«Zertarako ikasi hizkuntza puta hori?»

Gaizka Aranguren / 2014-09-16 / 385 hitz

Aspaldi erori zitzaion mozorroa elebitasun orekatuari. Oraindik ere bi hizkuntzen arteko bizikidetza orekatua aldarrikatzen dutenak badira, baina jarrera politiko hutsa baizik ez da. Normalean, nagusi den hizkuntzaren aldeko hautu kontziente edo inkontzientea salatzen duena.

Europako txoko honek pilatzen dituen gaitasunen artean, bada bat, gaur arte behar bezala baliatu ez duguna: haurtzarotik lau hizkuntza menperatzen duten pertsonak hezteko aukera paregabea.

Ama hizkuntza euskara, frantsesa, espainiera edo bertzeren bat izanik, hezkuntza sisteman barneratu bezain laster bi hizkuntzen soinuak jaso ditzakete gure haur gehienek (Nafarroa Garaiko hegoaldeko, Lapurdiko, Baxenabarreko eta Zuberoako haurrek zailtasun handiagoz). Betiere, gurasoek bere haurrari euskara ikas dezan eragotzi nahi ez baldin badiote.

Bere lurraldean hegemonikoa izan dadin nahi badugu, euskara lehenetsiko dugu gure haurraren bizitzaren hautu guztietan. Bide horretan, ordea, ezinbertzekoa da euskarak hizkuntza hegemonikoaren estatusa ukan dezan eta, zoritxarrez, hori ezinezkoa da legez hizkuntza nagusi gisa ezartzen ez bada. Duela egun gutxi batzuk @ikerAraotz-ek txio batean zioen bezala:

«-Zertarako ikasiko dut nik hizkuntza puta hori?

-Hizkuntza jakin ezean putak pasa beharko zenituzkeelako».

Euskararen lurraldeetan euskara hegemoniko izatea xede nagusia izanik, Europako gune eleaniztunena eraikitzeko asmoari ekiteko une oro beharko dugu aintzat hartu hizkuntzen arteko harremana krudela dela. Basapiztien izaera naturala bezala. Hizkuntza bakoitzaren indarra bere hiztun komunitatearen indar ekonomiko, militar eta kulturalaren araberakoa da. Horregatik mintzo dira espainolez, portugesez eta ingelesez Ameriketan.

Hortaz, balea urdina edo katamotz iberikoaren kasuetan bezala, galtzeko arriskuan dauden hizkuntzekiko babes politikak ez dira naturalak, baina beharrezkoak dira hizkuntza aniztasuna bioaniztasunaren parekotzat joz gero.

Hizkuntzen arteko harremana krudela da. Handiak txikia jan ohi du. Txikiak bere burua defendatu behar izaten du, ahal bezain bertze baliabideekin. Unean uneko tresna eraginkorrenekin. Bide horretan, indar ekonomiko ñimiñoa eta indar militarrik ez duen gurea bezalako herri bati, kulturalki indartsua izatea baino ez zaio gelditzen (ekonomikoki ahal bezain indartsu bilakatzeko asmoari uko egin gabe). Ildo horretatik dator, euskara oinarri, euskaldunok 22 urterekin lau hizkuntzetan bederen komunikatzeko gai izatearen aldeko apustua; betiere, euskararen erabateko ezagutza erabat bermatuz hasieratik. Horretarako, edukien ikasketak atzeratu behar badira edo murriztu behar badira, murritz daitezela.

Egungo gizarteak ez du edukien ezagutza lehorrik eskatzen, hizkuntza desberdinetan lorgarri diren edukien arteko gurutzaketa egiteko gaitasuna eta, horretan oinarrituz, norbere edukiak proposatzeko gaitasuna baizik.

Kulturaren esparruan espezializatutako Europako txoko eleaniztun honek zeresan handia izanen luke balio erantsi handiko ekonomiaren hainbat esparrutan.

Euskaldunak: 22 urterekin, ingelesez, espainolez eta frantsesez (erraterako) hitz egiteko gai diren europarrak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.