zabalago batean gogoratzeko aukera galdu izanaz kexu dira hainbat, asteon hamahiru urte bete dituen gertakaritik zerbait ikasteko aukeraz baliatu beharrean, berriro herrialdearen apartekotasuna indartzera jo dutelako AEBetako eragile politiko eta sozialek.

Irailaren 11ko erasoen oroipena, baina, ez dago museoari esklusiboki lotuta. Hura diseinatu baino askozaz lehenagotik hasi zen gertaeren gaineko literatura bat garatzen eguneko gertakarien zein haren osteko kontuen gainean; tartean AEBek etxean zein nazioartean baliatutako politika jazartzaileaz gogoeta egiten duena. 2002tik hona Irailaren 11ren osteko literatura izendapenaren barruan kokatu ohi diren lanen artean interesgarrienetako bat Mohsin Hamiden (Lahore, Pakistan, 1971) The Reluctant Fundamentalist (2007, Fundamentalista uzkurra) dugu, Dorre Bikien suntsiketa AEBetara ikasle joandako pakistandar gazte baten ikuspuntutik kontatzen duena.

Lahoreko (Pakistan) kafetegi batera eramaten gaitu The Reluctant Fundamentalist nobelari hasiera ematen dion pasarteak. Han dira Changez izeneko pakistandar gazte bat eta haren solaskidea, estatubatuar ezezagun bat. Changezek solaskidearen konfiantza irabazi nahi du. Pakistanera etortzeko arrazoiak zeintzuk diren ez dakien arren, haren egonaldia ahalik eta erosoen izaten lagundu nahi dio. Berak ere ondo daki zer den lurralde arrotz batean egotea, eta, AEBetan bizi izandakoa denez, uste du bisitari ezezagunarentzat gidari egokia izan daitekeela. Bisitariak ez du ezer esaten, baina, haren aurpegian AEBetako egonaldiaren aipamenak jakin-mina piztu duela igarriz, ordukoak kontatzen hasiko zaio Changez.

Princeton unibertsitatean Finantzak ikasteko beka batekin heldu zen Changez AEBetara. Aise burutu zituen ikasketok, gazte langile eta argia baitzen orduan pakistandarra. Lana ere berehala topatu zuen, Underwood Samson aholkularitza konpainian analista moduan aritzeko. Garai berean ezagutu zuen Erica izeneko idazlegaia; minbiziak jota hildako aurreko mutil-laguna burutik uxatu ezin duena, eta, hala ere, Changez bere neska-lagun bihurtzen tematu zena, sufrimendu etengabea eragin bazion ere.

Bestelakoa zen laneko giroa. Lankideen zein enpresa buruen errespetua irabazi zuen bere lan etikarengatik, eta bere gainbegiralea, Jim, potentzial handiko gaztea zela iritzita, ardura handiko lanak ematen hasi zitzaion. Lan horietako batek Txilera eraman zuen bere enpresak erosi berria zuen argitaletxe txiki baten giza baliabideak kudeatzera; hots, langileak kaleratzera. Han zela gertatu zen World Trade Centerren kontrako erasoa, eta horrek gogoeta eginarazi zion piztutako paranoia maila pertsonalean zein profesionalean jokatzen ari zen rolaz. Changezen ustea zen inperio estatubatuarraren zerbitzari bilakatua zela, Jimek behin eta berriro gogorarazitako oinarriak (enpresaren interesak babestu) jarraitu eta betearaztera derrigortuta zegoela bere borondatearen kontra, eta horrek Txilen zein jaioterrian AEBak burutzen ari ziren gehiegikerien konplize bihurtzen zuen.

Txileko lana bete gabe, New Yorkera itzuli zen Changez, eta, horren ondorioz, lana galdu zuen. Bere egoera ekonomikoak nolabaiteko babesa ematen bazion ere, Irailaren 11ko gertaeren ostean pakistandarrekiko eta, oro har, musulman itxurako ororen kontra piztutako mesfidantza jasanezina zela iritzita, Lahorera itzultzea erabaki zuen, hiriko unibertsitatean irakasle aritzeko.

Bere gorabeheren kontaketa amaituta, bisitariak poltsikotik zerbait, distira metalikoduna duen objektua, ateratzeko keinua egiten duela ohartzen da Changez. Negozio txartelak gordetzeko kutxa izatea espero du, baina arma bat ere izan daitekeen susmoa dauka. Azken batean, ez dakigu bisitari estatubatuarra nor den: galduta dabilen turista ala Changez atxilotzera etorritako CIAko agentea. Horren gainean ezer argitu gabe bukatzen da nobela.

Ostalari vs ostatu hartzaile

The Reluctant Fundamentalist Mendebaldeko genero literarioen arabera interpretatua izan da gehienbat, baina nobelak badu kulturalki espezifikoa den zerbait, Mendebaldeko munduari ulertzen kosta egiten zaiona: abegikortasun printzipioa. Jacques Derridak idatzi du abegikortasunaren kodeaz, mundu judeokristautik ia desagertu baina zenbait kultura musulmanetan oraindik indarrean denaz. Frantsesez, ostalari eta ostatu hartzaile kontzeptuak adierazteko, hitz bera erabili ohi da: l’hôte. Horrek adierazten du, Derridaren arabera, abegikortasun printzipioaren dinamika: ostalariak ostatu hartzailearekiko zor etiko bat dauka, bata eta bestearen tokia aldakorrak direlako (bata bestea bihur daiteke edozein unetan). Abegikortasun printzipioak gidatuta daude Changezen ekintza guztiak: AEBetara iristen denean herrialdeak behar bezalako ostalariak legez jokatuko duela espero du, hari babesa eta laguntza emanez, baina, horren ordez, giro lehiakor, indibidualista eta hotza aurkituko du. Ericarekin duen harremanak argi uzten duen bezala, Changezek ezin du AEBek besteaz duten irudia, mamua, ordezkatu. Lahorera bueltan, bisitari ezezagunarekin behar bezalako ostalaria izaten saiatzen da Changez, baina ez dakigu bisitariak ostatu hartzaile on legez jokatuko duen ala Changez traizionatuko duen, Mendebaldeak Ekialdearekin jokatu izan duen bezala.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude