Lehen eskola egun hori!

Iratxe Ramirez / 2014-09-14 / 398 hitz

Nork ez daki nolakoa izan zen bere lehenbiziko eskola eguna, amatxoren edo aitatxoren esku oratua utzi eta irakaslearengana igaro ondoren, gela polit baina arrotzean bakarrik, ordura arte beti alboan izan zituenengandik aparte, geratu zen unea? Oroitzapenean, ziur aski, ez zaigu arrastorik geratzen, baina jakin badakigu, aitatxok edo amatxok behin baino gehiagotan esan digulako edo guk geuk galdetu dugulako. Are gehiago guraso berriek. Haurra lehenbiziko aldiz ikastolara eraman aurreko egunetan, gaia hizpide hartuta, norbaitek oroitaraziko zien nolakoa izan zen beren lehen eguna.

Urtero bezala, iraileko lehenbiziko egun hauek gure seme-alaben lehenbiziko eskola egunak izan dira. Egun horiek berebiziko garrantzia dute, familiaren babes eta goxotasunetik urrun dagoen espazio batean sartu baita haurra, eta espazio hori eta han izango duen erreferentzia nagusia, irakaslea, eta izango dituen kide berriak asimilatu beharko ditu. Zubi bat eraiki behar da espazio eta giro ezagunak eta orain arte ezezagunak izan diren horiek lotzeko. Egokitzapena deitzen diogu zubi horri.

Dena azkar egitera behartzen gaituen gizarte honetan, ez dira beti ondo ulertzen irailean egiten diren egokitzapen programak. Familientzako buruhaustea izaten da etxeko eta laneko erritmoak antolatzea Ikastolak eskatzen duen egokitzapena aurrera eramateko. Baina lerro hauetan ez dugu gatazka hori aztertuko; aitzitik, haurrek dituzten beharrak eta Ikastolak bermatu behar duen haurraren ongizatea lortzeko egokitzapenaren beharraz arituko gara.

Ikastolara lehen aldiz joaten den haur batek ez du gurasoengandik banatzeko beharra ulertzen; etxeko segurtasunetik beste gune ezezagun batera doa. Egoera horretan urduritasuna eta beldurra sortzea ohikoa da. Hori dela-eta, Ikastolak, egokitzapen programarekin, haurraren etxeko giroaren eta topatuko duenaren artean zubia eraikitzeko helburua lortu beharko luke.

Bestalde, egokitzapen aldia edo aurretik aipatutako zubia ezin da berdina izan haur guztientzat (nahiz eta talde berean egon), haur bakoitzaren erritmoa bakarra delako. Haur Hezkuntzaren ibilbidean, egokitzapen programak haur bakoitzaren erritmoa errespetatu beharko du.

Argi dago momentu garrantzitsua dela haurrentzat, mundu berri bat ezagutzeko lehen urratsa delako; baita familiarentzat ere, etxeko eta laneko erritmoak moldatu behar dituztelako; eta, zer esanik ez, Haur Hezkuntzako profesionalentzat ere garrantzitsua da une hau, lan zaila eta zehatza baitakarkie.

Beraz, denbora eman behar diegu haurrei; egokitzeko duten gaitasunean sinetsi behar dugu, eta hasieran aipatu dugun erritmo bizkorreko bizimoduari galga jarri behar diogu.

Gure aldetik, azken hausnarketa: gure haurrek aukera bakarra izango dute lehen eskolaratze egoki bat bizitzeko. Esperientzia positiboa izateko, Ikastolako profesionalok haurren erritmoa errespetatzen duten plangintzak egiteko ardura dugu, eta familiak (erreferentziako pertsonak), etxeko haurrak beharrezkoa duen egokitzeko denbora eskaintzeko ardura. Modu horretan, eskolaratzeko esperientzia denontzako momentu magikoa izango da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.